Eroski: zorra atzean utzita, plan estrategiko berri bat

2024-2026 aldian 127 milioi euroko inbertsioa egingo du Elorrioko kooperatibak. "Zorra erabat normalizatuta", produktuen prezioak "are gehiago" murriztuko dituztela iragarri dute

Eroskiren saltoki bat Donostiako Usandizaga kalean | Argazkia: EnpresaBIDEA Eroskiren saltoki bat Donostiako Usandizaga kalean | Argazkia: EnpresaBIDEA

Azken urteak ez dira errazak izan Eroskirentzat. Orain urtebete pasatxo 900 milioi eurotik gorako zorra zuen Elorrioko kooperatibak. Gerora, 2023 amaieran, hainbat finantza tresnatan zatituz, zorra berregituratzea lortu zuen, 35 milioi euroko mailegua sinatuta BNP Paribas eta Deutsche Bank erakundeekin, eta 113 milioiko beste bat Laboral Kutxa, Kutxabank, ICO, Sareb eta Mondragon Inversionesekin.

Zorra 671 milioi eurora murriztuta, 2023an 109 milioi euroko irabaziak izan zituen, aurreko urtean baino %70 gehiago, eta taldeak azaldu duenez, “zorra erabat normalizatuta” amaitu du azken plan estrategikoa. 2022a ez zen ekitaldi erraza izan kooperatibarentzat: prezioen oldarraldiak kostuen %15eko gehikuntza ekarri zion, eta interes tasen gorakadak bere zorpetzearen finantza kostua nabarmen handitu zuen. Iaz, aldiz, 5.729 milioi euroko salmenta garbiak izan zituen, 2022an baino %6,3 gehiago, eta 154 milioi euro bideratu zituten berrikuntzara (%29 gehiago). Era berean, 74 saltoki berri ireki zituen, denera 1.524 establezimendu fisiko dituelarik egun zabalik. Hala, maiatzean Bilbon egindako emaitzen aurkezpenean, kooperatibak etorkizun baikorraren mezua helarazi zuen.

Informazio gehiago Eroskik bere zorra berregituratzea lortu du

“Aurrekaririk gabeko erronkak aurkeztu zaizkigu etengabe”, zioen Rosa Carabel Eroskiko zuzendari nagusiak. “Gure kontroletik kanpo zeuden muturreko egoerei malgutasunez eta arintasunez aurre egiteko gai izan gara, balio-kate osoan hornidura-arazoak eta neurriz kanpoko inflazioa eman badira ere”. Zuzendariaren hitzetan, familien gaineko presioa murrizten laguntzeko, prezioen igoera mugatu dute kooperatibaren marjinen aurka.

Posizionamendu berri bat

Datorren hiru urteetarako plan estrategiko berria plazaratu du banaketa enpresak, eta azaldu dutenez, prezioak “are gehiago” murriztuko dituzte, produktu freskoetan eta marka propioan “arreta berezia” jarriz. Taldeak 127 milioi euroko inbertsioa egingo du 2024-2026 aldian, azken bi urteetan egindako 158 milioiko inbertsioari gehitzen dena. “Esfortzua erraldoia da”, dio Beatriz Santos kooperatibako zuzendari komertzialak, inbertsioa “prezioak jaisteko” egiten dutela gogoraraziz.

Estrategia berriaren baitan, posizionamendu berria aurkeztu du Eroskik. “Kontsumitzailearen eskura produktu aukera zabal eta eraginkorra jarri eta produktu gama hori prezio onean eskaini nahi dugu”, adierazi du Carabelek. Era berean, lehiakortasunarekin “itsututa” jarraitzen dutela adierazi du, kontsumitzaileari “erosketa esperientzia” hobetzeko asmoz.

Rosa Carabel: “Kontsumitzailearen eskura produktu aukera zabal eta eraginkorra jarri eta produktu gama hori prezio onean eskaini nahi dugu”

“Kontsumitzailea da gure DNA; gure estrategiaren erdian dago. Bere lehentasunetara egokitzen den eskaintza komertziala egiteko gai izan nahi dugu”, gehitu du. Halaber, estrategia berriaren bereizgarria tokiko aberastasunean eta elikadura osasuntsuan oinarrituko dutela nabarmendu du. “Beste elikagai banatzaileen aldean, erabat bereizten gaituen bi alderdi direla uste dugu. Lan egiten dugun zonaldeari laguntzen diogula azaldu nahi dugu, tokiko produktua erosiz eta enplegua sortuz”.

Promozioak, fidelizazio kluba eta ordainsari programak ere mantenduko ditu kooperatibak datorren hiru urteetan. “Gure bezeroek %4ko deskontua izan dezakete erosketa bakoitzean”, argitu du Santosek. Era berean, marka propioan jarri du azpimarra. “Kontsumitzaileak oso barneratua du marka propioa bere erosketan, eta bultzada bat eman nahi diogu. Kontsumitzaileak erakartzeko elementua izatea nahi dugu”. Hala, marka propioen merkatu kuota %1 bat handitzea aurreikusten dute.

Eroskiko zuzendari nagusia, Rosa Carabel, atzoko prentsaurrekoan | Argazkia: Eroski
Eroskiko zuzendari nagusia, Rosa Carabel, 2023ko emaitzen aurkezpen ekitaldian | Argazkia: Eroski

Desinbertsiotik inbertsio teknologikora

Finantza larritasunak atzean utzita, 2024ko lehen hiruhilekoan 1.364 milioi euroko salmenta gordinak izan ditu Eroskik, aurreko urte berean baino %3,4 gehiago. Egun, sei milioi bezero bazkide ditu kooperatibak, eta kopuru hori handitzea dute helburu, merkatu kuota handitu asmoz. Gainera, azken hiru urteetan 159 saltoki berri ireki dituzte.

Horrekin batera, Vegalsa supermerkatu kate galiziarraren %50 erosi zuenetik 25 urte bete dira aurten, eta aliantza horren arrakasta “sektore-eredu” bihurtu dela nabarmendu du Carabelek. Egun erreferentziazko katea da Vegalsa Galizian, Asturiasen eta Leonen, eta Eroskik %12,8ko merkatu kuota du Hego Euskal Herrian eta Espainiako iparraldean.

2024ko lehen hiruhilekoan 1.364 milioi euroko salmenta gordinak izan ditu Eroskik, aurreko urte berean baino %3,4 gehiago

Bestalde, Eroskik eraldaketa teknologikoa sustatzeko 100 milioi euro inbertituko dituela ere jakinarazi du. Azken urteotan desinbertsio estrategia bat gauzatu behar izan du zorrari aurre egiteko, eta besteak beste, If lurrindegien eta bidaien negozioak saldu behar izan ditu, baita hainbat higiezin eta lursail saldu ere. Orain, ordea, inbertsioei ekin die berriz ere. Adimen artifiziala eta robotizaziori esker, hainbat prozesu komertzial hobetzea espero du kooperatibak, eskaeren kudeaketa, esaterako. Gainera, inbertsio teknologiko horrek langileen eragiketak eta lan kargak arintzea ekarriko duela aurreikusten du Mondragon taldeko banaketa kooperatibak.

Informazio gehiago
Nola erosiko dugu etorkizunean?
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK