EIB Europako inbertsio bankuak eta InvestEU erakundeak 80 milioi euroko finantzazio markoa eskainiko dizkiote Nortegas taldeari, bi entitateek ohar bitartez jakinarazi dutenez. Zehazki, Nortegas Renovables energia berriztagarrien alorrean aritzen den filialari emandako finantzazioa izango da, haren plan estrategikoaren lehenengo fasea garatu dezaten.
Bi helburu barnebiltzen ditu lanlerroak. Batetik, biometano plantak eraikitzea, Espainian urtero 3,5 teravatio orduko (TWh) sortuta 2030 urtera bitarte. Hala, tamaina ertaineko planta horiek biometano berriztagarria ekoitziko dute, egun existitzen diren gas naturalean txertatuko dena, gas natural fosila alde batera utzita. Hori ekoizteko inguruan dauden baserrietako nekazaritza hondakinak erabiliko dituzte, eta maila txikiagoan agroindustriako azpiproduktu organikoak eta hondakin begetalak. Biometano horren iturri jasangarria egiaztatu beharko dute horretarako espresuki sorturiko zigilu baten bitartez, eta baita berotegi efektuko gasen emisioan aurreztutakoa ere.
Bestetik, operazio digitalen zentroa martxan jartzea ere jasotzen du. Azken horren helburua da hondakinen kudeaketan soluzio berritzaileak garatzea, punta-puntako teknologiaren eta taldeko lantegien digitalizazioaren bitartez.
Egitasmoa EIBek Europar Batasuneko segurtasun energetikoa bultzatzeko eta trantsizio energetikoa sustatzeko garatutako programaren baitan finantzatuko da.