Egunotan, misio komertzialean ari dira zenbait euskal enpresa Mexikon. Bilboko Ganberak antolatuta, BasqueTrade&Investment eta Eusko Ganberakekin batera, bezero eta elkarlanerako aukera posibleak ezagutu eta aztertu asmoz dira Ipar-Amerikako herrialdean, baita ingurua ezagutu eta euren produktu eta zerbitzuek izan dezaketen potentziala tokian-tokian aztertzeko ere. Energia berriztagarriak —eolikoa bereziki—, automozioa, IKTak edo zibersegurtasuna dira euskal enpresen interes gehien pizten dutenak.
Misioak ahalbidetuko die, era berean, gainontzeko enpresekin ezagutza partekatzea eta aditu talde baten laguntza jasotzea. Kultura komertzial eta enpresaren ezagutza gako izan ohi da nazioartekotze prozesuetan, eta horretan ere lagundu nahi du misioak. Ganberatik nabarmendu dutenez, tratu pertsonalak berebiziko garrantzia du herrialdean. Gainera, nearshoringa indarra hartzen ari da herrialdean, T-MEC hitzarmenarengatik eta esportaziora orientatutako industria bultzatzeko pizgarri fiskalengatik. Nearshoringa pandemia ostean nabarmentzen ari den tendentzia da ahalbidetzen duena enpresek euren zerbitzuetako batzuk azpikontratatzea nolabait gertu dauden beste herrialdeetan. Horrek ahalbidetzen du merkatutik 'gertu' mantentzea, baina kostuak murriztea.
Mexiko merkatu esanguratsua da EAErentzat Latinoamerika barruan. Are gehiago, 2022an EAEko esportazio gehien izan zuen Latinoamerikako herrialdea izan zen. Aipatzekoa da 130 milioi biztanleko merkatua duela, eta 2022an BPGak %3ko hazkundea izan zuela, herrialdea potentzia gisa kokatu zuena.