Artea eta teknologia uztartzen ditu ElektrARTek. Argi eta soinu bidez instalakuntza artistikoak sortzen ditu eraikin, plaza eta hirietako kaleetan. "Artea eta teknologia batzen dituen sorkuntza estudioa da" Jon Astorquiza fundatzailearen hitzetan, baina era berean, nazioarteko artista talde bat bezala definitzen du orain bospasei urte sortutako proiektua. Hala, “biztanlerian inpaktu bat sortzea da" ElektrARTen helburua, askotariko publikoari emozioak sorraraztea”.
Enpresa sortu aurretik, hamar urte baino gehiago eman zituen Astorquizak arte eta teknologiari buruzko nazioarteko konferentziak ematen Bilbon eta Los Angelesen. Modu honetara, mundu osoko artista eta teknologo ugari ezagutzeko parada izan zuen. Urte horietan bildutako esperientziak eta ezagututako artista sareak ahalbidetu zuen ElektrARTen eratzea, eta hasiera batean, euren proiektu propioak gauzatzeko enpresa bezala hasi baziren ere, apurka-apurka erakunde publiko nahiz pribatuak ate joka hasi zitzaizkien.
Jon Astorquiza: "artea eta teknologia batzen dituen sorkuntza estudioa gara"
BIC Bizkaia Ezkerraldean du egun bulegoa ElektrARTek. Arte diziplina askoko proiektuak egiten dituzte, besteak beste, material adimenduko proiektuak, arkitektura interaktiboa, "video mapping"a, argi eta soinu instalakuntzak eta arte birtuala eta digitala. “Proiektu batzuetan tokiko artistekin egiten dugu lan eta beste batzuetan nazioarteko artista edo teknologoekin. Mundu osoko arkitekto, matematikari eta ingeniariekin kolaboratzen dugu.
Ondasun kulturala balioan jarriz
Erakunde publiko eta pribatuek, euren proiektu, ekitaldi edo eraikinen balioa azpimarratzeko erabili ohi dute ElektrARTen lana. “Enpresen ekitaldi korporatiboetan egiten dugu lan, baita eraikin historiko baten mendeurrena ospatzeko proiektuetan ere”, dio Astorquizak. Instalakuntzaz gain, ElektrARTek sorkuntza arloko aholkularitza ere eskaintzen die bezeroei, proiektu artistiko eta teknologikoen bidez, eraldaketa digitaleko prozesuetan lagunduz . Hori gutxi balitz, ekipamendu teknikoa hornitzeaz ere arduratzen dira, hala nola, proiekzio sistemak, led monitoreak, pantailak, etab…
Astorquizarekin batera, Jacobo Noboa multimedia artista da ElektrARTen beste aurpegia. Proiektu ororen atzean daude biak. Ostera, proiektu bakoitzetako beharretara egokitu ahal izateko kolaboratzaile moduan lan egiten duten hemengo nahiz nazioarteko artista sarea dute. “Guk ez dugu produktu soil bat, proiektuak neurrira egiten dugu”. Hortaz, ElektrARTek proiektua burutu behar duen espazioa eta bertan egin daitezkeen instalakuntza aukerak ikertzen ditu. Teknologia diferenteek esparru horretan izan dezaketen inpaktua ere aurreikusi behar du, azkenik, instalakuntza bertan eraikitzeko. “Askotan bezeroak ez daki "video mapping" bat edo argi eta soinu instalakuntza bat behar duen. Guk aztertzen ditugu aukerak eta gero bezeroari eskaini”.
Garabietan, fatxadetan edo kontzertuetan
Bizkaiko Labe Garaietatik Euskal Herriko zein nazioarteko leku askotara hedatu dira ElektrARTen instalakuntzak. Nabarmentzearren, besteak beste, Marea Bizia edo Solsticio argi eta soinu instalakuntzak, Kantabriako Palacio de los Festivalesen 30. urteurreneko "video mapping"a, PWC, ASISA eta BEC bezalako erakundeentzat ikus-entzunezko ekoizpen birtualak edota Laboa Visual Music, Ensemble Kuraiarekin batera egindako arte digital eta musika garaikideko kontzertua.
“Udaletxeetatik deitzen digute asko, eurek antolatzen duten kultura ekitaldi batean laguntzeko”, azaldu du fundatzaileak. Kantabriako Palacio de Festivalesekin egiten dute lan asko, baita Bilboko Euskalduna Jauregiarekin ere. “Programazio kulturalari kutsu modernoagoa eta berritzaileagoa eman nahi dioten kultura esparruei laguntzen diegu”, azaldu du Astorquizak.
Marea Bizia argi eta soinu instalakuntza, Donostiako Kursaal Jauregiko led fatxada, Heidelbergo (Alemania) musika jaialdiko "video mapping"a edota Laboa Visual Music proiektua egin dituzte, besteak beste
Gaur-gaurkoz, hiru proiektuetan ari dira lanean buru-belarri. Lehenegoa Kantabriako Orkestra Sinfonikoarekin elkarlanean osatu dute, musika klasikoko kontzertu batean parte hartuko baitute, musika arte digitalarekin uztartuz. Bigarrena Sestaoko 1. Labe Garaian ezarriko duten argiztapen artistikoa eta soinu paisaia da. “Bilboko Carola garabiarekin egin genuen tankerako proiektu bat egingo dugu, argi eta soinu bidez ondasun industriala balioan jarriz. Eremu fisikoaz gain, memoria ere bai, gizartearentzako suposatu zuena gogoratuz”, nabarmendu du sortzaileak.
Hirugarren proiektua ospitaletako pazienteen bizi kalitatea hobetzera bideratuta dago. Ibilbide luzekoa proiektua dela dio Astorquizak, hilabeteak daramatzatela lanean, eta jada Gorlizeko ospitalean instalakuntza bat ezarri dutela froga moduan. Ongizatea bermatu eta estresa murrizteko arte digitala erabiltzen ari dira monitore bidez. Sentsore bidezko proiekzio interaktibo batzuk ere egin dituzte aniztasun funtzionala edo desgaitasun kognitiboak dituzten gaixoentzat, euren kontzentrazioa eta beste hainbat alderdi lantzeko.
Nazioartekotzea jomugan
ElektrARTen etorkizuneko erronka handienetako bat nazioartekotzea da, sortzailearen arabera, “beste herrialde batzuetan arte eta teknologia uztartzen dituen sektorea askoz egonkorrago baitago”. Horrez gain, emozioak sortzea ez ezik, ElektrARTen helburua, artearen bidez, jendearen bizi kalitatea hobetzea da, eta horren harira sartu dira, esaterako, osasun arloan. Hala, ingurumen sektorea dute orain jomugatzat.
Bestalde, ikerketa eta berrikuntzari garrantzi handia ematen diotela nabarmendu nahi izan Astorquizak, gero know-how hori proiektu artistikoetara bideratzeko, eta arte digitalean jaialdi txikiak antolatu dituztela ere gogorarazi du. Ardi Fest, esaterako, euren artista sarea elkartzeko topaketa da, eta artista hauen lana balioan jartzea du helburu. “Artistek euren lanak erakusteko aukera eskaintzen dugu”, kontatu du. Oraingoz bi edizio egin dituzte, 2021an Muxikebarri Zentroan egin zuten, Getxon, eta iaz Bilbo Rocken. 2024ean edizio berri bat egiteko asmoa dute.