Enpresen prestaketa Biurtekora begira

Halako azoka batean parte hartzeko urtebete lehenago izena eman behar dute, eta sei bat hilabete lehenago hasten dira erakustokiak diseinatu eta prestatzen. 100.000 eta 2 milioi euro bitartean inbertitu ohi dituzte

Ibarmiako erakustokia, aurreko azoka batean | Argazkia: Ibarmia Ibarmiako erakustokia, aurreko azoka batean | Argazkia: Ibarmia

Lau urteko etenaren ostean, astelehenean zabalduko ditu berriro ere ateak BIEMH makina-erremintaren nazioarteko biurteko azokak. Horrekin batera, azoka nagusian zein paraleloan egingo direnetan —Addit3D, eta  BeDIGITAL, besteak beste— 1.400 bat enpresen azkeneko produktu eta zerbitzuak ikusi ahalko dira ekainaren 13tik 17ra. Biurtekoan egindako lana aurkezteko, ordea, enpresek hainbat hilabeteko lanketa egin behar izan dute aurretik, erakustokiak diseinatu eta erakusleihoa prest utzi ahal izateko.

Prestaketa horren bi adibide dira Ibarmiarena eta Lantekena. Lehenengoak Azkoitian (Gipuzkoan) du egoitza nagusia, eta mekanizatu sektoreari lotutako goi mailako teknologia produktuak eskaintzen ditu. 180 langile inguru dira Azkoitia eta Txinako produkzio plantak, eta Alemaniako bulego komertziala kontuan izanez gero. Bigarrenaren egoitza nagusia, berriz, Arabako parke teknologikoan dago, eta delegazioak ditu hamabost herrialdeetan. Guztira, 250 langile dira, eta metalaren prozesamendurako eta mozketarako proposamen integratua lantzen dute.

"Gutxi gora behera urtebete lehenago hasi ohi gara halako ferietan parte hartzeko lanean, espazioaren erreserba orduan egin behar izaten delako, eta ubikazioa zein izango den erabaki. Kasu honetan, gainera, atzeratu zenez, ia bi urte daramatzagu prestatzen. Azkeneko sei hilabeteak izaten dira intentsoenak", azaldu du Enara Barandiaran Ibarmiako marketin arduradunak. "Denbora asko eskatzen du. Normalean urteko ferien plana egiten dugu, eta erakustokiak 4-5 hilabete lehenago definitzen hasten gara, diseinu finalamodu intentsiboan lantzen", adierazi du Enrique Paramá Lantekeko marketin zuzendariak.

Enrique Paramá: "Azkeneko hilabete horietakoa hausnarketa finala da. Zer erakutsi nahi duzun, eta nola erakutsi nahi duzun pentsatu, zein espazio dituzun ikusi, eta bilatu espazioa aprobetxatzeko modurik onena: zeintzuk diren pasillorik onenak, trafiko onena, zein den jendearen norabidea, eta abar. Dena antolatu"

Azkeneko lauzpa sei hilabete horietan, batez ere erakustokia goitik behera diseinatzen aritzen dira. "Mila gauza egin behar dira. Batetik izaten da standaren distribuzioa, zein altzairu izango ditugun eta abar. Bestetik, claim edo esaldi nagusia landu, baita horren atzetik dagoen istorioa ere, komunikazio material guztia horri lotuta doalako", kontatu du Barandiaranek. Aurten, esaterako Ready for reality edo errealitaterako prest delakoa hautatu dute esaldi nagusi gisa. "Eta claim hori erabiltzen dugu feria honetarako zein beste batzuetarako, baita egiten ditugun gauza desberdinetarako ere", gehitu du Ibarmiakoak. Lanteken kasuan antzekoa egiten dute: "hilabete horietakoa hausnarketa finala da. Zer erakutsi nahi duzun, eta nola erakutsi nahi duzun pentsatu, zein espazio dituzun ikusi, eta bilatu hori aprobetxatzeko modurik onena: zeintzuk diren pasillorik onenak, trafiko onena, zein den jendearen norabidea, eta abar. Dena antolatu", aipatu du Paramák.

Komunikazio estrategia konplexua

Halako lanketa egiteko, bai Ibarmiak, bai Lantekek kanpo hornitzaile bat kontratatzen dute estrategia guztiaren diseinuan lagunduko diena. Eta aurten, Biurtekora doazen enpresarik laguntzen arituko ez bada ere, hornitzaile horietako bat izan ohi da Sorland komunikazio agentzia. Gorka Barruetabeña da bertako arduraduna: "ferietan parte hartzea komunikazioaren atal oso berezia da. Esfortzu handia eskatzen du, eta komunikazio estrategia batekin lotuta behar du. Ez da pentsatzea 'joango naiz feria batera, egingo dut lan komertzial sinple bat eta lortuko ditut emaitza batzuk'. Hori baino konplexuagoa da", nabarmendu du.

Besteak beste, prozesu horrek eskatzen du definitzea "zein motatako bezero potentzialak nahi diren lokalizatu jakinda zein profiletako jendea joaten den feria horietara, eta bezero potentzial horiei arreta errakartzeko moduko erakustokia planteatzea diseinu edo tamaina aldetik. Izan ere, standarekin konektatzen duten bezero potentzialak interneten sartu ohi dira nolako enpresa den ikusteko eta abar. Beraz, erakustokitik haratagoko interakzioa sortzen da, landu behar dena", azpimarratu du Barruetabeñak. Harremanerako lehen pausoa izan ohi da "kontaktu sinple bat egiteko, azkenean tarjeta bat emateko, eta hor hasten da, harremana hurrengo urteetan elikatu behar dena", dio Sorlandekoak.

Denbora inbertsioaz gain, inbertsio ekonomikoa ere eskatzen dio enpresari: "150.000 eurotik hasita 2 milioi euroko erakuslehioetaraino izan ohi dira", azaldu du Gorka Barruetabeña Sorland komunikazio agentziako arduradunak

Denbora inbertsioaz gain, inbertsio ekonomikoa ere eskatzen dio enpresari: "150.000 eurotik hasita 2 milioi euroko erakuslehioetaraino izan ohi dira", azaldu du Barruetabeñak. Ibarmiaren kasuan, adibidez, 100.000 eta 150.000 euroko kostua izan ohi du erakustokiak. "Eraikuntza eta dekorazioa, lurreko espazioaren alokairua, logistika, gastu komertzialak (bidaiak eta otorduak), materialen inpresioa (katalogoak, eskuorriak), merchandisinga eta bestelakoak kontuan hartuz gero. Dena den, azokaren araberakoa izaten da: alemanian garestiagoak dira; Txinan, ordea, merkeagoak", dio Ibarmiako marketin arduradunak. Lanteki dagokionez, marketin zuzendariak nahiago izan du konfidentzialtasuna mantendu.

Aipatzekoa da azoketan, besteak beste Biurtekoan, izaten direla oinarrizko erakustokiak ere, marko zuridunak, antolaketak berak jarritakoak. Arestian azaldutako zifrek, aldiz, erakustoki propioarekin joaten diren enpresei egiten diete erreferentzia.

Berrerabilzeko zailtasunak

Zenbaitetan materialak berrerabiltzeko aukera izaten badute ere, zaila izan ohi da azoka baterako sortutako erakustokia beste batean erabili ahal izatea. "Egia esan, birziklatze aldera, eta gutxiago kontsumitze aldera, saiatzen ari gara hala egiten. Baina ez da erraza, besteak beste erakustokiaren antolaketa bera aldatu egiten delako", dio Barandiaranek. Paramá bat dator: "Azoka bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta lekualdaketarekin eta muntaketarekin materiala ahuldu egiten da", dio. Hala ere, zenbait material —pantailak, aulkiak, mahaiak...— alokatu egiten dituzte azoka bakoitzean. 

Ibarmiaren kasuan, aurten aldaketa bat txertatu dute. "Gure erakustoki guztia, egurrezkoa izan beharrean, telazkoa izango da. Zati batzuk agian berrerabili ahal izango ditugu", esan du marketin arduradunak. Lanteki dagokionez, berriz, Paramáren hitzetan, "ezohikoa bada ere, lehenengo aldiz, Frantziako feria baterako egin dugun diseinuko zenbait elementu Bilbora etorriko dira, Biurtekorako".

Enara Barandiaran: "Egia esan, birziklatze aldera, eta gutxiago kontsumitze aldera, saiatzen ari gara hala egiten. Baina ez da erraza, besteak beste antolaketa bera aldatu egiten delako"

Lantekek bi erakustoki izango BECen datorren astean. Bata, azoka nagusian. "Enpresa adimentsurako proposamen guztia erakutsiko dugu, integratua, smart factory deritzona, metalaren mozketa eta prozesamendurako, aurrekontutik entregara. Gure suit guztia integratua da. Bezeroei egindako aurrerapenak erakutsi nahi dizkiegu lehengaiak, lan ordu asko, elektrizitate asko aurrezteko", adierazi du marketinekoak. Horretarako 110m2 inguruko espazioa izango dute. "Zona demo bat dugu, baita irla bat ere komertzialak hartzeko, mahai zabalak elkarrizketa lasagiagoak izateko eta bideo bat, non gure produktuak modu bisualean erakutsiko ditugun", gaineratu du. Bestea, berriz, BeDIGITAL industrian aplikaturiko eraldaketa digitalerako ferian, non zenbait hitzaldi babesten dituzten. "Lantek 35 urteko enpresa da, baina nazioarteko bokazioa izan du betidanik. Edozein kasutan, negozioa dibertsifikatu zarata egin nahi dugu maila lokalean eta horetarako aukera eskaintzen digu BeDIGITALek"; nabarmendu du Paramák.

Ibarmiak, ordea, erakustoki bakarra izango du, 196 m². "Ibarmiak batez ere makina pertsonalizatuak egiten ditu. Nahiz eta zenbait gauza aurredefinituta diren, makinak oso pertsonalizatuak dira bezero bakoitzaren beharren arabera. Badago makina bat, Z makina familiaren barruan dagoena, estandarra, Z Star izenekoa, hiru metrokoa da. Horren anaia txikia eramango dugu feriara, konfinamenduan ateratakoa 1.500 metrokoa. Uste dugu egungo beharretara ondo egokitzen dela", adierazi du Barandiaranek. Era berean, THR 12 pieza zirkular handiak egiteko erabiltzen den makina ere eramango dute. Han bertan izango dituzte bi makinak. "Makina muntatzeko astebete lehenago bidali behar izaten dugu BECera, dena prest uzteko eta martxan jartzeko", gehitu du.

Azoka gogoz

Azkoitiko enpresatik, guztira, hamabost bat langile joango dira Biurtekora, egun desberdinetan; Miñaokotik, hamar bat. Beste azoka batzuetara jende gutxiago joan ohi da bi enpresetatik. "Etxean jokatzen dugunez, asko goaz", dio Paramák. "Gure kasuan, enpresatik autobusa antolatu dugu azoka bisitatzera joateko", kontatu du Barandiaranek. Gainera, gogotsu dira azokarako. "Pozgarria da, nahiz eta gu telematikoki lanean ondo moldatu garen. Are gehiago, guretzat bi urtean behin egiten den feria bakarrenetarikoa da. Bestalde, teknologian, lau urte, urte asko dira", esan du Lantekekoak. "Guretzat beti da garrantzitsua bertan izatea, Espainia mailan makina-erremintari lotutako feriarik garrantzitsuena delako, eta merkatu oso garrantzitsua dugulako bertan. Ibarmia izan da beti oso feriazalea. Bertan izanda, lagun artean gaude. Bai edo bai izan behar zara han, eta aurten inoiz baino gehio, pasa dugun egoera dela, jendearekin berriro elkartzeko behar horrengatik", adierazi du Barandiaranek.

Enara Barandiaran: "Biurtekoan izanda, lagun artean gaude. Bai edo bai izan behar zara han, eta aurten inoiz baino gehio, pasa dugun egoera dela, jendearekin berriro elkartzeko behar horrengatik"

Azoka ezean, Ibarmiak iaz ate irekien jardunaldia egin zuen enpresan, "faltan botatzen genuelako hornitzaile eta bezeroekin gertuko harremana eta oso arrakastatsua izan zen". Errepikatzea aurreikusi dute, oraindik noiz finkatu ez badute ere. Edozein kasutan, Biurtekoa bera aprobetxatuko dute, bezeroekin BECen elkartzeaz gain, zenbaitek Ibarmia tokian-tokian bisitatu dezaten. Izan ere, makina-erremintaren azokak zentzu batean funtzio hori betetzen du: marka sendotu, eta ohiko hornitzaile eta bezeroak elkartzeko espazioa da. "Noski, feria komertziala da, eta negozioak egiten dira, onurak azaltzeko unea baita, eta bezeroek onura horiek euren fabriketara eramaten dituzte maiz. Baina helburua ez da hainbeste bezero berri bat topatzea, normalean Biurtekora datozen gehienekin harreman komertziala dugulako dagoeneko", azpimarratu du Paramák. "Batez ere gure marka sendotzea bilatzen dugu, baita networkinga egitea ere, harremana ez dadin galdu. Guk Espainian oso merkatu kuota altua dugu, etxean jokatzen dugulako, eta merkatuak ezagutzen gaituelako. Eta, horrekin batera, gure bezeroei onurak erakutsi nahi dizkiegu", gaineratu du Lantekekoak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK