Elon eta energia fotovoltaikoa

Elonek energia fotovoltaikoa sortzeko instalakuntzak egiten ditu etxebizitza, industria eta jabekide erkidegoetan. Horrez gain, hiri adimenduetarako IoT soluzioak emateaz arduratzen dira

Argazkia: Elon Argazkia: Elon

Hiru urteko ibilbidea besterik ez duen enpresak autokontsumoa sustatzeko instalakuntza fotovoltaikoak egiten ditu, eta hiri adimenduetara bideratutako IoT (Internet of Things) soluzioak ere eskaintzen ditu. “Eskari handia zegoen sektore batean sortu zen enpresa”, dio Olatz Iriarte egungo marketin arduradunak. Bere esanetan, azkenaldiko egoerak, argiaren prezioaren igoerak batik bat, merkatuan behar bat sorrarazi du, autokontsumoarena, hain zuzen, eta horrek enpresari aurrera egiteko bultzada eman dio.

Hala, egoerak eraginda denbora gutxian proiektuak hazkunde handia izan duela uste du Iriartek. Gaur egun, proiektuaren oinarria energia fotovoltaikoa izan arren, “negozioa apur bat dibertsifikatzen” ari direla azpimarratu du. “Jasangarritasunerantz bideratzen ari gara geure jarduera, autokontsumoa eta etxebizitza adimenduetara bereziki”. Halaber, hiru arlo nagusitan bereizi daiteke eskaintzen duten energia fotovoltaikoa: etxebizitzetan, jabeen erkidegoetan eta industria edo enpresa munduan.

Bestalde, beste zenbait esparrutan ere hasi dira murgiltzen, hala nola aerotermiaren munduan edota auto elektrikoen kargagailuak egite.

Ingurugiro jasangarriago bat sortzeko inbertsioa

Elonen web orrian sartuz gero, etxeko zenbait datu sartuta, edonork du aukera autokontsumorako instalakuntzaren aurrekontu bat eskuratzeko. “Etxearen orientazioa, argindarraren kontsumoa eta beste hainbat baldintza kontuan hartuta, estimazio bat egiten dugu. Bezeroa aurrekontuarekin ados baldin badago, etxera bertaratzen gara, eta lehendik egindako estimazioa egokia izan den ikuskatzen dugu. Hori burututa, instalakuntza egiten da etxean”, adierazi du Eloneko marketin arduradunak.

Kalkulagailua etxebizitzetarako dute bideratuta egun, baina enpresa eta jabetza erkidegoentzakoak ere edukitzea espero dute urtea bukatu aurretik. “Ez dugu aterik ixten”, dio Iriartek. “Ahalik eta pertsona gehienei lagundu nahi diegu, eta zentzu horretan, proiektuak ez du mugarik”.

Olatz Iriarte: “Ikuspegi ekonomiko batetik inbertsioa da instalakuntza egitea, baina epe luzera sekularako aurreztea dakar

Ingurumenari dagokionez, energia fotovoltaikoa erabiltzeak badu bere inpaktua. Instalakuntza propio bat edukitzeak ez du emisiorik sortzen, eta %100 jasangarria den energia sortzen da. Ikuspegi ekonomiko batetik, inbertsio bat dela dio enpresako kideak, baina epe luzera begiratuz gero, “sekulako aurreztea” da.

Dena den, kasu bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Izan ere, sortzen den kontsumoaren arabera, hasierako inbertsioa lehenago edo beranduago amortizatu daiteke. Etxe guztietan ez da energia bera kontsumitzen. Lau pertsona bizi diren baserri baten eredua aipatu du Iriartek, non gutxi gorabehera 150 euroko kontsumoa duten hilero. ”Baserrian plaken instalakuntzak 7.920 euroko kostua du, baina horri 2.310 euroko dirulaguntza kendu behar zaio. Hau da, denera 5.200 euroko inbertsioa egiten da. Instalakuntza hori hamar urteetan amortizatuko litzateke, eta urtero, 800 euro inguru aurreztuko lirateke. Guztira, berriz, 20.000 euro, eta ingurumenari dagokionez 850kg emisio murrizten dira”.

Elonen barnean Devlon

Oraingoz, Euskal Herriaz gain, Espainia iparraldeko zenbait autonomia erkidegotan egiten dituzte plaken instalakuntzak, hala nola Galizia, Kantabria, Errioxa edo Gaztela eta Leonen. Dauden lekuan ondo finkatu nahi dute beste lekuetara hedatzen hasi aurretik. Bestalde, instalakuntza fotovoltaikoen eraginkortasuna hobetzea dute xede nagusitzat, hala, etxebizitza adimenduak sortzeko. “Instalatzen ditugu plaka horiekin nahi duguna zera da; bezeroak bere instalazioaren kontrola izatea eta plaketatik sortzen den energia etxe edo enpresa bakoitzaren beharren arabera erabili ahal izatea”, nabarmendu du Iriartek.

Instalakuntza fotovoltaikoen eraginkortasuna hobetzea dute xede nagusitzat, hala, etxebizitza adimenduak garatzeko

Hiri adimenduen inguruko zerbitzuak Elonen barnean sortutako Devlon enpresaren bitartez eskaintzen dituzte. Iriartek dio Devlon Elonen spin off bat dela. Negozio lerro hori 40.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietara zuzenduta dago, eta erakunde publikoak, udaletxeak batik bat, dira bezero nagusiak.

“Udaletxe batek jakin behar du bere herria zer gertatzen den. Guk zenbait dispositibo eskaintzen ditugu, besteak beste, herriko gertaera meteorologikoak, kutsadura maila, argiztatzea, zarata eta beste zenbait datu ikertzeko”. IoT soluzioak horiek hiri adimendu bat garatzea dute helburu. “Herri hobe bat sortzeko baliabideak ematen ditugu, eta udaletxeari bere herrian zer pasatzen den erakusten diogu”, gaineratu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK