Eguraldi iragarpenak energia berriztagarrien mesedetan

Adimen artifizialeko teknologia baliatuz energia berriztagarrien instalazioetarako meteorologia eta produkzio iragarpenak egiten ditu Meteo for Energy enpresa arabarrak

Argazkia: Meteo for Energy Argazkia: Meteo for Energy

Energia berriztagarri oro meteorologiaren menpe dago. Azpiegitura termosolar edo fotovoltaiko batek energia sortzeko eguzkia behar duen bezalaxe behar du haizea parke eoliko batek. Baina nola jakin zehatz-mehatz zer eguraldi egingo duen hurrengo minutu, ordu edo egunetan? Egun eskura dugun teknologiari esker, eguraldiari buruzko iragarpenak egitea posible dela badakigu. Hain zuzen, Meteo for Energy energia berriztagarria sortzen duten enpresentzat iragarpen meteorologikoak egiteaz arduratzen da. “Energia berriztagarria, fotovoltaikoa, termosolarra eta eolikoko instalazioentzat meteorologia zerbitzuak eskaintzen ditugu”, dio Amaia Acha-Orbeak, Ibon Salbidegoitiarekin batera, proiektuaren bazkide eta sortzailea denak.

Iragarpen horiek egin ahal izateko, enpresa arabarrak bigdata, analitika aurreratua eta adimen artifizialeko teknologia baliatzen ditu. “Meteosateko satelite sistema eta beste kamera sistema bat erabiltzen ditugu. Adimen artifizialeko iragarpen meteorologikoekin batera, bi horiek dira geure produktu nagusiak”, azaldu du proiektuaren sortzaileak. Teknologia horiei esker, planetako edozein txokotan denbora errealean egiten duen eguraldiaren berri izan dezakete.

Amaia Acha-Orbea: “Meteosateko satelite sistema eta beste kamera sistema bat erabiltzen ditugu. Adimen artifizialeko iragarpen meteorologikoekin batera, bi hauek dira geure produktu nagusiak”

Informazio hori guztia zinez baliagarria da energia ekoizten duten enpresentzat. Izan ere, konpainia horiek merkaturatuko duten energia kopuruaren iragarpena emateko betebeharra dute Europan. Hala, iragarritakoa baino orduko megawattio gehiago edo gutxiago merkaturatuz gero, desbiderazio kostua ordaindu behar du enpresak. “Merkatu elektrikoak enkante moduan funtzionatzen du, eskaintza eta eskaria kontuan hartuz, eta orduz orduko tasazio bat dago. Merkatuak zigortu egiten zaizu iragarritako energia produkzioa betetzen ez baduzu”.

Azpiegitura termosolarretan liderrak

Enpresa 2013an sortu arren, 2015 arte ez zuten produkturik merkaturatu. Lehenengoa planta termosolarrei zuzendutakoa izan zen, eta Acha-Orbeak dioenez, egun, sektoreko liderrak dira energia berriztagarri honen merkatuan. Espainian lan dute lan gehienbat, baina munduko beste zenbait herrialdeetan ere saltzen dute, hala nola Arabiar Emirerri Batuetan, Israelen, Hego Afrikan eta Marokon. Euren negozioaren %30 esportatzen dutela adierazi du bazkideak.

“Energia berriztagarriko instalazioen jabeei zein mantentze lanetako enpresei saltzen dizkiegu geure produktuak. Instalazio ugari dituzten inbertsio funts handiak dira bazkide asko”, nabarmendu du Acha-Orbeak. Bere ustetan, zehaztasuna da bezeroak euren produktuari esker lortzen duena. Bezeroek txosten bat jasotzen dute hilero, non iragarritakoa eta benetan gertatutakoa azaltzen den. Finean, bezeroak eskuratzen duena desbiderazio kostuak murriztea eta instalazioak sortutako energiaren integrazio hobe bat izatea da sortzailearen ustetan.

Espainian egiten dute lan gehienbat, baina Arabiar Emirerri Batuetan, Israelen, Hego Afrikan eta Marokon ere saltzen dute, besteak beste

Aipatutako zehaztasun hori, baina, era batekoa edo besteko izan daiteke. Meteo For Energyk eskaintzen dituen produktuen artean, iragarpen denbora desberdinekoak aurkitu ditzakegu. Kamera sistemaren bidezko produktuak minutu batetik 40 minuturainoko iragarpena eman dezake. Sateliteko irudiak, berriz, hiru ordu bitarterainokoa. Halaber, hirugarren produktuari aplikatzen zaio adimen artifiziala eta merkatu elektrikorako 48 ordutik sei egunetarainoko iragarpena ematen du orduz ordu.

Adimen artifizialeko teknikei buruz galdetuta, kokaleku jakin batean historikoki emandako egoerak aztertzean oinarritutako teknikak direla esan digu taldeko bazkideak. Machine learning metodologiaren bidez energia ekoizpenaren aurreikuspenak egin, eta ekoizpen planten datu historikoak erabiltzen dituzte.

Trantsizio energetikoaren lekuko

Energia berriztagarrien erabilera sustatzea Meteo for Energyren jardueran inplizituki datorrela uler daiteke. Energia horien efizientzia zein errentagarritasuna areagotzeaz gain, enpresa arabarrak merkatuko ziurgabetasuna murriztea du xede. “Leku jakin batean zenbat energia ekoitziko den geroz eta lehenago eta zehaztasun handiagoz jakin, orduan eta energia berriztagarrien integrazio errazago bat izango da”, nabarmendu du bazkideak.

Urte hauetan zehar adimen artifizialeko teknologiari buruz bildutako ezagutzak beste zenbait zerbitzu garatzeko parada ere eman dio enpresa arabarrari. Horren adibide da, Europa osoan zehar sateliteko irudien bitartez suteak antzemateko egindako produktua. Hori gutxi balitz, hirietarako argiztatze sistema optimizatuaere eskaintzen dute, non hirian dauden hodeien arabera, argiak automatikoki itzali eta pizten diren. Sistema hori Gasteizko zenbait eremutan eta Arabako parke teknologikoan dago ezarri dute.

Amaia Acha-Orbea: Leku jakin batean zenbat energia ekoitziko den geroz eta lehenago eta zehaztasun handiagoz jakin, energia berriztagarrien integrazio errazago bat egongo da”

Meteo for Energy, azpiegitura termosolarretan lider izateaz gain, instalazio fotovoltaikoetan merkatu kuota handiagoa hartzen ari dela dio Acha-Orbeak. Trantsizio ekologikoaren testuinguruan, hurrengo urteetan energia berriztagarrien sektoreak zeresana emango duela ere iritzi dio. “Berriztagarrien integrazioan” laguntzen jarraitu nahi dute, bezero zein instalazio kopurua handituz. Zerbitzu berriei dagokionez, “biltegiratze energetikoaren zein merkatu sekundarioen” arloko produktuak garatu nahi dituzte.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK