Usurbilen errotutako komunikazio digitala

Zazpi urte bete berri dituen kooperatibak marketin digitala, diseinu grafikoa eta multimedia zerbitzuak eskaintzen ditu

TaPunturen bulegoa | Argazkia: TaPuntu TaPunturen bulegoa | Argazkia: TaPuntu

Ustekabean, batukada talde bateko kide zirela elkar ezagutu zuten Arkaitz Sukuntzak, Mikel Olaizek eta Ainhoa Iribarrek. Sukuntzak informatika zein ofimatikako ikastaroak ematen zituen enpresa batean; Olaizek, berriz, autonomo gisa jarduten zuen diseinu grafikoko lanak egiten. Ezagutu eta proiektua buruan bueltaka zutela, kudeaketa eta bezero arreta eramateko hirugarren pertsona bat behar zutela jabetu ziren, eta modu honetara, sartu zen Iribar proiektuan. “Euskara ardatz zuen sareko enpresa proiektu bat garatzea planteatu zen. Ekonomia sozial eta eraldatzailean oinarritutako Koopfabrika programan izena eman genuen, eta bertan formazio jaso eta enpresa sortzen lagundu ziguten”, azaldu du Iribarrek.

2015ean sortua, zazpi urte bete berri ditu TaPuntuk. “Marketin digitala eta komunikazio alorra dira gure negozio lerroetako bi”, nabarmendu du Iribarrek. “Webguneen garapena ere egiten dugu; diseinua, maketazioa eta programazioa. Diseinu grafiko saila ere badugu, proiektu bati marka irudia sortzeko edo kartel baten diseinua egiteko, besteak beste”. Era berean, multimedia zerbitzua eskaintzen du kooperatibak. Ekitaldi zein egitasmotarako edozein enpresa eta erakundeentzat argazki eta bideo profesionalak egiten dituzte. Komunikazioa alorrean aholkularitza eskaintzen diete euren bezeroei, hala nola sare sozialen estrategiak, komunikazio kanpainak edota prentsa kudeaketa.

Ainhoa Iribar: “Marketin digitalean eta komunikazio alorrean zentratzen dira gure negozio lerroetako bi”

Norbanakoaren eta kolektiboaren garapenerako giltzarri den formakuntza ere ematen du TaPuntuk. Kooperatibako bazkidearen hitzetan, “ofimatika arloan zein diseinu grafikoko tresnen inguruko” formakuntza eskaintzen dute, baita “gaitasun pertsonalen inguruko formazioa” ere. Hala, ikastaro irekiak zein formazio pertsonalizatuak jasotzeko parada du nahi duenak.

Hainbat proiektu eta egistamo

Beste proiektu askoren artean, Usurbilgo udalak (Gipuzkoa) sortutako Joan Mari Torrealdai bekaren irudia eta hainbat euskarritan egindako irudiaren aplikazioa egin du TaPuntuk. Torrealdairen familiarekin eta Usurbilgo udalarekin “lana gustura” egin dutela aitortu du Iribarrek, eta oso “proiektu polita” izan dela. Halaber, Zabalduz kooperatibak antolatutako Batzen egitasmoaren webgunea eta irudia ere sortu du.

Gipuzkoako Itxaropen Telefonoarekin ere kolaboratu dute, eta horren emaitza da BadaBideBat proiektua. “Konfinamendu garaian gazteen partetik gero eta dei gehiago jasotzen ari zirela ohartu ziren, eta hauen osasun mentala okertzen ari zela ikusi zuten. Euren komunikazio kanpaina guztia sortu genuen, webgunea, hainbat euskarri eta baita zenbait jardunaldi ere”, azaldu du Iribarrek. “Oso aberasgarria izan da guretzat, gazteek ikusi ahal izan dute badagoela doako zerbitzu bat eta erabilgarria dela”, gehitu du.

Ainhoa Iribar: “Kooperatiba garen heinean, komunitateari ekarpen bat egin nahi genion eta boluntarioki eta inolako irabazi asmorik gabe bi egitasmo propio sortu ditugu”

Marketin digital, diseinu grafiko eta mulimedia proiektuez gain, zenbait egitasmo antolatzen ditu enpresak. “Kooperatiba garen heinean, komunitateari ekarpen bat egin nahi genion, eta boluntarioki eta inolako irabazi asmorik gabe bi egitasmo propio sortu ditugu”, esan du Iribarrek. Nortasuna Sarean da ekimen horietako bat. TaPunturen esparruko gai batzuk hizpide hartuta, zenbait aditu eta entitate kolaboratzaileen partaidetzarekin urtero antolatzen duten jardunaldia. Bigarrenak Puntu Soziala du izena. Gizarteari ekarpena egiten dion erakunde zein enpresa bat saritzen du enpresak bi urtez behin. Aurkeztutako hautagaitzak baloratu eta saritutako enpresak kooperatibaren zerbitzuak jasotzen ditu doan urtebetez. “Komunikazio eta marketinerako baliabide gutxi dituzten elkarteei bisibilizazioa eman nahi diogu egitasmo honen bidez”, azpimarratu du Iribarrek.

Beste enpresa eta erakundeekin elkarlanean aritzeko Usurbilgo bulegoan Big Bang gunea izeneko espazio ireki bat du kooperatibak. Bertan, enpresaren barne erabileraz gain, egitasmo eta hainbat ekintza burutzeko eremua eskaintzen die eskualdeko beste erakunde zein elkarteei.

Taldearen bizigarritasuna, eskualdeari ekarpena eta euskarari bultzada

“Gure helburuetako bi dira kooperazioa eta elkarlana sustatzea. TaPuntu Usurbilen dago, eta beste erakundeekin elkarlanean gure eskualdeko garapen ekonomikoan eragin nahi dugu”, adierazi du Iribarrek. Proiektu honen bidez, bestelako garapen ekonomiko bat sustatu nahi du kooperatibak, “ekonomia sozial eta eraldatzailea ezagutu genuen momentutik, egin genuen bat eredu honekin”. Era berean, proiektuaren erdigunean pertsona jarri dutela dio Iribarrek, “bai zaintzari bai elkar sostengatzeari garrantzi handia eman diogu”.

Ainhoa Iribar: “Ekonomia sozial eta eraldatzailea ezagutu genuen momentutik egin genuen bat eredu honekin”

Etorkizunera begira erronka nagusiak ildo beretik doaz. “Askotan esaten da helburua haztea dela, baina guretzat egonkortzea da. Gure erronkak taldearen ongizatea eta zaintza dira, bizigarritasunari heltzea. TaPuntu enpresa proiektu bat baino, bizi proiektu bat da”, esan du taldeko kideak. Bestalde, “kapitala erdigunean duen eredu ekonomikoaren” alde egin beharrean, “beste logika bat” bilatzen du Usurbilgo enpresak, lurraldeko beste eragile batzuekin saretuz, “denentzako aberasgarriagoa den” garapen ekonomiko bat lortzeko. Hirugarren erronka, sarean euskararen presentzia handitzean datza. “Lan handia dago egiteko, baina guk gure ekarpena egin nahi dugu”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK