
Balenciaga ontziolako langileek elkarretaratzea egingo dute astearte honetan, goizeko hamar eta erdietan, Eusko Jaurlaritzaren Donostiako egoitzaren aurrean, erakundeen babes handiagoa eskatzeko. Ontziolaren jarduerarekin jarraitzeko aukera dagoela uste dute, baina Cofidesek "edozein akordio blokeatzen jarraitzen” duela diote.
Elkarretaratze horren ostean, Okendo kalean dagoen Espainiako Gobernuko ekonomia eta ogasun ministerioaren eraikinean elkartuko dira. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Ekonomia Ministerioak adostu zuten jarraipena jada ez dela existitzen eta orain arteko negoziazioak "denbora galtze bat" izan direla salatu dute langileek.
Langile batzordeak pasa den astean ohartarazi zuen ontziolaren konkurtso kudeatzaileak langile guztiak kaleratzeko negoziazioak abiatu nahi zituela. Kudeatzaileak adierazi zuten ontziola erosteko interesa duten enpresak badirela, baina ez dutela eskaintza irmorik egin.
Balenciaga likidaziora gerturatzen ari dela esan zuen langile batzordeak. Halaber, bai Jaurlaritza, bai Espainiako Gobernua ez direla erabat inplikatzen ari iritzi diote.