Azken hogei urte pasatxotan euskal gizartean agitu dena irudiz nahiz audioz erakutsi digun ikus-entzunezko ekoiztetxea da Foku. Egin eta Euskaldunon Egunkariatik zentozen hainbat foto-kazetariren hausnarketaren emaitza. Hain zuzen ere, bost urteren bueltan bi egunkariak itxi zituzten, eta horien oinordeko izango ziren Gara eta Berriaren hastapenetan argazkilarien artean nolabaiteko eztabaida eman zela kontatu du Iñigo Balda Fokuko kudeatzaileak: “lan bertsua egiten genuen, eta egunkariko argazkilariak izan beharrean, agentzia propio bat sortzea pentsatu genuen, non argazkilariak bertako langile izango ziren eta gure bezero nagusiak Berria eta Gara”.
Bada, Euskal Herri osoa kontuan hartuko zuen agentzia sortu nahi izan zen, baina hegoaldean zentraturik bereziki, Baldak dioenez. “Iparraldean bazeuden beste komunikabide batzuk, Le Journal, adibidez, gero Mediabask bihurtuko zena. Gainera, arazo burokratikoak ere bazeuden, izan ere, estatu espainiarrak eta frantsesak lege diferenteak zituzten”. Hala, Fokuk helburu zuen Euskal Herriari buruzko albisteen berri ematea, esparru guztietako gaiak landuz, izan kirola, politika, kultura edota ekonomia.
Bi milioi argazkitik gorako artxiboa
Hasieran argazkigintza zuten soilik ardatz, baina komunikazio mundua garatzen joan ahala Fokuren jarduera esparrua ere hedatu da. 2008-2009 inguruan jada, zenbait urrats ematen hasi zirela azaldu du kudeatzaileak, eta argazkigintza bakarrik ez, bideoa ere lantzeari ekin behar ziotela ohartu ziren. “Orduan hasi genuen lanketa argazkilariak formatzeko bideo grabaketan, edizioan eta muntaketan. Azken 12 urteetan bilakaera handia izan dugu: zuzenekoak egiten hasi ginen, produkzio zabalagoak, 2-3 kameretara, eta ekitaldi askoren jarraipena egin dugu”, nabarmendu du Baldak. Halaber, etengabe formatzen jarraitzen dutela azpimarratu du.
Komunikazioaren joera berrietara egokitzeaz gain, Fokuren beste erronka handienetako bat bezero-zorroa handitzea izan da. Orain hamar urte eskas egin zuten hausnarketa, non bi bezero nagusiez gain, beste batzuengana ailegatzea komeni zitzaiela ikusi baitzuten. Bezero berriak topatzeko Fokuk duen bi milioi inguruko argazki artxiboa baliatu dute; izan ere, hogei urteko ibilbidean egindako lanari esker euskal gizartean emandako gertakari guztien argazkiak ditu Fokuk. “Artxiboa baliatuz bezero berriekin egin dugu lan. Eragile politiko, sindikal, kultural edota ekonomiko askok jotzen dute guregana. Imajinatu, estropada guztiak dauzkagu, legebiltzarrak, euskal taldeen futbol partida guztiak”.
Iñigo Balda: “Artxiboa baliatuz bezero berriekin egin dugu lan, eragile politiko, sindikal, kultural edota ekonomiko askok jotzen dute guregana”
Fokuren jarduera nagusia artxibo lanak eskaini eta saltzea izan da, baina beste zerbitzuak ahaztu gabe betiere. “Bi bezero oso garrantzitsu ditugu, baina ezin dugu ahaztu Egin eta Egunkaria itxi zituztela, eta horrelako bezerorik gabe geratzen bagara kili-kolo gelditu ginatekeela”, dio. “Ezin dugu bi horien menpe egon soilik; gure bezero garrantzitsuenak dira eta espero dugu aurrerantzean ere hala izatea. Baina Euskal Herriko beste eragile batzuei ere zerbitzua eman nahi diegu”.
Aktualitateko 40 gai egunean
Egunero hutsik egin gabe gurean gertatzen den guztiaren berri emateko gai izan behar diren hamaika langilek osatzen dute Foku, eta beste zortzi-bederatzi pertsonako kolaboratzaile sarea ere badute. Eukal Herriari buruzko albisteak ere izaten dira hemendik kanpo, eta Katalunian eta Madrilen, esaterako, kolaboratzaileak dituzte. Hala, fokuk egunean 40 lan egiten ditu gutxi gorabehera, prentsaurreko, hitzaldia, aurkezpen, ekitaldi edo topaketak diren lekuetan izateko.
Edonola ere, lehen argazki gehiago egiten zituztela kontatu du kudeatzaileak, orduan argazkigintza soilik jorratzen zuten eta. “Egun normal batean 200-300 argazki bat ateratzen ditugu batez beste, baina egia da egunaren arabera kopurua asko aldatzen dela. Sanferminen txupinazoan soilik hiru argazkilari izan genituen, eta asteburuan Athleticek edo Realak jokatzen badu partiduan 50 bat argazki atera ditzake lankideak”, adierazi du. Are gehiago, aste bukaeretan batez bestekoa altuagoa dela dio, edota egun berezietan: ”orain Sanfermin eta BBK Live dela eta, asko atera ditugu”. Hori gutxi balitz, egunero pare bat bideo egiten dituztela ere azaldu du.
Iñigo Balda: “Egun normal batean 200-300 argazki bat ateratzen ditugu batez beste, baina egia da egunaren arabera kopurua asko aldatzen dela"
Besteak beste, EITBrako Bidegurutzean telebista programa, Donostiako Aitor ikastolari buruzko dokumentala, Naiz kontzertuen zuzenekoa edota Erremontea Bizirik spota ere Fokuren katalogoaren parte dira. Urte hauetan hazitako artxiboari esker, beste hainbat produkzioren ekoizpenean ere kolaboratzen dute, Bi arnas torturari buruz 2022an ateratako dokumentalean, esaterako. “Kutsu politikoa duten hainbat dokumentaletan guk dugun iruditegi artxiboko argazkiak eskatu dizkigute”.
Euskal Herriko iruditegiak bizirik jarrai dezan
Modu honetara jarraitu nahi dute egunerokotasunean. Baldaren hitzetan, bezeroek “badakite egunerokoan hor gaudela”, eta edozein eragilek laguntza behar badu hor egongo dela Foku: ”nahiko ezagunak gara, eta nolabait sortuta dago sare-harreman bat, urte luzeen bueltan sortu dena. Hemengo eragile guztiekin dugu eguneroko harreman naturala eta azkarra”.
Hemendik hogei urtera ere modu bertsuan jardutea espero du Baldak, edo argazkilariak argazkiak ateratzen jarraitzea behintzat. Argazkigintzak bere horretan jarraituko duela uste du, baina komunikabideak jaisten doazela dio, eta egunkariak orri gutxiago dituztela egunero. “Bideogintza eta zuzenekoak gora doaz, baina ikusiko dugu zer puntutaraino. Gaur egun edozeinek hartu dezake mugikorra eta edozerk balio du. Lehia sekulakoa da”, gehitu du.
Etorkizunean ere Euskal Herrian eragileak, enpresak eta egunkariak jarraitzea espero du Fokuren kudeatzaileak, “beharrezkoa direlako Euskal Herriko iruditegiak bizirik jarrai dezan. Eta hemen, Tuteratik Baionaraino, gertatzen den ororen berri ematen jarraitzea espero dugu, ahalik eta modu txukunenean”.