Eroskik 109 milioi euroko emaitza positiboarekin itxi du 2023a, eta zorra murriztea lortu du

Zorra 909 milioi eurotik 671 milioi eurora jaitsi du. Iaz 74 supermerkatu berri zabaldu zituzten

Eroskiko zuzendari nagusia, Rosa Carabel, atzoko prentsaurrekoan | Argazkia: Eroski Eroskiko zuzendari nagusia, Rosa Carabel, atzoko prentsaurrekoan | Argazkia: Eroski

Eroski taldeak 109 milioi euroko emaitza positiboarekin itxi du 2023a, iaz baino %70,3 baino gehiago. Gainera, zorra 671 milioi eurotara murriztu du, urtebete lehenago 909 milioikoa zenean, Rosa Carabel, supermerkatuko zuzendari nagusiak iazko emaitzak aurkezteko prentsaurrekoan jakitera eman duenez. 

Bestalde, Eroskiren mozkin operatiboa 259 milioi eurora iritsi da, aurreko urtean baino %26,9 gehiago, eta jarduera bolumena ere handitu egin du, 5.729 milioi euroko salmenta gordinak lortuz, aurreko ekitaldikoak baino %6,3 handiagoak.

Carabelek nabarmendu duenez, "aurrerapen handiko urtea itxi dugu, inflazioaren aurrean kudeaketa eraginkorra eginez, eta aplikatutako estrategiek egungo erronka ekonomikoei erantzun diete".

EBITDA %18 inguru hobetu du, 331 milioi euroraino, salmenta gordinen gaineko %5,77ko ratioarekin, 2022an baino lau hamarren gehiago.

Inflazioari aurre egiteko ekintzak

Halaber, Eroski taldeak inflazioari aurre egiteko ekintzak jarri ditu abian, elikaduran eta kostu zuzenetan inflazioak etengabe gora egiten duen testuinguruan. Hala, taldeak salmenta prezioetan duen eragina arintzen saiatu da, hainbat ekimen komertzialen, eskaintzen, deskontu pertsonalizatuen eta esklusiboen bidez.

Eroskik sare komertziala handitzen jarraitu zuen 2023an, 74 supermerkatu berri eta gasolindegi bat zabalduta. Hurrengo hiru urteetan, Carabelek azaldu duenez, 159 denda propio eta frankiziatu gehiago izan nahi dituzte.

Era berean, enpresak 15 milioi euro baino gehiago bideratu ditu berrikuntza eta garapen-proiektuetara. 2023an, enpresak 31 berrikuntza-ekimenetan parte hartu zuen, horietatik hamar zentro teknologikoekin, unibertsitateekin eta startupekin egindako lankidetza-proiektuetan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK