800 milioi eurotik gorako zorra du Eroskik, eta horri aurre egiteko 503 milioi euroko lehen ordainketa egin behar du datorren urteko uztailaren 31 baino lehen. Zorra birfinantzatzeko 500 milioi euroko bonuen jaulkipena ere iragarri berri du aste honetan, eta orain hainbat higiezin eta lursail saltzeko prest dagoela dirudi. Zorra kitatzeko estrategiatzat jo da. Aitzitik, Eroskiko iturriek EnpresaBIDEAri azaldutakoaren arabera, higiezin eta lursailen salmenta honek negozioaren garapenarekin jarraitu ahal izateko baliabideak eskuratzea du helburu, hau da, inbertsioak egiteko finantzazioa lortzea.
Eroskik 70 milioi euroko irabaziak izan ditu urteko lehen sei hilabeteetan, 2.500 milioitik gorako diru sarrerak eskuratu ditu eta azken urteotan EBITDA positiboa izan du. Inbertsoreekin egunotan egindako bileretan azaldu du Eroskik ondasun higiezinak saltzeko aukera, baina aurretik jada baliatu du finantzazio estrategia hau. Sektorean azken urteotan eman den joera aldaketa da higiezinak saltzearena eta Eroskiren iturriek azpimarratu dute ez duela zorra kitatzearekin zuzeneko zerikusirik.
Hartara, Eroskin higiezinak saltzearen estrategiarekin jarraitu nahi du. Sale and lease back izenez ezagututako estrategia da, zeinak enpresei likidezia lortzea ahalbidetzen dien, baina era berean, beren aktiboak galtzen dituen. Kooperatibaren higiezinen ondarea 287 milioi eurokoa da egun, eta gaur-gaurkoz saltoki guztien %3 soilik du jabetzan.
Azken hamar urte pasatxoetan zorraren %75 kitatu du Mondragon taldeko kooperatibak, 2.500 milioi euro baino gehiago. Erronka berria orain datorren uztaileko ordainketari aurre egitea da. Azkeneko ordainketa, aldiz, 2027an egitea aurreikusten dute, 200 milioi eurokoa.