
Industriaren Defentsarako Taldeak bigarren bilera egin zuen atzo arratsaldean, oraingoan AIC-Automotive Intelligence Centerren egoitzan, Zornotzan (Bizkaia). Horren atarian egin zuen agerraldia Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak, lehen bileratik gaurdaino emandako pausoen berri emateko.
Iragarpen nagusia “emisio gutxiagoko ibilgailuak” erosteko laguntza-programa berria da. Neurri horrek zertan datzan ez du zehaztu sailburuak, baina bai helburu bikoitza duela: batetik, errepideko garraioaren "deskarbonizazio adimenduna" bultzatzea; bestetik, sektoreari laguntzea, ibilgailuen eskaria izango baita bultzatuko dena. Europako sektorea ez dago bere onenean, besteak beste Txinatik sortu zaion lehiagatik. Zehazki, Alemania eta bertako markak izan dira Europako automolbigintzaren motore, baina Errusiako gasaren inportazioari uko egitea energiaren prezioa garestituta, eta Txinatik sorturiko lehiak kinka larrian jarri du sektorea. EAEren kasuan, sektore gakoa da automobilgintza, ia 40.000 pertsonei lana ematen diena. Gasteizen dagoen Mercedeseko lantegiarentzat egiten dute lan enpresa ertain eta txiki askok.
Neurriaren iragarpena ez da soilik atzo bertan Trumpek iragarritako %25eko muga zergei berehalako erantzuna. Industriarekin landutako entzute aktiboko fase baten ostean etorri da, lehen bileraren ostean abiarazitakoa. Basque Trade & Investment-ek 1.000 enpresari inkestak egin dizkie, eta zenbait emaitza jakinarazi zituen Jauregik bileran. Enpresa horien %40k muga-zergei loturiko eragin arinak aurreikusi ditu, baina %16k eragin larriak espero ditu. Bigarren talde horretan sartu dira batez ere nekazaritza-industria, automobilgintza eta produktu metalikoen fabrikazioa.
Atzerrian diren enpresak hartuz gero, %50k espero du nolabaiteko inpaktua, eta salmentetan beherakada, zenbatekoa zehazteko goizegi izanik ere. Horietatik gehienak daude Mexikon, eta automobilgintza, zerbitzu aurreratuak (ingeniaritza edo aholkularitza), energia eta makina-erreminta sektoretakoak dira.
Bestalde, Europako industria babeste aldera, %67k dio Europar Batasuna inportazioei "oztopoak" jarri behar dizkiela. Halaber, enpresen %45ek uste du Gobernuak aholkularitza eskaini behar duela araudia, muga-zerga eta merkatu berriak bilatzeari loturik, batez ere nazioartekotzea bultzatzen jarraitu nahi duten enpresak izanik.
Momentuz diagnostikoaren inkestako emaitzak izanik, hurrengo pausoa izango da 75 enpresa eta eragilerekin elkarrizketa pertsonalizatuak egitea, oraingoan ere Spriren Nazioartekotze agentziaren bitartez.