“Pertsonentzako lan egiten duten pertsonek” osatzen dute Zabalduz. Hala dio Jon Amallobieta zuzendariak. Hamar urteko ibilbidea egin berri du irabazi asmorik gabeko proiektu kooperatibo honek, izan ere, 2014ko martxoan UBA Larrialdietarako Harrera Zentroa kudeatzen zuten hainbat lankidek sortu zuten ekimena, Agintzariren laguntzarekin.
Ekonomia sozial eta solidarioan oinarrituta, gizarte ekimeneko kooperatiba da, erabilpen publikoko enpresa bezala aitortua dena, eta babesgabetasun eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen esku hartze sozialaz arduratzen da, besteak beste. Gizarteko premiak ase nahian, azken urteotan “sekulako hedapena” izan du proiektuak Ane Zubizarreta kooperatibako lehendakari oiharen hitzetan, “aldaketa askotako urteak izan dira, eta gizarte zerbitzuen munduan geroz eta profil diferenteagoak hartatzen ditugu”, nabarmendu du.
2014ko martxoan UBA Larrialdietarako Harrera Zentroa kudeatzen zuten hainbat lankidek sortu zuten Zabalduz, Agintzariren laguntzarekin
Garapen komunitarioaren eta ekonomia sozial eta solidarioaren balioak eta ikuspegia partekatuz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren UBA adingabeentzako Harrera Egoitza kudeatzeari ekin zioten, lurraldeko adingabeak babesteko sistemaren sarean, urgentziako kasuak hartatzeko harrera egoitza bakarrean. “Eremu zehatz batean hasi ginen eta behar zehatz bati erantzuna eman nahian”, dio zuzendariak, eta modu honetara, “errealitate kooperatibo propio bat" sortu zuten.
Gizarteko beharrei erantzuna eman nahian
Kooperatibaren hazkundea, "hein handi batean bilatu gabea, baina beste alde batetik, bilatua izan da, gizartean zeuden beharrei erantzunez, bilakaera bat eman delarik” azaldu du Amallobietak. 15 bat bazkiderekin sortu zen kooperatiba, eta 35 lagun baino gehiago hasi ziren UBAko harrera zentroa kudeatzen. Ordurako, zentro huraz gain, gizarte zerbitzuetako beste proiekturen bat kudeatzea ere kooperatibaren helburuen artean zegoela aitortu du Zubizarretak. “Hori zen gure asmoa, baino gero pentsatutakoa baino bilakaera handiagoa izan dugu”.
Gizartearen behar horiei erantzuna eman nahian, Segurako Emantzipazioarako Laguntza Zentroa jarri zuten martxan 2018an, esku-hartze soziala teknikoki hobetzeko helburuarekin, eta helduarora igarotzeko prozesuan dauden adingabeei zuzenduta batik bat. “Berrikuntza izaera hori beti izan dugu, eta egonkortuta dauden zerbitzuak nola hobetu eta eguneratzen pentsatzen gabiltza uneoro. Gizarteak dituen behar berriei erantzun berriak ematen saiatzen gara”, azaldu du egungo zuzendariak.
Jon Amallobieta: “Berrikuntza izaera hori beti izan dugu, eta egonkortuta dauden zerbitzuak nola hobetu eta eguneratzen pentsatzen gabiltza uneoro. Gizarteak dituen behar berriei erantzun berriak ematen saiatzen gara”
Izaera berritzaile horren emaitza da ere GazteOn SareLan programa, harrera egoitza esparruan 18 urte betetzeak dakartzan erronkei aurre egiten dien lehen egitasmoa. 18 urte betetzerakoan, adin nagusira helduta, gizarte zerbitzuetan aldundiaren departamentu batetik bestera egiten du salto erabiltzaileak, baliabide batetik bestera. “Zure urtebetze egunean maleta hartzen duzu eta beste etxe batera zoaz. Hori nerabe eta gazteen emantzipazio eta autonomia prozesuetan haustura handia da, eta hezkuntza ikuspegitik ez du zentzurik”, dio Amallobietak. Bere hitzetan, GazteOn SareLan programak hautsi zuen errealitatea honekin, eta bertan 16 urterekin sartu daitezke eta 21 urtera arte egon ohi dira babesgabetasun egoeran daudenak. “Nerabe hauek normalean ez dira atera diren familietara itzultzen eta bizi proiektu propioak eraiki behar dituzte, hor haustura bat izatea ulergaitza zen”, gehitu du.
Inklusio soziolaborala eta esku hartze komunitarioa
Babesgabetasun eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen esku hartze sozialaren esparruan, beste hainbat programa ere badituzte martxan, hala nola, Trapezistak edo Kideak izenekoak. Baina, beste eremu batzuetan ere murgildu dira azken urteotan, inklusio soziolaboralean eta esku hartze komunitarioan, besteak beste.
2020an hausnarketa estrategikoa egin zuen kooperatibak, eta sisteman ziren nerabeek laneratzera iristeko zailtasun handiak zituztela ondorioztatu zuten. “Guk autonomia eta emantzipazioa lantzen genuen beraiekin, baina laneratzera iristerako orduan arazoak handiak zituzten, formazioa ez zegoen gaur egun bezain landua, eta enpresentzako ere profil arrotzak ziren”, dio zuzendariak.
Jon Amallobieta: “Guk autonomia eta emantzipazioa lantzen genuen, baina laneratzera iristerako orduan arazoak handiak zituzten, formazioa ez zegoen gaur egun bezain landua, eta enpresentzako ere profil arrotzak ziren”
Bi erabaki handi atera ziren hausnarketa hartatik: jarduera dibertsifikatzea (ordura arte adin txikikoen babes eremuan zentratuta baitzuten aktibitatea) eta laneratzearen munduan lehen urratsak ematea. Horren emaitza dira, besteak beste, Batzen programaren garapena, Bertatik Elikatuz enpresa, Beterri berrikuntzako enplegu sozialaren dinamizazioa edota arlo komunitarioan egindako beste hainbat lan. Amallobiertaren arabera, “2020ko hausnarketa estrategikoan hartutako erabakiek ekarri gaituzte egungo egoerara. Sortu zaizkigun aukerak aprobetxatu ditugu”.
Egun, adin nagusien harrera egoitzetan ere badaude, baita inklusioko laguntza pisuetan ere. “Gure jarduera hiru eremutan banatzen dela esan daiteke. Arlo soziolaboral eta komunitarioan garapena azken urteetan eman da, udaletxeekin”. Besteak beste, Hernani, Legorreta, Oiartzun edo Errenteriako udalekin sortu dituzte esku hartze komunitarioko proiektuak.
Eraldaketa soziala jomugan
Kooperatiba izatea ere ez da ausazko hautua izan. “Hemen lan egiten duten guztien lan baldintza ahalik eta onenak izatea da kooperatibarekin bilatzen duguna. Gure egitekoaren beste esparru bat baita lanaren duintasuna eta profesionaltasuna”, azpimarratu du Amallobietak. Etekinak beharrezkoak dituzte noski, “berrikuntza eta ikerketa egiteko”, baina ez dute aberastasuna helburu. “Kooperatiba ereduak bermea ematen zigun gizarte zerbitzuetara bideratzen den diru hori modu justu eta garden batean batean kudeatzeko. Gure lan egiteko modura egokitzen zela iruditu zitzaigun”, gehitu du Zubizarretak.
Era berean, gizarte zerbitzuak tokian tokiko langileek ematearen garrantzia azpimarratu dute bi bazkideek. “Pertsonekin lan egiten dugun jendea gara, eta kooperatiba hemengoa izatea eta erabaki ahalmena hemen egotea funtsezkoa da”. Egun, 250 langile inguruk osatzen dute kooperatiba, eta horietatik 118 dira bazkide.
Ane Zubizarreta: “Kooperatiba ereduak bermea ematen zigun gizarte zerbitzuetara bideratzen den diru hori modu justu eta garden batean batean kudeatzeko. Gure lan egiteko modura egokitzen zela iruditu zitzaigun”
Honela, Zabalduzek lan egiten duen esparrua eta lan hori egiteko duen enpresa ereduak nolabaiteko helburu bateratu bat du: eraldaketa soziala. “Lan soziala egiten dugu, eta hartatzen ditugun pertsonen errealitateak aldatu nahi ditugu. Lanarekin ez ezik, enpresa ereduarekin ere eraldaketa soziala bilatzen dugu”, argitu du Amallobietak. “Beste kooperatiba batzuekin elkarlanean aritzea ere permititzen dizu honek”, dio Zubizarretak.
Gainera, kooperatiba sare bat osatzeak (Bogan izeneko bigarren mailako kooperatiba baten parte dira), zeharkako zerbitzuak, estrategiak, ikasketak eta teknologia partekatzea ahalbidetzen dio Zabalduzi. “Horrek laguntzen digu indartsuak izaten jakintzan, eta baita gure herrian gure sektorearen defentsan ere”. Izan ere, kapital handiko enpresa handien mehatxua hor dago. “Diruz irabazten digute, baina teknikoki ez, eta horretarako ezberdinen arteko sinergiak eta elkarlana nahitaezkoa da, horrela saretzen gara”.
Datozen erronkak: etxebizitza eta buru osasuna
Gero eta etorkin gehiago sortzen dituen gizarte batean, premiak eta beharrak eraberrituz doaz, eta Zabalduzek ere erronka berriei egin behar die aurre. 2020ko hausnarketa estrategikoan laneratzearen arazoa identifikatu bazuten, orain etxebizitzaren arazoa dute begiz jota. “Gazteek emantzipazio prozesua egin ostean, lana lortuta eta babes eremutik atera ondoren, ez dute etxebizitza bat lortzen”, azaldu du zuzendariak. Etxebizitza eredu desberdinak ikertzen ari da kooperatiba, eta Errenteriko etxebizitza komunitarioaren dinamizazioa egiten dute eta Usurbilgo Txirikorda proiektuarekin elkarlanean ari dira besteak beste. “Etxebizitzara heltzea erraztu behar zaio jendeari, behar bereziak dituen jendeari batez ere”.
Jon Amallobieta: “Etxebizitzara heltzea erraztu behar zaio jendeari, behar bereziak dituen jendeari batez ere”
Beste erronka handienetako bat osasun mentala da. “Babes sailean dauden nerabe askoren profila aldatu da, osasun mentaleko arazoak dituzten profilak ugaritu egin dira, eta horretan ere, alde soziosanitariotik ere ikasi beharko dugu zerbitzuak eskaintzen”. Era berean, desira gabeko bakardade egoeran daudenen afera ere ageri da, zeinak zaurgarritasun edo mendekotaun batera iritsi aurreko estadioa den, eta horretan, “prebentiboki lan egin daitekeela” uste dute Zabalduzen.
Aipatutako erronkak kanpora begirakoak lirateke, baina barnera ere so egin nahi du kooperatibak, barne egiturari ere "nolabaiteko buelta bat" eman nahi baitiote, baita bazkide kopurua handitu ere. “Zentzu kooperatiboa, elkarlana, eta elkarrekiko erantzukizuna landu behar ditugu, ereduak urteetan jarraitu dezan. Gure beste taldeko kooperatibekin interkooperazioa ere landu behar dugu, baita ekonomia sozialean ari diren beste kooperatiba edo beste enpresa elkarteekin”, kontatu du Amallobietak. “Sustrai indartsu batzuk genituen eta hamar urte hauetan zuhaitz eder bat atera zaigu. Orain nahiko genuke zuhaitz hori handitu ordez, sustraiak indartu”, bukatu du.