EAEko langileen %58 eguneratutako lan-hitzarmenpean ari da lanean

%4,6en kasuan, baina, hitzarmena iraungita dago, eta hitzarmen baten babesa ez duten 28.000 langile inguru etxeko langileak dira

Malaga, gaur goizeko agerraldian | Argazkia: utzitakoa Malaga, gaur goizeko agerraldian | Argazkia: utzitakoa

Lan Harremanen Kontseiluak Egoera Ekonomikoa eta Lan Harremanak EAEn txostena aurkeztu berri du gaur goizean Bilbon. Horretan jasotzen denez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako langileen %58,3 ari da lanean lan-hitzarmen batek babestuta, "2023 amaieran eta 2024 hasieran sinaturiko hainbat hitzarmenei esker". Zifra horrek ez ditu barnebiltzen sektore publikoan aritzen diren langileen hitzarmenak, baina 2012ko lan-erreforma indarrean jarri zenetik zifra onena dela adierazi du Emilia Málaga Pérez kontseiluko presidenteak. Halaber, gaineratu du, kontuan hartzekoa dela hitzarmen horietako asko hainbat urteetarako direla: langileen %91,5ek 3 urte edo gehiagorako akordioak izenpetzen dituzte.

Gainontzeko langileei dagokienez, %37,1 luzatu diren edo berritzeko pendiente dauden hitzarmenpean ari dira lanean, eta "soilik %4,6" dabiltza iraungitako hitzarmenpean. Bestalde, 34.424 langile dira hitzarmena indargabetuta dutenak, edo estaldurarik gabe daudenak. %7 dira, beraz, gutxi gora behera, eta gehienak, 28.000 inguru, etxeko langileak.

2024ko lehen bost hilabeteetan sinaturiko hitzarmenak hartuz gero, ikus daiteke 41.494 langileren egoera estaltzen dutela, tartean Osakidetzako Garbiketako Enpresa Emakiduneko ia 2.600 langileena eta Gipuzkoako Bide Garbiketako eta Esku Hartze Sozialeko ia 3.000 langilerena. Iraungita zeuden baina berritu diren hitzarmenei dagokienez aipa daitezke Gipuzkoako Sukaldaritza-arloko hitzarmena, Bizkaiko Larruaren eta Oinetakoen Merkataritzakoa edota Arabako Elikadurarena.

Aipatzekoa da negoziazio kolektiboak lan-kontratua duten soldatapekoen %92,4ri eragiten diola EAEn, %55,8 gizonak eta %44,2 emakumeak izanik.

Lautik hiruk sektoreko hitzarmena

Txostenean jasotzen denez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako langileen gehiengoa sektoreko negoziazio kolektiboaren menpe daude. Zehazki, %74,6 dira, eta %25ek baino ez du enpresa-hitzarmen jakina. Bestalde, %71,9 EAEn bertan negoziatutako akordioak dira, eta %28,1 Espainia mailakoak. Perezek adierazitakoaren arabera, "azken urteotan, gure
negoziazio-eremuak nabarmen errekuperatu dira, eta, horri esker, hitzarmenak iraungita zituzten langileen kopurua nabarmen murriztu da, eta EAEn negoziatutako hitzarmenen eraginpeko langileen kopurua handitu egin da".

Hori hala izanik ere, aldaketak atzeman dira: 2023 amaieran 2012ko lan erreforma aurretik erkidekogoan adostutako hitzarmenpean zeuden 34.838 langile egun Espainia mailako hitzarmenek babesten dituzte.  Gainera, aipatzekoa da negoziazio kolektiboa gauzatzeko behar den egun kopurua, mahai eratzen denetik akordioa sinatzen den arte. Izan ere, batez beste 20 hilabete baino gehiago igarotzen dira, 624 egun, eta 2006-2010 urte artean denbora hori bikoiztu egin zen.

Soldatak %3,38 gora

Soldatei erreparatuta, batez beste %3,38 egin dute gora. Hor ere aldeak dira EAEn negoziatutakoen eta Espainian negoziatutakoen artean: lehenengoetan, %3,61 hazi dira; bigarrenetan %2,84. Bestalde, Gizarte Segurantzako afiliatu kopuruak ere gora egin du. 1.019.773 afiliatu gehiago zenbatu ziren ekainean, 2023ko hilabete beran baino %1,7 gehiago eta 2019koan baino %4,8 gehiago. Langabezia-tasa %7,9an kokatu zen 2024ko lehen hiru hilabeteetan, 2009ko zifratik oso hurbil (%7,7).

Kontratu motari dagokionez, gehiengoak %80,7k kontratu mugagabea zuten.

37 orduko lanaldia batez beste

Lanaldiari erreparatuta, astero 37 ordu ingurukoak izan ohi dira, ia 1.684 ordukoak hain zuzen ere. Sektoreka erreparatuz gero, 37,5 ordu dira Industrian, eta 37 ordutik behera zerbitzuetan.

LHKk eginiko kalkuluen arabera, 250.217 langilek egiten dituzte 37,5 ordutik gorako lanaldiak. 37,5 orduko lan jarduna orokortuz gero, lan hitzarmena indarrean edo luzatuta dauden langileen %43,5en kasuan lanaldia 43 ordutan murriztuko litzateke.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK