Emakumeak, langileak eta kooperatibistak

35 urte baino gehiago daramatza Grupo SSIk mendekotasuna duten zein sozialki baztertuak dauden pertsonei zerbitzuak eskaintzen, bizi kalitate duinagoa emateko asmoz

Duela hamar urte 'Home Care Lab' izeneko I+D+iko unitatea sortu zuten. Hemen ikerketa unitateko taldea, joan den asteko ekitaldian | Argazkia: SSI Duela hamar urte 'Home Care Lab' izeneko I+D+iko unitatea sortu zuten. Hemen ikerketa unitateko taldea, joan den asteko ekitaldian | Argazkia: SSI

1980. hamarkadaren hasieran, etxeko zaintza lanetan aritzen ziren emakume langileen sektoreak ez zuen, ez egiturarik, ez araudirik. Erdi profesionalizatu gabeko baldintzetan jarduten zuten emakumeak menpekotasuna zuten pertsonak artatzen. Jarduera garatzen ari zen, baina forma ematea eta erregularizatzea falta zen. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Caritasek eman zituzten zaintzaileen sektorea antolatzeko lehenengo urratsak, eta Maria Luisa Mendizabalekin jarri ziren harremanetan. Mendizabalek erronka onartu, eta kooperatiba bat sortu zuen 1986an, Eraginkor beste elkarte kooperatibo baten laguntzarekin: Grupo de Servicios Sociales Integrados (SSI). Egun, Karmele Acedo da kooperatibako kudeatzaile nagusia. Haren hitzetan, “kooperatiba jada martxan zegoen jarduera batekin sortu zen. Barnekoa eraikitzea zen helburua: enpresa bat martxan jarri, organo sozietarioak sortu, zenbait erabaki hartu, lokalak eskuratu, eta abar”. “Ezohikotzat” jotzen du kooperatibaren hasiera Acedok; izan ere, hasi eta oso denbora gutxira 500 bazkide ziren jada. “Behar bat asetzeko sortu ginen. Lehenagotik zegoen jarduera bat zen, baina forma eta egitura eman behar genion. Euskal Herrian gizarte zerbitzuak sortu zirenean sortu ginen gu ere”, gaineratu du.

Sektorean egitura argi bat egon ez arren, emakume asko jada lanean ari ziren etxez etxe. Hori dela eta, kooperatiba sortu eta berehala, emakume ugari sartu ziren bertan, eta lehen urteetako hazkundea oso azkarra izan zen. Sektorea profesionalizatzea zen kooperatibaren funtsezko helburua, eta hartara bideratu zituzten lehen urratsak. “Bilbotik ez ateratzea erabaki genuen, hainbeste eman digun hiri honetan lana ondo egin nahi genuelako. Lehenengo pausoa emanda ere, jarduera profesionalizatu behar zen, eta horretarako, formakuntza sustatu genuen”, adierazi du Acedok.

Gizarte esku-hartzea

Kooperatibaren oinarrizko funtzioa izan da etxez etxeko laguntza, mendekotasuna duten pertsonak artatzea, eta sozialki baztertutako pertsonei babesa ematea. Horretarako, proiektu eta programa ugari jarri dituzte abian 35 urte hauetan. Kooperatibaren oinarrizko funtzio hori egonkortuta egonik, proiektua beste zenbait jardueretara zabaltzen hasi ziren 1990ko hamarkadan. “Gu gizarte esku-hartzearen arloan aritzeko sortu ginen, adinduak eta haien familiak artatzeko, eta gizarte-bazterkeria jasaten duten pertsonei laguntza zerbitzuak eskaini eta hainbat proiektu aurrera eramateko. Gerora, beste zenbait arlotan sartu gara, hala nola ezagutzan, formakuntzan eta ekintzailetzan”, azaldu du Acedok.

Karmele Acedo: “Behar bat asetzeko sortu ginen. Eraikita zegoen jarduera bat zen, baina forma eta egitura bat eman behar genion”

Abiatutako egitasmo askoren artean, azpimarratzekoa da bakardadean bizi diren pertsonak gizartean berriz ere integratzeko egindakoak. Besteak beste, Bizkaia Saretu, Mirada Activa (Bilbon) edo Begirada Adia (Gipuzkoan). Kafetegi sare moduko bat ere badute, Nagusi Kafegunean egitasmoaren barruan. “Bakarrik dauden pertsonak elkartzeko guneak dira. Beste pertsona batzuekin denbora partekatu eta harreman berriak egiteko”, azpimarratu du Acedok. “Ekimen hauek bakardadeak dakarren hauskortasun hori ekidin edo gutxitzeko helburuarekin sortu ditugu”, gaineratu du.

Berrikuntza, ekintzailetza eta ezagutza

Teknologia berriek ere eragin nabarmena izan dute sektorean, baita Grupo SSIren azkeneko urteetako bilakaeran ere. Lehiakortasuna nabarmen hazi heinean, atzerriko enpresak gizarte zerbitzuen munduan sartzen hasi ziren. “Hausnarketa bat egin beharra zegoen. Lehiakorragoak izateko berrikuntzaren alde egin behar genuela argi ikusi genuen. Hala, I+D+I unitate bat sortu genuen duela hamar urte, Home Care Lab (HCL) izenekoa, zein Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Euskal Sarearen parte den”, dio kooperatibako kudeatzaile nagusiak. SS Living Lab berrikuntzaren alde egindako apustuaren beste emaitza bat da. “Esperimentazio espazio” bat da, non sortzen dituzten produktuen eta zerbitzuen proba pilotuak egiten diren. Bilboko Simon Bolivar kalean kokatuta dago. “Guretzat Living Lab langileen etxea da. Kontzeptu ireki eta errealista bat”, azaldu du Acedok.

Kooperatibaren oinarrizko funtzioa izan da etxez etxeko laguntza, mendekotasuna duten pertsonen artatzea eta sozialki baztertutako pertsonei babesa ematea

Ekintzailetza da SSIk lantzen duen beste arlo bat. Socem Hub izeneko unitatea sortu zuten duela bost urte. Bertan, “ezagutza sortzen” dute. Adinduen zaintzearen arloan, ekintzaile direnei haien ideietan zein proiektuetan orientazio eta aholku lanetan aritzen da taldea. Garapen agentziekin ere lan egiten dute. Acedoren arabera, “oso esperientzia polita izan da. 60 enpresa txiki baino gehiagok jaso dute gure laguntza. Gizarteak guri emandakoa itzultzeko modu bat da”.

Enpleguaren sustapenean ere dihardu kooperatibak. Training Center izeneko formakuntza zentroa dute. Bertan, langileak formatzen dituzte, lan merkaturako presta daitezen. Lanbidek eskainitako formakuntza emateaz gain, badute eurek diseinatutako formakuntza propioa ere.

“Proiektu hau geurea da”

“Etxez etxeko laguntza bakarrik egiten den lana da. Baldintza horietan antolakuntza kultura bat sortzea beharrezkoa da. Hau ez da berria. Printzipio kooperatiboez ari gara: partaidetza, elkartasuna eta lanaren banaketa, besteak beste. Hori da gure identitatea. Pertsonak erabat inplikatuta egon dira; ekimen guztietan parte hartu dute eta enpresa eurena dela sentitu dute”, nabarmendu du Acedok. Printzipio hauen artean emakumeen ahalduntzea da azpimarratu beharrekoa. Izan ere, langileen % 97 emakumeak dira SSIn. Halaber, kooperatiba sortzeko unean, zuzendaritza organoetan emakumearen presentzia ezinbestekoa zela erabaki zen. “Horrelako ezaugarriak dituen enpresa bateko zuzendaritzan emakumeak izan daitezkeela ikusarazi nahi genuen. Dena den, bide asko dago oraindik egiteke”, aldarrikatu du Acedok.

Acedo: "Pertsonak erabat inplikatuta egon dira, ekimen guztietan parte hartu dute eta enpresa eurena dela sentitu dute"

Azken finean, zaintzaile izatetik enpresari kooperatibista bilakatzerainoko jauzia da taldeak izan duen arrakastaren erakusle argia, betiere zaintza lanaren jarduerak duen balio eta garrantzi soziala ahaztu gabe. “Urte hauetan guztietan hartu diren erabaki asko, langileek hartu dituzte Langileak berak bere etorkizuna erabakitzen du”, dio taldearen kudeatzaileak. “Duela 35 urteko gogo eta ilusioa, egun, bizirik dirau. Laguntza behar duten pertsonei soluzioak bilatzen jarraitu nahi dugu, langile zein bazkide guztien izugarrizko konpromisoarekin. Partaide eta jabe sentitzen dira langileak, hori da SSIren arrakastaren gakoa”, bukatu du Acedok.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK