Erreforma fiskalaren "letra txikia" ikustea gakotzat jo du Confebaskek

Momentuz, baina, kritiko da patronala, enpresen jarduerarekiko pizgarriak kenduko direla izan baita helarazi den mezu nagusia

Yagüe, artxiboko irudi baten | Argazkia: Europa Press Yagüe, artxiboko irudi baten | Argazkia: Europa Press

Onda Vascan elkarrizketa egin diote gaur goizean Tamara Yagüe Confebaskeko presidenteari, eta besteak beste, erreforma fiskalean jarri dute fokua. Izan ere, EAJ, PSE-EE eta Ahal Duguk adostutako zerga berrikuspena "ikusi ez dutela" dio presidenteak: "ez dakigu non dagoen letra txikia; ziur badagoela, eta zain gaude ikusteko". Akordioa lortuko bada, letra txiki horretan bildutakoa gako izango da.

Edozein kasutan, patronaleko lehendakaria kritiko agertu da, helarazitako mezua delako "enpresa-jarduerarekiko pizgarria kentzen" duela, testuinguru baten zeinetan "enpresa-bokazioak bilatu behar direla esaten ari garen" eta aitortza egiten zaion enpresa pribatuak egiten duen gizarte ekarpenari. "Badirudi enpresek ezin dutela etekinak izan". Yagüeren ustez, baina, "enpresen irabaziak inbertsio bihurtzen dira bihar, eta enplegua sortzen dute".

Goizean bertan erantzun dio gaiari Noël d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak patronalari. Adierazi du ez duela sinplifikazioa ulertzen. Haren ustez berrikuspenerako proposamena "ezkerreko eta eskuineko termino sinplistetan" gertatzen ari da, eta bi espektro ideologikoetatik jasotako kritikek "erdiko bidean" kokatzen dutela berrikuspena. Sailburuaren ustez, hain zuzen, hori mesedegarria da gizartearen gehiengoarentzat, berrikuspena ez baita "ez eskuindarra, ez ezkerrekoa", baizik eta "Herrialdearena Herriarentzat".

Gutxieneko soldata

EAEko lanbide arteko gutxieneko soldata ere izan da hizketagai elkarrizketan. Yagüek dio patronalaren uste ez dela "ezinezkoa" akordio hori lortzea. Aitzitik, bai defendatu du "orain ez dela unea", besteak beste, enpresak "lan kostu konplexuak" izaten ari direlako. "Eta ez da soilik EAEko gutxieneko soldataz hitz egin behar". 

Datuak jarri nahi izan ditu mahai gainean Confebaskekoak: 2008tik %67ko igo da gutxieneko soldata, eta 2022tik gaurdainoko hazkundea hartuta, %23. "Hitzarmenak KPIaren gainetik igo dira, eta Espainiako hitzarmenak baino gehiago; soldata altuenak ditugu Madrilekin batera, Estatu osokoak, eta lan egindako ordu gutxien dituzten hitzarmenak, eta, gainera, EAEko gutxieneko soldata, lurraldeetatik negoziatutako hitzarmenari lotuta dagoena, 20.000 pertsona dira". Sindikatu batzuen proposamena da gutxieneko soldata 1.600 eurotik 1.800 eurora igotzea. "%27 gehiago igotzea litzateke. Eta hitzarmen bakoitzean gutxieneko soldatak dira, eta sindikatuek sinatutako akordioak dira.

Bestalde, Yagüeren ustez badira "Aztertu beharreko beste lehentasun batzuk". Absentismoa, lan-gatazkak eta enpresen lehiakortasuna, adibidez. "Pakete bat egon behar da eta, horregatik, guk esan dugu oraintxe bertan negoziatzea ez, baina hitz egin eta eztabaidatu nahi dugu, elkarrizketa sozialerako mahaira goaz eta hiruko elkarrizketa egin dezagun, gobernuak ere hitz egiten egon behar baitu, absentismo-gaietarako zeresan handia baitute".

Hain zuzen, absentismoa pisu handia hartzen ari da, eta "gai konplexua" dela aitortu du Yagüek, eta arazo instituzionala ere bai: "erakundeei bi modutan eragiten die, absentismoa dutelako, baina baita 1.400 milioi euroko kostu soziala, bestelako esparru sozialetara bideratu ahalko litzatekeena".

Jardunaldi murrizketaz galdetuta, sektoreka ikusi beharreko zerbait dela uste du patronaleko presidenteak. "Salbuespenezko egoerak topatu behar dira", defendatu du. "Ez dakigu zer gertatuko den, baina momentuz pozik gaude neurria ez delako aurrera atera".

Lehiakortasuna ez galtzeko lanketa beharra

Euskal enpresa "lehiakorra" dela esan du Yagüek. "Baina lehiakortasun hori ez galtzeko lan egin behar du", gehitu du, batez ere AEB nazioarteko merkatuan zeuden joko arauak aldatzen ari direla ikusita, tartean muga zergen gerra baliatuta. "Euskadiko industriak aurre egiteko gaitasuna du, baina Europari eskatzen zaiona ekintza-batasuna da, erabakiak azkar hartzea eta industria babesteko sendoa izatea". Edozein kasutan, baikor izatea ezinbestekotzat jo du Congebaskekoak. "Ez gaude alerta-egoeran, baina erne gaude eta zain gaude".

Ildo beretik, usko Jaurlaritza zoriondu du Talgoren eragiketagatik, eta "enpresa pribatu eta publikoen arteko akordioa lortzeko jarraitu beharreko eredu bat" dela esan du, "baita fundazioak ere, helburu komun berarekin, hau da, industria-proiektuak errotzea edo industria-proiektu traktoreak Euskadira ekarri ahal izatea". Horren ostean, "lankidetza publiko-pribatu horrek existitu behar du, eta are gehiago sakondu beharreko alorretako bat da", defendatu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK