Europa eta industria, interkooperazioa, negozio berriak: Mondragon taldearentzat gakoak

11.200 milioi euroko salmentak izan ditu iaz talde kooperatiboak. Presidenteak "bizkortasuna" eskatu dio Europari erabakiak hartzerako garaian

Rodriguez, atzo eginiko prentsa-agerraldian | Argazkia: Mondragon Rodriguez, atzo eginiko prentsa-agerraldian | Argazkia: Mondragon

2024ko abuztuaren 1ean hartu zuen ofizialki Pello Rodriguezek (Urretxu, Gipuzkoa, 1975) Mondragoneko lehendakaritza, eta barne lanketa baten ostean, hedabide guztien aurreko lehen agerraldi ofiziala egin zuen atzo Bilboko BAT dorrean. 

Taldearen behin betiko emaitzak maiatzean aurkeztuko badituzte ere, zenbait datu aurreratu zituen Rodriguezek, eta 2024 "urte oso ona" izan dela eman zuen aditzera. Salmentetan 11.200 milioi euro lortu ditu taldeak, Industria dibisioan hazkundea %2,2koa izanik eta Banaketan %2,8koa. Finantzetan %23 hazi dira salmentak, joan den astean Laboral Kutxak aurkeztutako emaitzek jasotzen duten bezala, eta Lagun Aro-EPSVk 7.400 milioi euroko ondare-funtsak kudeatu ditu. 

Dena den, maila globalean eta dibisioka salmenta emaitzek gora egin badute ere, zenbait arlotan bilakaera hala-nolakoa izan da. Horien artean bi aipatu ditu Rodriguezek: automozioa eta lerro zuria. "Horrek ez du esan nahi esparru horietan aritzen diren enpresa guztiei gaizki joan zaienik. Maierrek, adibidez, automozioko enpresa izanik ere, emaitza onak izan ditu", argitu du presidenteak.

Maila globalean eta dibisioka salmenta emaitzek gora egin badute ere, zenbait arlotan bilakaera hala-nolakoa izan da. Horien artean bi aipatu ditu Rodriguezek: automozioa eta lerro zuria

Bestaldean dauden sektoreak dira makina-erremintakoa, ingeniaritza eta zerbitzuena, eraikuntzarena eta ekipamenduena. "Denak hazi egin dira, edo behintzat hazkundea mantendu dute", adierazi du. Lana egurraren eraldaketan aritzen den kooperatiba, Orbea bizikleta ekoizlea edota Onnera Group ostalaritza esparruko enpresak jarri ditu adibide gisa.

2025ari begira, ezegonkortasuna protagonista izanik ere, "nahiko eroso" daudela esan du, sektore bat ondo ez doanean beste batzuetako kooperatibek "konpentsatu" ditzaketeelako emaitzak, aurten gertatu bezala. Horrek ez du esan nahi erronkak ez datozenik, eta kezkarik ez dagoenik. Rodriguezen agerraldia hartuta, zazpi gako nabarmendu ditu EnpresaBIDEAk.

1. Mexiko eta AEBko merkatuarekin zer?

Mexikoko posizionamendua hobetzen jarraitu nahi du Mondragon taldeak. Une honetan, 19 kooperatibek dituzte lantegiak edota nolabaiteko presentziak Ipar Ameriketako herrialdean, besteak beste AEBra esportatzeko, eta Mondragon Unibertsitateak egoitza du Queretaro hirian. Gutxi gora behera 800 milioiko esportazioak egin zituen Mondragon taldeak AEB, Kanada eta Mexikora, eta horietatik %90 izan ziren AEBra. Aitzitik, soilik hiru lantegi dituzte Mondragoneko kooperatibek denera AEBn, Made in America ziurtagiria eskatzen zieten produktuen ekoizpenak derrigortuta.

Trumpek ezarri nahi dituen muga-zergek bete-betean eragin diezaioke horri guztiari. Baina "zain" daudela dio Rodriguezek. Muga-zergak freno izan daitezke esportazioentzat. "Kezka noski badagoela. Baina ez daude guk egiten ditugun produktuen lantegiak bertan, adibidez, makina-erremintakoak. Eta gainera, jendea eta gaitasunak falta dira", esan du. Merkatuak zein bide markatuko duen ikusteke dago.

2. Europak bere burua defendatu bai, baina ez muga-zergen bitartez

Europa da Mondragoneko kooperatiben esportazioen helmuga nagusi, eta agintariei "bizkortasuna" eskatu die Mondragoneko buruak. Haren iritziz, kontinente zaharra ezin da "begira gelditu", Trumpek ala Txinak hartzen dituzten neurrien zain: "akziorako jarrera" izan behar du.

Edozein kasutan, Europa atzean gelditzen bada, ez da bakarrik izango muga-zergengatik Mondragoneko presidentearen ustez. Adibide gisa jarri du Txina Marokon jartzen ari den plantek Europako sarbidea errazten ari zatzaizkiola, eta hori min egiten ari zaiola automozioari, lehia desleiala sustatzeaz gain.

Europak industriaren alde egin behar duela nabarmendu du, baina ez du muga-zerga politika bere horretan defendatu. "Formula berritzaileak" aldarrikatu ditu

Ildo beretik, Europak industriaren alde egin behar duela nabarmendu du, baina ez du muga-zerga politika bere horretan defendatu. "Formula berritzaileak" aldarrikatu, eta adibide bat jarri du horretarako: "agian formula bat da Txinako enpresa batek Europan planta zabaldu nahi badu, bertako enpresa batekin egin behar izatea". Ezagutza eta baliabideak aprobetxatzeko modua izan daiteke haren ustez.

Are gehiago, Mondragon Txinan bidea zabaltzen hasi zenean, atzerriko enpresek ezin zituzten ehuneko ehunean beren jabetzako izango ziren lantegiak zabaldu. Europan, baina, ez da halako neurririk.

3. Aurrera egiten jarraitzeko, negozio berrietara salto

Kanpo tresnak eskatzeaz harago, baina, korporaziotik egingo duten lanketari buruz aritu da gehien Rodriguez. Izan ere, balio kooperatiboak eta pertsonak oinarri, askotariko mekanismoak ezartzen dabil Mondragon une honetan datozen lau urtetarako bideorriaren baitan.

Horietako bat da etorkizuneko negozioak bultzatzea, besteak beste kalitatezko enplegua sortu asmoz. Egun 347 milioi euro inbertitzen dituzte kooperatibek euren negozioa garatu dezaten, baina harago joateko helburuari eutsi nahi diote. Batetik, negozioen eraldaketa sustatu nahi dute, zailtasuna izan ditzaketen kooperatibek bide berriak bilatu ditzaten, tartean produktuen dibertsifikazioaren bitartez. Apustuetako bat da mekanizazioko produktuetako orientazioa izan dezaketen kooperatibetan digitalizazioa txertatzea.

WhatsApp Image 2025 02 25 at 15.05.27
Rodriguez, atzoko agerraldian | Argazkia: Mondragon

Bestetik, negozio berriak sortu edota oraindik ez dauden negozioetara zabaldu nahi dute Mondragon Inbertsioaken bitartez. Horren baitan, lau funts edo lerro garatu dituzte, eta denen artean 45 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusi du taldeak. Lehena, PIEC Interes Estrategikoko Proiektu Korporatiboak deritzona, taldearentzat gako diren esparruetan kooperatibak sortu eta martxan jartzeko. Dagoeneko aurkeztu dituzte horren bitartez bultzatu diren bi egitasmo: Orbik zibersegurtasuneko start-upa eta Innkia enpresen zerbitzurako AA garatzen duena. Ondo bidean, beste bi sortuko dituzte urtea amaitu aurretik.

Beste hiru funtsak askotariko start-upetan Mondragonen parte hartzea sustatzeari bideratuta izango dira. Horietako bat da funts propioa, 15 milioi euroko likidezia izango duena 2025ean. Funts horrek dagoeneko lagundu dio talde kooperatiboari esparru berrietara zabaltzea, proteinetara (Cocoonen bitartez) edota adinekoei laguntzeko errealitate areagotura (Oroirekin) kasu. Horrekin batera, beste entitate batzuekin batera parte hartuko dute beste funts baten (15 milioikoa hori ere), eta ixteke daude start-upen tamaina handitzera orientatua izango dena.

Negozio berriak sortu edota oraindik ez dauden negozioetara zabaldu nahi dute Mondragon Inbertsioaken bitartez. Horren baitan, lau funts edo lerro garatu dituzte, eta denen artean 45 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusi du taldeak

Mondragonek defentsaren aldeko apustua egingo ote duen galdetuta, Rodriguezek azpimarratu du armamentu, munizio eta balistika esparruan ez dela izango. "Era naturalean gure kooperatibetan ez dut uste sartuko garenik halakoetan". Bai esan du, baina, sateliteen esparruen edota zibersegurtasunean lanean ari direla dagoeneko lanean.

4. Interkooperazioa, tamaina lortzeko gako

Interkooperazioa edota kooperatiben arteko lankidetza da Mondragonek definitu duen beste ardatz estrategikoetako bat. Bereziki baliagarria izan daiteke Rodrigezen iritziz tamaina irabazteko eta merkatuan posizionatzeko.

"Txinan 2.500 langile ditu Mondragonek, Kunshaneko poligono industrialean. Kooperatiba desberdinetakoak dira. Kooperatiba bakar bat joango balitz, hori ez litzateke posible izango", zehaztu du.

5. Enplegatzaile nagusiak profil teknologikoen beharra du

70.500 langile ditu Mondragonek denera munduan. Munduko lehen kooperatiba izateaz gain, Gipuzkoa eta Bizkaiako lehen enplegatzaile pribatua dela gogorarazi du Rodriguezek, baita EAEkoa bere osotasunean, eta Nafarroan bigarrena.

Gauzak hala, talentua ere kezka da kooperatiba taldearentzat eta horren garapenean indar berezia jarri nahi du, erronka demografikoa eta jubilazioak medio. Konpromisoa eta nortasun kooperatiboa ardatz izanik, apustu berezia egin nahi du ezagutzaren dibisioaren eskutik, taldeko unibertsitateak eta zentro teknologikoek osatzen dutena. Eta lankidetzaren bitartez, programa berriak sustatu nahi ditu.

Fokua, baina, ez dute profil guztietan, teknologia digitalen esparruan baizik. Aurreikusten dutenaren arabera, EAEko unibertsitate guztietatik irtetzen diren teknologia digitalen profiletako egresatuen %50 inguru beharko dituzte datozen urteetan. "Bestela zenbakiek ez dute ematen". Horrek ez duen esan nahi bestelako profilik beharko ez dutela (LHkoak edo zaintzakoak, adibidez).

EAEko unibertsitate guztietatik irtetzen diren teknologia digitalen profiletako egresatuen %50 inguru beharko dituzte

Atzerrian ere begia ipinita du Mondragonek. Hain zuzen ere, Queretaron (Mexikon) unibertsitatea zabaltzeko apustua egin zuten orain dela hainbat urte, eta dagoeneko martxan dute programa bat ikasleak masterra egitera erakarri eta Dualaren bitartez taldeko enpresetan praktiketan aritu daitezen.

Beste erronka izango da, baina, kooperatibismoaren balioak sartzen diren belaunaldi berriei helaraztea, "bai bertakoak, bai atzerritik datozenak", eta horretan unibertsitateak rol garrantzitsua joka dezakeela uste du.

6. Lankidetza negoziorako eta inpakturako

Erakunde eta bestelako enpresengana gerturatzea ez du soilik ezagutzaren esparruan egin nahi Mondragonek. Energia sektorean emandako pausoak nabarmendu ditu Mondragoneko presidenteak, eguzki-planten esparruan. 

Baina era berean, 42 milioi euro bideratzen ditu urtero inpaktu soziala lantzera.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK