Enpresak apur bat ezkorrago dira hirugarren hiruhilekora begira

Laboral Kutxak eginiko inkestaren arabera, konfiantza indizea 47,7an kokatu da, aurreko hiruhilekoan 49,8koa izan ostean

Laboral Kutxaren egoitza nagusia | Argazkia: Laboral Kutxa Laboral Kutxaren egoitza nagusia | Argazkia: Laboral Kutxa

Laboral Kutxako Ikerketa departamentuak hirugarren hiruhilekorako Enpresen Konfiantza inkesta argitaratu berri du. EAEko 142 enpresen lagina hartu dute eta maiatzaren 7tik 28ra bitartean egindako inkestetan galdetu diete, besteak beste, fakturazioari, inbertsioei edo errentagarritasunari buruz. Adierazleak gehituz gero, konfiantza-indizea 47,7an kokatu da. Bestela esanda, enpresak aurreko inkestan baino apur bat ezkorragoak dira, indizea 49,8an kokatu baitzen 2024ko bigarren hiruhilekora begira. Hala ere, zifra oraindik ere 50etik gertu egoteak esan nahi du jarduera nahiko "egonkorra" espero dutela.

Aldagaietara jaitsiz, ingurune ekonomikoetan emaitzak antzekoak izan dira aurreko inkestarekin alderatuta: enpresen %62k uste du egoerak bere horretan jarraituko duela, %27,5ek okerrera egingo duela, eta gutxiengoak, %10,6k hobera egingo duela.

Fakturazioari dagokionez, enpresen %57ren ustez da aldaketarik izango; %19k dio, ordea, hobera egingo duela. %23ak aurreikuspen negatiboak erakutsi ditu, izan ere, okerrera egingo duela uste dute. Jarduerari erreparatuz gero, %64k ez du aldaketarik aurreikusten, eta soilik %9k pentsatzen du hobera egingo duela.

Eskabideen kasuan, enpresen %57entzat eskabideen bolumena aurreko hiruhilekoaren antzekoa izango da. Era berean, prezioei dagokionean, %83,3k uste du bere horretan mantenduko direla. 

Errentagarritasuna eta inbertsioen inguruan galdetuta, erantzun dutenen %91k adierazi du errentagarritasuna txikiagoa edo berdina izango dela. Inbertsio bolumenaren kasuan, %69a inbertsioek berdin jarraituko dutelakoan dago. Azkenik, enpresen %81aren arabera, enpleguan ez da aldaketarik egongo.

Esportazioen inguruan ere galdetu dute, eta inkestatuen %30ak adierazi du hobera egingo duela. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK