Urtebete pasa da Agustin Markaidek Rosa Carabeli lekukoa pasa eta Eroskiren 53 urteko historian lehen aldiz emakume batek kooperatibaren gidaritza hartu zuenetik. Inflazioaren presiopean eta interes tasak goranzko maldan zirela ekin zion Kontseilari Delegatu berriak bere zereginari. Gaurkoan Bilboko Euskalduna Jauregian egingo du Elorrioko kooperatibak bere Batzar Nagusia, eta Carabelen kudeaketak bazkideen babes zabala jasotzea espero da. Prezioen gorakadak nabarmen baldintzatu du Kontseilari Delegatu berriaren lehen urtea. Eroski Taldeak 64 milioi euroko mozkin positiboa lortu zuen 2022ko ekitaldian, aurrekoan baino %39 gutxiago. Inflazioak beheranzko bidea hartuta, zorraren afera da Bizkaiko taldeak aurre egin beharreko erronka. Zorra 909 milioikoa da. Erdia baino gehiagok, baina, 2024an du mugaeguna, eta birfinantzaketarako negoziazioak hasi ditu Eroskik dagoeneko.
Hartzekodunekin akordioa erraz lortzea espero du Carabelek. Hala adierazi zuen aurreko ekitaldiko emaitzak aurkezteko orduan: "Finantza akordioa nahi dugu. Egoera normalizatu batean gaude". Ez da bere zorpetzea birnegoziatu behar duen lehen aldia. 2008ko finantza krisiak 3.000 milioi eurotik gorako zorra zuela harrapatu zuen Eroski, Capraboren erosketak eragindakoa, nagusiki. Finantza erakundeekin negoziazio luze eta korapilatsuak burutu behar izan ditu. Hartzekodunekin izandako hartu-emanetan hainbat eskakizuni men egin behar izan dio taldeak, eta negozioaren muina hartu izan du bere jardueraren ardatz, desinbertsio politika esanguratsua aurrera eramanez. Horrela higiezinak eta dendak saldu behar izan ditu, eta merkatu kuota handiena duen lurraldeetan kokatu du bere negozioa.
Desinbertsio estrategiaren barruan, If lurrindegien eta bidaien negozioak saldu ditu Eroskik
2015ean, esaterako, Dia kateari 160 denda saldu zizkion, eta 2016an Carrefour talde frantziarrari 36 hipermerkatu eta 22 gasolindegi. Beste hainbat kasutan Eroskik higiezinak saldu ditu bertan jarduera mantenduz, alokairu kontratu baten bitartez. Horrela egin zuen 2021ean, higiezin eta lease back eragitetan espezializatutako AEBko inbertsio funtsari 27 higiezin salduta. Saltokiak eta gasolindegiak saltzeaz gain, kooperatibak negozioaren muinarekin horren lerrotuta ez dauden negozio ildoak utzi behar izan ditu. 2017an, adibidez, If lurrindegien negozioa Douglas kate alemaniarrari saldu zion. Bidaien alorrarena izan da desinbertsio estrategiaren hurrengo urratsa, eta 2023ko martxoan Mallorkako Iberostar taldeari bere bidaia agentzien negozioa saldu zion 10 milioi euroren truke.
Zorraren hurrengo mugaegunak
Erronka handia suposatu dio Eroskiri bere zorpetzea murrizteak. Negoziazio luze eta gogorrei egin behar izan die aurre, eta hainbatetan muturreko egoerara iristeko arriskuan egon bada ere, egoera bideratzen jakin izan du horretarako desinbertsio politika zorrotzak burutu behar izan baditu ere. Kooperatibako bazkideek ere sakrifizio handiak egin behar izan zituzten. Soldatak, esaterako, % 5 eta % 10 bitartean murriztea onartu zuten bazkideek 2013an. Egindako esfortzuak, baina, fruituak eman ditu eta 2009tik zorra % 75 murriztea lortu du Elorriko enpresak, 2.514 milioi euro.
Lau alditan birnegoziatu izan behar du Eroskik bere zorra finantza hartzekodunekin, eta EnpresaBIDEAri adierazi bezala, bosgarrena abian da. Enpresa "lasai dago negozioak zorrari aurre egiteko ematen duelako". Horregatik ez dute aurreikusten desinbertsio gehiagoren beharrik. 2019an sinatu zuen kooperatibak bere zorra berregituratzeko azken akordioa, 1.503 milioi eurogatik. Zor horren zatirik handiena, 1.022 milioi euro, tasa aldakorreko finantzaketa da, eta hortaz, euriborraren igoera malkartsuak eragiketa horien interes tasa efektiboa % 6ra igo da, kooperatibaren urteko kontuek jasotzen duten bezala. Finantza erakundeekin sinatutako akordioak hainbat higiezinen zein aktiboen gaineko bermeak jasotzen zituen, eta Eroski eta Caprabo marken gainekoak ere bai.
Bere zorra % 75 murriztu du azken 15 urtetan. Egun 909 milioi euroko zorra du
Azken ekitaldiaren bukaeran (2023ko urtarrilaren 31an) zorra 909 milioikoa zen, aurreko urtean baino 196 milioi gutxiago. Zorra itzultzeko egutegiak ez dio estualdirik suposatuko Eroskiri 2023an, 31 milioi bueltatu beharko duelako. Hurrengo urtean, ordea, 525 milioi euro amortizatuko beharko du, eta beste 200 milioi 2025ean. Bazkideek gaur onartu behar dituzten kontuek 22 milioi euroko ezohiko sarrerak biltzen dituzte, bidaien alorra eta higiezin bat saltzeagatik eskuratutakoak. Kopurua ez da nahikoa hurrengo urteko ordainketa konpromisoei aurre egiteko.
Hori dela eta, hurrengo urteetako mugaegunak luzatzea dute helburu hartzekodunekin abiatutako negoziazioek. Bada, berriz, bigarren helburu bat: berme gehigarririk ez ematea. Duela bi urte, 2021ean, burutu zuen kooperatiba bizkaitarrak azken urteotako amortizaziorik handienetakoa, 400 milioi eurokoa. Desinbertsio estrategiari ekin behar izan zion orduan zorrak ordaintzeko dirua eskuratzeko. Alde batetik, WP Carey funtsari saldutako higiezinengatik 85 milioi euro inguru jaso zuen. Bestetik, Caprabo katearen akzioen erdia saldu behar izan zuen.
Caprabo eta Vegalsa, Euskal Herritik kanpoko negozio nagusiak
Eroski Taldearen negozioa bi multzo nagusitan banatzen da: elikadurarena eta dibertsifikazioarena. Elikaduraren alorrean supermerkatu, hipermerkatu eta gasolindegiak biltzen ditu. Caprabo eta Vegalsa taldeen dendak ere sartzen dira bertan. 1956an Galizian sortutako elikadura katea da Vegalsa, eta duela 25 urte Eroski Taldeak akzioen % 50 eskuratu zuen. Egun erreferentziazko katea da Galizian, Asturiasen eta Leonen, eta Vegalsa, Eroski eta Familia marken bitartez aritzen da.
Caprabok, aldiz, Katalunia eta Balear Uharteak ditu bere merkatu nagusi. 2007an eskuratu zuen Eroskik Caprabo, 1.300 miloi euroren truke. 2008ko finantza krisiaren atarian egindako inbertsioak (eta bere finantzaketak) Eroskiren kaudimena eta jasangarritasuna kinka larrian jarri zuen hurrengo urteetan. Hartzekodunekin 2019an egindako zorraren azken negoziazioan, Capraboren aktiboen gaineko bermeak ezarri ziren. 2021ean Eroskik Capraboren % 50 saldu zion Supratuc 2020 SL konpainiari, Txekiako Ep Corporate taldearen filialari. Bermeak jaso ziren, zorra amortizatu ahal izateko. Egun Eroskik mantentzen dituen akzioen gaineko bermea dute finantza erakundeek. Desinbertsio berri bat burutzeko, hortaz, bankuen baimena beharko luke.
[Dibertsifikazioan] If lurrindegiak eta Eroski Bidaiak saldu eta gero, kirol eta modaren banaketaren alorra baino ez du, Forum eta Doers marken bitartez
Elorrioko taldearen bigarren multzoa asko mehetu da azken urteotan, salmenten bitartez. If lurrindegiak eta Eroski Bidaiak saldu eta gero, kirol eta modaren banaketaren alorra baino ez du, Forum eta Doers marken bitartez. Caprabon eta Vegalsaren eredua jarraitu eta Forumen bidaide izango den bazkidea topatzea izan liteke desinbertsio estrategiarako beste aukera bat. Eroskik, baina, ez du aukera hori mahai gainean jarri nahi, eta taldearen jarduera bera, 65 milioiko irabaziak ematen dituena, zorpetzeari aurre egiteko berme nahikoa dela argudiatzen du.
Saltoki eta denda gehiago
Ez du ekitaldi erraza izan Eroskik. Prezioen oldarraldiak kostuen % 15eko gehikuntza ekarri diote, eta interes tasen gorakadak bere zorpetzearen finantza kostua nabarmen handitu du. Arazoak arazo, Eroskik bere mozkin operatiboa, zergen eta interes ordainketaren aurrekoa, % 10 igotzea lortu du. Etorkizunari begira ere, baikorra da kooperatiba. 2022ko bilakaera jarraitzea espero du, eta horretarako saltoki berriak irekiko ditu, 75 inguru, horietatik 65 bat frankizien bitartez.
Ez du ekitaldi erraza izan Eroskik. Prezioen oldarraldiak kostuen % 15eko gehikuntza ekarri diote, eta interes tasen gorakadak bere zorpetzearen finantza kostua nabarmen handitu du
Inflazioak bezeroen azturak aldatu dituela nabarmentzen du taldeak. Freskoen kontsumoak behera egin du, eta bezeroek marka zuriaren alde gero eta gehiago egiten dute. Egun marka zuriak erosketen % 35 suposatzen du eta goranzko joera oso esanguratsua da. Gastua hobeto kudeatze aldera, bezeroak maizago doaz supermerkatura, eta erosketa bakoitzean % 2 gutxiago gastatzen dute. Bazkideen aldetik ere, urte berezia izan da, 1.200 bazkide berrirekin, aurreko urteko bikoitza. Gehikuntzak, aldiz, badu arrazoi argia: Lan Erreforma. Orain arte aldi baterako lanaldiekin ibilitako langileak mugagabe egiteko Eroskik bazkide egitea eskatzen du.
Bazkideen ekarpenak, ezbaian
Gaurko Batzar Nagusian bada bazkideek hartu lezaketen beste erabaki garrantzitsu bat. Kooperatibako kide egiteko orduan bazkideek Eroskiren kapitalerako ekarpena egiten dute. Ondo bidean, kooperatibista izateari uztean ekarpen horiek jasotzeko eskubidea dute, eta kooperatiben estatuek kobrantza hurrenkera biltzen dute.
Azken lau urteotan, ordea, zorrari aurre egiteko esfortzuak ekarpenak bueltatzeko zirrikiturik ez du utzi. Eroskiren zenbakiek ez zuten betetzen ekarpenak itzultzeko beharrezko kaudimen maila, eta batzarrak ez ordaintzea adostu zuen. Azken ekitaldiaren emaitzak egoera lausotu ditzake, eta batzarrak ekarpenen banaketa adostu lezake. Ikusteko dago neurriak izango duen harrera, batez ere Eroski Bidaiak ataleko langileek kooperatiba utzi eta gero.