Eibarren amua bota eta nazioartean arrantzan egin

Arrantza gustuko zuten Rodolfo Echeverría eta Patxi Gutierrezek sortu zuten Evia 1948. urtean. Arrantzarako materialaren banatzaile gisa hasi ziren, ondoren enpresaren bilakaerak produktu propioa izatera eraman bazuen ere

Eviako fundatzaileak | Argazkia: utzitakoa Eviako fundatzaileak | Argazkia: utzitakoa

Eibarko (Gipuzkoako) industrian pentsatzean, armagintza, bizikletak edo makina-erreminta etorri ohi zaizkigu burura. Aitzitik, 1948an, gerrak suntsitutako hiriaren berreraikuntzan, arrantzarekin zerikusia zuen enpresa bat abiarazi zuten Rodolfo Echeverría eta Patxi Gutierrez bazkideek. "Egia da deigarria dela garai hartako Eibarren, kutsadurak belztutako hiri horretan —burura etor dakigukeena—, arrantzari loturiko enpresa bat abiaraztea. Baina kontua da biek gustuko zutela arrantza egitea", esan du Juanan Gutierrez Patxiren semeak eta egun Administrazio Kontseiluko presidenteak.

Elkarrekin lan egindakoak ziren jada bazkideak, Eibarko Arma eta Munizioen Espainiako Sozietatean. "Enpresa hura Madrilgo beste batek erosi eta hara eraman zuten egoitza. Aitari eskaini zioten Madrilera joatea, baina berak ez zuen nahi izan. Eibarren geratu ziren biak, eta Evia sortzea erabaki", gaineratu du Gutierrezek. Arrantza nagusiki afizioz ezagutzen bazuten ere, aurreko enpresak arrantzari eta ehizari loturiko spin-offa ere bazuen antza. "Esparru horretatik zetozen beraiek, eta pentsatzen dut harremana izango zutela sektoreko jendearekin". Horrela hasi ziren.

Banatzaileen banatzaile

Enpresa martxan jartzeko dirua zehazki nondik atera zen ez daki Gutierrezek: "Litekeena da aurreko enpresatik joateagatik kalte-ordaina kapitalizatzea". Lehenik biltegia abiarazi zuten, eta eurak bakarrik hasi ziren, "segur aski emazteen laguntzaz". Pixkanaka, inguruko dendekin harreman komertzialak ezartzen joan ziren. "Gaur egun sortu izan balitz, esango genuke garaje baten sorturiko start-up bat izan zela".

Eviaren hasierako helburua ez zen izan produktu propioa sortzea, beste marka batzuen handizkako banatzailea izatea baizik. "Espainia mailan handizkako zenbait saltzaile zeuden, eta horien agente lanak egiten zituzten batez ere. Banatzaileen banatzaile ziren, nolabait esatearren, eta inguruko dendekin ere lan egiten zuten. Denda txikiak izan ohi ziren, burdindegi antzekoak".

Juanan Gutierrez: "Gaur egun sortu izan balitz, esango genuke garaje baten sorturiko 'start-up' bat izan zela".

Nagusiki arrantzako produktuak eskaintzen zituzten, baina baita ehizakoak ere. Hala ere, hainbat urtez ehiza alde batera uztea erabaki zuten, 2002an Skyway enpresa gasteiztarraren erosketarekin berriro berreskuratu bazuten ere. "Horregatik, tradizioz enpresa ezagunagoa da arrantzarengatik ehizagatik baino".

Hazkundea, ezbeharra tarteko

Bi bazkideak jubilatu zirenean, Enrique Gutierrez Juananen anaiak hartu zuen enpresaren ardura. "Enrique hasi zen lehen pausoak ematen Evia bigarren mailako eta eskualdeko handizkako enpresa izatetik —batez ere EAEn eta inguruan saltzen zuten—, nazioarteko enpresa bat bilakatzeko. Horretarako Frantzian edo Portugalen eman zituen lehen pausoak".

Evia 1966
Eviako katalogoaren portada, 1966. urtean | Argazkia: utzitakoa

Zoritxarrez, 1996an auto istripu baten hil zen Enrique, haren emaztearekin batera. "Traumatikoa izan zen, familian ez ezik, enpresa ikuspegitik ere inpaktua suposatu baitzuen. Hain bat-batekoa izan zen non ez zegoen ezer pentsatuta".

Ezbeharrak enpresaren kudeaketari loturiko zenbait erabaki hartzera derrigortu zituen. "Betidanik enpresa oso familiarra izandakoa zen. Baina ikusi genuen eman behar genuen saltoa nahiko konplexua zela eta familietako inork ez zuen bere gai ikusten hori kudeatzeko". Kanpoko pertsona bat gerente izendatzea erabaki zuten, eta enpresaren barne tresnak berrantolatu eta kontseilua modu profesionalean ezartzeko aprobetxatu zuten, ordura arte ez baitzegoen halakorik. 15-20 bat langilek zituen enpresak orduan.

Produktu propioari bultzada

Iñaki Odriozola izendatu zuten arduradun berri, eta geroztik enpresaren gerentzia eraman du. Enriquek hasitako bidearekin aurrera jarraitu zuen. "2000 urtearen bueltan arazo handi bat izan genuen marka frantses batekin", argitu du Odriozolak. Eviak 15 bat urte zeramatzan haien banatzaile izaten, Europan zuten banatzaile nagusia. Aldiz, Ameriketako multinazional batek enpresa erosi zuen, eta bezeroa galdu egin zuten. "Negozio linea bat desagertu egin zen, eta ohartu ginen gauzak aldatzen ari zirela, eta merkatuarekin eboluzionatu behar genuela", azpimarratu du.

Hala, hirugarrenen marken banatzaile izateari utzi eta marka eta produktu propioa ekoizten eta garatzen hasi ziren, nahiz eta ordurako Evia marka izan, arrantzarako koilarena. Garai hartan jaio ziren Hart edo Vercelli markak, eta lan egiteko modua goitik behera aldatu zen. "Lan handia izan zen. Baina oso interesgarria. Taldea indartu behar izan genuen produktuaren garapenerako, marketinerako, esportaziorako... Baina negozioaren kontrola eman zigun, lehen ez genuena. Enpresa asko aberastu zuen".

Iñaki Odriozola: "Negozio linea bat desagertu egin zen, eta ohartu ginen hau aldatzen ari zela, eta merkatuarekin eboluzionatu behar genuela"

Geroztik, parte bat azpikontratatzen badute ere, produktuaren diseinua eurena da. "Era berean, horrek aukera eman zigun esportatu eta nazioartekotzeari bultzada emateko", dio gerenteak. "Horretarako unea zen. Bigarren mailatik lehen mailara salto egitekoa", gaineratu du Gutierrezek. Baita lortu ere.

Enpresak beti gazte

Egun Evia Taldeak 85 langile ditu, 24 milioi euroko fakturazioa lortu zuen iaz eta 60 bat herrialdeetara ari dira esportatzen. "Enpresa txiki asko gara. Ez gara multinazional bat, ezta gutxiago ere". Lau dira taldeko enpresa nagusiak, gehiago badira ere: Suministros Evia, Eibarren; Skyway Gasteizen; Nautipeniche (Penichen, Portugalen), kapital mistoarekin; eta duela gutxi Txilen martxan jarritako filiala.

Eviaren eraikina, gaur egun | Irudia: utzitakoa
Eviaren eraikina, gaur egun | Irudia: utzitakoa

Azken proiektua? Motorretarako txalekoak. "Aire libreko jarduerarekin izan dugu beti harremana, eta zenbaitetan sektore paralelotan aplikatzen diren teknologiak ditugu". Euren produktuen artean dira itsasorako flotagarritasun txalekoak. "Teknologia hori bera garatu dugu, eta ahalbidetu digu airbag txalekoak egitea. Oinarrian biak dira aire konprimituaren bitartez puzten diren txalekoak, nahiz eta bakoitzak bere xehetasunak izan", plazaratu du Odriozolak. "Enpresek abantaila bat dute: pertsonak zahartu egiten gara, baina enpresak, nahiz eta urteak igaro, beti bezain gazte izaten jarraitu dezakete", bukatu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK