
Euskal Autonomia Erkidegoan enpresen sorrera %13,709 jaitsi da martxoan, aurreko urtearen aldean. Guztira 300 sozietate berri eratu dira, eta desagertutakoak 92 izan dira, Espainiako Estatistika Institutuak (INE) gaur kaleratutako txostenaren arabera. Nafarroan, aldiz, iazko martxoan baino %7 enpresa gehiago sortu dira aurten. Denera, 92 enpresa eratu dira lurraldean, eta desagertutakoak zortzi izan dira.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sortutako 300 konpainia berriak eratzeko 8,3 milioi euro pasatxo txertatu dira, hau da, duela urtebeteko hilabete berean baino %29,71 gutxiago (11,80 milioi euro ordaindu ziren). Nafarroan, berriz, arestian aipatutako 92 enpresak sortzeko, 2,25 milioi euro jarri dira, iazko epe berean baino %61,1 gutxiago (5,79 milioi euro).
Hala, Nafarroan desagertutako zortzi enpresek honako arrazoi hauengatik itxi dute: hiruk beste sozietate batekin bat egiteagatik, lauk bestelako arrazoi batzuengatik eta beste batek borondatez. EAEn, berriz, desagertutako 92 enpresetatik 61ek beren borondatez itxi dute, hogeik fusioagatik eta gainerako hamaikek beste arrazoi batzuengatik.