AEBn bidea zabaltzea, edo euskal enpresak Estatu Batuetan

EAEko enpresentzat bazkide komertzial gakoa den bitartean, Nafarroako esportazioetan indarra galdu dute Ameriketako Estatu Batuek, ekipo elektrogenoen esportazioetan gertaturiko beherakadagatik. Edozein kasutan, herrialdea merkatu gakotzat duten euskal enpresek ere hauteskundeak lasaitasunez bizi dituzte. Zailtasunak gehiago baitatoz merkatuaren funtzionamendutik beretik

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Iritsi da eguna. Azaroko lehen astelehen osteko asteartea da gaur, eta 1845etik egun horretan egin dira beti AEBko hauteskundeak. Merkatuen posizioa edo enpresa teknologiko handiena alde batera utzita, Trumpek ala Harrisek irabazi, batak ala besteak hartu ditzakeen erabaki ekonomikoak mahai gainean daude zalantza gabe. Horiek nola eragin diezaieten euskal enpresei? Ikusteke dago. Baina argi dagoena, zera da: Ameriketako Estatu Batuak badirela esportaziorako jomuga, maila desberdinetan bada ere. Are gehiago, askok filialak ere dituzte bertan.

Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, "bazkide komertzial gakoa" dira Estatu Batuak, BT&I Basque Trade & Investmentek EnpresaBIDEArekin partekaturiko txosten baten arabera. Txostenean jasotzen denez, 2023an esportazioen hirugarren helmuga izan zen. Are gehiago, 2021etik 2023ra bitarte, 1.616,1 milioi eurokoak izatetik, 2.737,8 milioikoak izatera igaro dira. Hala ere, beherakada sumatu dute 2024rako. Zehazki, aurreikusi da posizio bat egingo duela atzera, laugarren helmuga gisa kokatuta, eta zifrak ere behera egingo duela —1.380 milioi abuztuan—. Beherakada, baina, 2024ko kanpo merkataritzako tendentzia beheranzkoan kokatu du BT&Ik. Inportazioetan, laugarren helmuga izan zen 2023an eta postu berean mantenduko dela aurreikusi da 2024rako. Aitzitik, 2021eko —682.823 euro— eta batez ere 2022ko gorakadaren —2.116,6 milioi— ostean, beherakada ikus daiteke 2023 eta 2024an —1.804 milioi eta 1.126 milioi, hurrenez hurren—.

Informazio gehiago AEBeko hauteskundeak: 'dakizkigun ezezagunak'

Esportazioetara salto eginez berriz ere, %62,5 baino gehiago dira mekanikarako makineria —496.277 euro—, galdaketa —368.775 euro—, ekipo-ondasun elektrikoak —159.879 euro— eta erregai mineralak —491.384 euro—. 2024an behera egin du automobilen salmentak eta petroliotik eratorritako produktuek.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 1.000 enpresa inguruk esportatzen dute modu erregularrean herrialde amerikarrera. Inplantazioari erreparatuz, Basquexport eta BT&Iren informazioaren arabera, une honetan, 137 enpresek dituzte inplantazioak bertan. Denera, 239 inplantazio dira, 140 komertzial eta 99 ekoizpenera bideratutak. Mexiko ostean, EAEko enpresa gehien dituen herrialdea da, fabrikazio aurreratuko teknologiako, automobilgintzako, energiako eta ekoindustriako enpresak izanik bertan daudenak. Horietatik gehienak ipar-ekialdean daude.

Nafarroan, beherakada nabaria ekipo elektrogenoetan

2023an Nafarroako esportazioen %4 inguru egin zen Estatu Batuetara. "416,8 milioi euro izan ziren orduan. Aldiz, 2021ean esportazioak 737,6 milioi eurora bitartekoak izan ziren. Beraz, %43ko jaitsieraz ari gara", azaldu dio EnpresaBIDEAri Fernando San Miguel Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzuetako Ganbarako Analisi Ekonomiko eta Proiektu Europearren arduradunak. Zehazki, 2021an 708 enpresa nafarrek esportatu zuten AEBra; 2023an 580 izan ziren. Aldaketa horrekin, bi urteko epean Nafarroako enpresen esportaziorako herrialdeen zerrendan laugarren postutik seigarrenera egin du salto azken urteotan, aurretik dauden bost herrialdeekin "alde nabaria" izanik.

Enpresa kopuruen beherakadaz harago, baina, ezinbestekoa da sektoreei erreparatzea. Ekipo-ondasunak, AEBra esportaturiko lehen produktua izanik, pisua galdu du. "2021ean 550 milioi esportatzetik, 230 milioi esportatzera igaro da 2023an. Alegia, ia %60ko jaitsieraz ari gara", dio San Miguelek. Ekipo-ondasunen esparru hori xehe aztertuta, energia eolikoarekin zerikusia duten produktuen esportazioan jaitsiera ikus daiteke. "Ekipo elektrogenoak—energia eolikoari loturikoak— 2021ean 354 milioi suposatzetik 2023an 49 milioi eurokoa izatera igaro da. 144 operazio egin ziren 2021ean, eta 14, berriz, 2023an. Oso jaitsiera nabaria da, beraz", gehitu du.

Fernando San Miguel (Nafarroako Ganbara): "Badira AEBko merkatuan hazi egin diren sektoreak, baina ekipo ondasunenak —bereziki ekipo elektrogenoena— halako pisua izanik eta hainbeste jaitsi denez, eragina izan du zifra globalean"

Aldaketa horien atzean izan daitekeenaz galdetuta, Ganbarakoak dio lehen gauzatzen ziren eta orain jada gertatzen ez diren "operazio jakinek, parkeek eta abarrek" azaldu dezaketela bilakaera, baina balitekeela jaitsiera hori egiturazkoa izatea. "Ikusi beharko da zer gertatzen den hemendik aurrera", azpimarratu du.

Hala ere, AEBn diren gainontzeko sektoreei erreparatuta, datuetan hazkundea sumatu dutela adierazi du. "Beste industria batzuentzat ekoizten duen industriaren hazkundea %20koa izan da, eta elikadura eta automobilgintza ere, biak Nafarroan sekulako garrantzia izanik. Alegia, badira AEBko merkatuan hazi egin diren sektoreak, baina ekipo-ondasunenak —bereziki ekipo elektrogenoena— halako pisua izanik eta hainbeste jaitsi denez, eragina izan du zifra globalean".

Grupo RPK eta Atten2, fakturazioaren laurdena AEBn

Zifra global horien atzean, baina, enpresak topa daitezke. Aurten 50 urte bete dituen Grupo RPK kooperatiba gasteiztarra da AEBn bidea zabaldu duen enpresen adibideetako bat. 1990ko hamarkadatik darama bertan. Urte horretan hasi ziren, hain zuzen ere, esportazioekin. "Gure presentzia areagotu egin zen 2002an Mexikoko geure planta zabaldu genuenetik", mahaigaineratu du Iñigo Fernandez de la Peña Kontseilu Errektoreko presidenteak. Konfekoopeko kide, talde arabarrak 750 langile ditu guztira mundu mailan, eta malgukiak dira euren produktu nagusiak. Automobilgintza edo elektronikaren moduko merkatu tradizionaletan ez ezik, e-mugikortasunean eta medikuntzan ere lanean ari dira. Euren kasuan, "salmenten %25 inguru doaz AEBko merkatura, izan modu zuzenean edo zeharkakoan", kontatu du Fernandez de la Peñak.

Iñigo Fernandez de la Peña (Grupo RPK): "Gure presentzia areagotu egin zen 2002an Mexikoko geure planta zabaldu genuenetik"

2021ean egin zuen salto AEBra Atten2k (aten-two ahoskatuta). Tekniker zentro teknologikotik sorturiko spin-off gisa jaio zen 2012. urtean. Eibarren (Gipuzkoan) egoitza nagusia izanik, industriari loturiko askotariko sentsoreak garatzen dituzte sektore energetikorako —berriztagarri zein konbentzional— edota automobilgintzarako —batez ere autoak egiteko makinetarako—. 2015 eta 2016 bitartean hasi ziren arlo komertziala lantzen. "Gure hazkundea banaketarekin egiten dugu, eta zonaldeka egiten dugu, partner edo enpresen laguntzarekin, gure markak zonalde horretan saltzen dituztenak", kontatu du Eneko Gorritxategi zuzendari teknikoak. Hala zabaldu zuten AEBko merkatua ere, Texas inguruan dagoen enpresa batekin adostasun batera iritsi ostean.

Ordutik, aipaturiko herrialdeak geroz eta pisu handiagoa du Atten2rentzat. "Lehenengo bi urteetan fakturazio guztiaren %5-10 izatetik, %15era izatera igaro zen iaz, eta aurten %30 inguru izango da. Gero eta influentzia handiagoa du", esan du Gorritxategik. Goranzko joera horri heltzeko helburua dute, gainera, euren sentsorikako produktuak bertan txertatzeko ikusi duten "sekulako potentziala" dela eta.

Eneko Gorritxategi (Atten2): "Lehenengo bi urteetan fakturazio guztiaren %5-10 izatetik, [...] aurten %30 inguru izango da. Gero eta influentzia handiagoa du"

Hauteskundeek nola eragin diezaieken galdetuta, Fernandez de la Peñak lasaitasunez bizi ditu. Euren kasuan, 2020an sinatutako AEB, Mexiko eta Kanadaren arteko NAFTA akordio berriak zuzenean eragina izan zuen egunerokotasuneko kudeaketan, besteak beste, euren lantegia Mexikon izanik, AEBn ingeniaritza-sostengua eman behar dieten ingeniarien bisatuak lortzeko irizpideak gogortu egin zirelako, baita muga-zergak ere. Hala ere, birritan esan duenez, "lasaitasunez bizi" dituzte bozketak.

Gorritxategi ere lasai dago. "Halakoek beti izango dute, alde batera edo bestera, nolabaiteko eragina. Egia da gure soluzioek duten aplikazioa nahiko zabala dela, sektore askotara bideratuta. Horren ondorioz, baliteke energia sektorean bata sartzeak eragin negatiboa izatea, baina agian beste sektore batean gorakada ekartzea. Hala ere, ez dut uste geure emaitzetan halako eragina izango dutenik".

Ekosistema aproposa, baina lehia handia

Zerekin egiten du topo, ordea, bertan merkatua zabaldu nahi duen ekintzaile batek? Alex Irigoyen Azcona ekintzaile donostiarra Cofi.aiko sortzaileetako bat da, baita start-upeko zuzendari nagusi ere. Datuetan oinarritutako soluzioak eskaintzen dizkiete enpresei, finantza esparruari loturiko euren erabakiak errazago har ditzaten. Horretarako enpresaren beraren eta hirugarrenen datuak uztartzen dituzte. Austinetik (Texasetik) ari dira merkatua zabaltzeko lanean. "Iaz hasi ginen AEBen. Merkatu zabala eta uniformea da, atal batzuetan, enpresen sistemen konexioetan adibidez, oso berritzailea, guretzat aproposa. Aukera izan genuen bertako enpresekin lanean hasteko, eta ordutik aurrera, jarduera komertzialaren zati handi bat han izan dugu", kontatu du.

Bidea, baina, ez da erraza. "AEBko merkatura bideratzea nahiko zaila da, oinarrietatik bertatik hasita: kultura, mentalitatea, edukien formalizazioa... Hori menderatzen ez baduzu, ezinezkoa da aurrera egitea". Irigoyenen ikuspegitik, baditu bere abantailak Europakoarekin erkatuta. "Ekosistema aproposa da aukera berriak garatzeko. Merkatua handia eta nahiko uniformea da: hizkuntza bakarra erabiltzen da, kultura homogeneoagoa da estatuen artean, eta legediari dagokionez ere antzekotasunak daude". Lehiakortasuna eta lehia ere, baina, handiagoak dira. "Eta merkatuan sartzea garestia ere bada: lehiatzeko aukera izateko, inbertsio handiak egin behar dira. Bertako enpresek baliabide handiak dituzte. Balio argi eta diferentziala eskaintzen ez baduzu, merkatuan lehiatzea oso zaila da", mahaigaineratu du cofi.aikoak.

Alex Irigoyen (Cofi.ai): "AEBko merkatuan sartzea garestia ere bada: lehiatzeko aukera izateko, inbertsio handiak egin behar dira. Bertako enpresek baliabide handiak dituzte. Balio argi eta diferentziala eskaintzen ez baduzu, merkatuan lehiatzea oso zaila da"

Hori guztia aintzat izanik, eta are gehiago "ekintzaile kanpotarra" izanda, "proiektua aurrera eramateak lan handia eskatzen du, eta horretan jartzen dut arreta gehien", dio Irigoyenek hauteskundeak nola bizi dituen galdetuta. "Hala ere, gertatzen ari denaren testuingurua izateko jarraitzen ari naiz kanpaina. Emaitzak eragina maila makroan izan dezake, eta hala gure jardueran, baina hori ez dago gure kontrolpean", adierazi du. Horregatik, "prest izango gara gertatzen denari egokitzeko. Horretan lanean ari gara", amaitu du.

Zer aurreikuspen ditu AEBko ekonomiak?

Enpresen ikuspegiaz harago, eta batek ala besteak irabazita, zein izan daiteke herrialdearen bilakaera ekonomikoa datozen urteetan? Une honetan kontsumo pribatuak AEBko BPGaren %70 inguru dakar, eta G7ko beste ekonomia batzuek baino menpekotasun txikiagoa du kanpo eskaerari loturik, independentzia energetikoa izateaz gain. BT&Ik eginiko txostenean, The Economist Intelligent Uniten datuak jaso dituzte. Bertan dagoenez, partidismoak eta polarizazioak egonkortasun politikoan eragin dezake 2025-2029 legeigintzaldiak. Kongresuak zatituta jarraitzea aurreikusi denez, horrek zaildu egingo du zenbait esparru polemikori loturiko politikak aurrera ateratzea, tartean klima, gizarte programak, gastu publikoa eta fiskalitatea.

Ekonomiari loturik, BPG erreala jaistea aurreikusi dute, 2024ko %2,7tik 2025eko %1,7ra, langabezia tasa %4,4raino iritsiko den bitartean. Azken datu horrek maximoetan kokatuko luke langabezia tasa.

Erreserba Federala irailean hasi zen interes tasak jaisten, eta aurreikusi daiteke berriro ere behera egingo dutela: 2025erako 150 puntuko jaitsiera espero daiteke. Eta aurreikusita dago oro har 2025-2029 legealdian ekonomiak eutsi egin diezaiokeela. Hala ere, badira jaitsiera nabari baten eragin dezaketen arrazoiak: akzioenganako merkatuen ikuspegia aldatzea, interes tasen beherakada geldotzea langabeziak gora egiten duen bitartean, kanpo gerra bat edo krisi finantzarioa.

Eta kanpo politikan, Txinarekiko lehia izango da mahai gainean. Trumpek irabaziko balu, aurreikusi liteke ikuspegi gogorragoa eta aldebakarrekoa har dezakeela, bi herrialdeen arteko hornidura kateetan eragin dezakeena.

Informazio gehiago
Pello Aspuru: "Berriztagarriak asko merkatu dira azken 20 urteetan, inork pentsa baino gehiago"
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK