Hartzitutako te tankerako edaria da konbutxa. Jatorriz Asiatik dator, Japonia eta Txinan edan izan da mende askotan zehar, baita gerora Errusian ere. Europara XX. mendean ailegatu bazen ere, Euskal Herrira Mucha Kombucharen eskutik orain lau urte iritsi zela esan daiteke. Izan ere, Griffin Halpern Kaliforniarrak eta Arturo de Diego Donostiarrak 2019an jarri zuten martxan gurean Mucha Kombucha proiektua.
Duela hamabi urte etorri zen lehen aldiz Halpern Euskal Herrira. Bere emaztea ezagutu zuen hemen, eta Kaliforniara itzuli bazen ere, duela sei urtetatik bizi da berriz gurean. Proiektu propio eta dibertigarri bat egin nahi zuela adierazi du: “Euskal Herriak eta Kaliforniak antza dute hainbat gauzetan. Mendia eta itsasoa ditugu, natura maite dugu, baita km 0ko janari osasungarria jatea ere”. Hona iristean, hemen baserriei eta laborantzari ematen diogun garrantzia zein tokiko produktuaren kalitatea deigarria egin zitzaion, eta Kaliforniako kultura hemengo joerekin uztartuz erabaki zuen proiektu jasangarri eta osasuntsu bat egitea.
Griffin Halpern: “Euskal Herriak eta Kaliforniak antza dute hainbat gauzetan, mendia eta itsasoa ditugu, natura maite dugu, baita km 0ko janari osasungarria jatea ere”
Garagardo artisaua ekoizten duten proiektuetan inspiratuta sortu zuten Mucha Kombucha. Basquelandeko hiru sortzaileetatik bi, esaterako, Halpernen hiri berekoak dira, San Diegokoak, eta Basqueland nahiz Grosseko kontaktuei esker hasi ziren euren sare propioa osatzen. Hasiera batean inguruko ezagunei soilik saltzen zieten: “Pukasen monitore bezala lanean nenbilela, konbutxa egiten nuen etxean eta udaran hondartzako lagunei, surflariei, ikasleei edota beste monitoreei eskaintzen nien. Eurak gehiago egiteko esaten zidaten”.
Honela, erabat autofinantzatutako proiektua jarri zuten abian. Bi bazkideen hasierako inbertsioarekin hasi eta iritsi dira honaino. Egun, bost langilek dihardute fabrikan lanean.
Osasuntsu nahiz zaporetsua
Oiartzungo Ergoien auzoan du fabrika Mucha Kombuchak. Pagoaldea poligonoan, Aiako Harrien azpian. “Leku zoragarri batean gaude, sekulako zortea dut egunero hona etortzen naizelako”, dio Halpernek. Iaz, 120.000 konbutxa botila egin zituzten, eta aurten enpresa txikia eta merkatu mugatu batean badaude ere, kopuru bikoitza egitea da ezarri duten helburua.
“Konbutxa edari osasuntsu eta zaporetsua da, eta balio handiko fabrikazio prozesua du, garagardo edo ardoaren tankerakoa”, azaldu du sortzaileak. Lau zaporeko konbutxa egiten dute, prozesu artisaua jarraituz eta lehengai ekologikoekin betiere. Sei astero edizio mugatuko beste zapore batekoa ere merkaturatzen dute, baita ekoizle batzuekin elkarlanean beste nolabaiteko esperimentuak ere. Aurreko astean, esaterako, Beizamako Urkizahar bodegarekin kolaboratuz konbutxa eta txakolina nahasten dituen edaria atera dute: “euren mahatsak utzi dizkigute, eta sekula egin gabeko produktua sortu dugu. Proiektu dibertigarria izan da, hemengo kulturarekin konektatzeko aukera eta jende berria ezagutzeko parada eman diguna".
Griffin Halpern: “Konbutxa edari osasuntsu eta zaporetsua da, eta balio handiko fabrikazio prozesua du, garagardo edo ardoaren tankerakoa”
Halaber, konbutxak 12 edo 24ko packetan saltzen dituzte. Txakolinarena, ordea, lau edo seikoetan merkaturatuko dute. Iaz, 200.000 euro inguru fakturatu zituen enpresak, edari gehienak Euskal Herrian salduz, baina Espainia eta Frantzia hegoaldean –Bordeletik iparralderaino— ere saltzen dute. Toki horietara iristeko hainbat banatzaile ditu Mucha Kombuchak, eta bestela ere, saltoki handietan saltzen dute, Grupo Uvescon, esaterako. Horrez gain, Eroskiren frankizia denda ugaritan ere topa daiteke.
Planetarekiko konpromisoa
Mucha Kombuchak lortutako etekinen %1 Coral Vita izeneko enpresara bideratzen du. Egun munduan aurkitzen diren koralezko uharriak babestea xedea duen proiektua da Coral Vita: “gure ekosistemarentzat oso garrantzitsuak dira koralezko uharriak. Izan ere, janaria eta babesgunea ematen die ozeanoetako itsas animalien erdiei. Gainera, komunitate eta industria ugarik ere behar dituzte hauek euren bizirauterako”, dio Halpernek.
Itsas azpiko egitura natural hauetan bizi da itsas animalien %25, eta era berean, arrantza eta urpean igeri egiteko turismoarentzat beharrezko ekosistema da. Itsasertza ere babesten duen egiturak, ordea, oso ahulak dira tenperatura aldaketen aurrean, eta aldaketa klimatikoak ondorio latzak ekarri dizkie. Azken hamar urteetan munduko koralezko uharrien erdia desagertu dela nabarmendu du Halpernek, eta 2050erako %90 desagertuko direla estimatu da. Munduko ekosistema nahiz ingurumenarentzat oinarrizkoak diren baliabide natural hauek babestu ahal izateko Coral Vitak uharrien biziberritzea ahalbidetzen duen punta-puntako teknologia garatu du.
Mucha Kombuchak inguruarekiko duen konpromisoa adierazten du modu honetara, eta Euskal Herrian ere nahiko lukete tankerako egitasmoei bultzada ematea. “Ingurugiroa babesten duten proiektu interesgarriak bilatzen ari gara Euskal Herrian, eta horretarako fundazio, elkarte, zein askotariko erakundeekin jarri nahiko genuke harremanetan, gure ekarpen ekonomikoa egin ahal izateko”, egin du deia kaliforniarrak.