Enpresen konfiantza-indizea 55,6 puntuan kokatu da laugarren hiruhilekora begira, Laboral Kutxak argitaratzen duen hiru hilean behineko enpresen konfiantzari buruzko inkestan jasotzen denez. Zifra hori 50etik gora egoteak esan nahi du jarduera zabaltzen ari dela. Gainera, aurreko hiruhilekotik zortzi puntu egin du gora, 47,4koa baitzen. Alegia, enpresak baikorrago daude laugarren hiruhilekora begira, eta aipatzekoa da eurogunean 48,9n eta Espainian 53n kokatu dela zifra hori.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 404 enpresek hartu dute parte inkestan, eta baikortasuna areagotu bada ere, ekonomiarekiko egindako aurreikuspenetan beherakada txiki bat sumatu da. Enpresen %14,7k uste du egoerak hobera egingo duela —%10 ziren aurreko hiruhilekoan—, %54,7k bere horretan mantenduko dela —aurreko hiruhilekoko %62ren aldean— eta %30,6k okerrera egingo duela —aurreko hiruhilekoko %27aren aldean—.
Fakturazioan baikor, jardueran ere bai
Bai fakturazioan, bai jardueran, datuek hobera egin dute. Lehenengoari dagokionez, hobekuntza izango dela uste du enpresen %31,3k, eta berdin mantenduko dela dio %55,7k; aldiz, %12,9ren ustez okerrera egingo du. Bigarrenari loturik, jardueran hobekuntzak espero ditu enpresen %23,1ek eta okerrera egingo duela %17,8k; %59,1en iritziz berdin jarraituko du.
Fakturazioaren eta jardueraren oinarrian daude eskariak eta prezioak. Lehenengo bietan esperotakoak ikusita, zer nolako bilakaera izango dute bigarrenek? Eskabideetan %29,2k gorakada izango dela uste du, %59,2k bere horretan mantenduko dela eta %11,6k okerrera egingo duela. Prezioetan, gehiengo nabarmenak espero du bere horretan mantenduko direla, %78,7k hautatu baitu aukera. %17,1entzat hobera egingo du, eta soilik %4,2k uste du beherakada izan litekeela.
Errentagarritasun txikiagoa, inbertsio gehiago
Prezioen gorakadagatik seguruenik, enpresa gehienek errentagarritasuna txikiagoa izatea —%17,3k— edo berdin mantentzea —%68k— espero dute. %14,8k uste du areagotu egingo dela. Inbertsioetan, berriz, gorakada espero du %17,6k, berdin mantentzea %73,7k, eta %8,7k beherakada izatea.
Enpleguari loturik, %84,6k ez du aldaketarik espero; %11,9k itxaropena du lantaldea hobetzeko, eta %3,5ek kontrako norabidea hartzea aurreikusi du.
Hausnarketak bezeroei kobratzeko epeari eta berrikuntzari buruz
Konfiantza-indizetik kanpo geratu ohi dira esportazioak, berrikuntzan egindako inbertsioa, bezeroei kobratzeko epea eta bankuen finantzaketa eskuratzeko erraztasunak, baina horiei buruzko informazioa partekatu du Laboral Kutxak hiruhileko honetako inkestan. Orain arte lorturiko emaitzak dira bakoitzaren abiapuntu.
Esportazioen bilakaeran ezkortasuna da nagusi: %22k uste du hobera egin duela, baina %28rentzat okerrera egin du eta %50entzat bere horretan mantendu da. Alemaniako industriaren egoerak horretan eragina izan duela pentsa liteke.
Berrikuntzan eta I+Gan eginiko inbertsioari dagokionez, %62,9 kokatzen da gutxieneko balioetan, alegia, inbertsiorik ez dutenen edo, gehienez ere %1 inbertitu dutenen artean. %15ek, berriz, salmenten %5 edo gehiago inbertitzen du horretan.
Bezeroei kobratzeko epean ez da aldaketa nabarmenik sumatzen. %82,8k dio epeak mantendu direla. Hala ere, %10,4en ustez epeak luzatu egin dira, eta soilik %6,7ren kasuan laburtu dira. Bestalde, bankuen finantzazioa berdin mantendu dela dio %75,2k. %14,8ren ustez finantzaketa lortzea errazagoa da, eta %10entzat, zailagoa.