Euskal kulturaren 50 urteko katea

Elkar Taldeak berrogeita hamar urteko ibilbidea betetzen du aurten. Historikoki egindako berrinbertsioaz gain, lankidetza eta egokitzapena ezinbesteko zutabe ditu taldeak etorkizunari aurrez aurre begiratzeko, banaketa zutabe nagusienen artean kokatuta

Marc Légasse, Luis Jimenez de Aberasturi, Andu Lertxundi, Iñaki Sors , Yolanda Apraiz eta Joxan Artze, Bilintxen, 1980ko hamarkadan Marc Légasse, Luis Jimenez de Aberasturi, Andu Lertxundi, Iñaki Sors , Yolanda Apraiz eta Joxan Artze, Bilintxen, 1980ko hamarkadan

1960ko hamarkadara atzera egin behar dugu, gaur egun Elkar gisa ezagutzen dugunaren lehen urratsak ikusteko. Joseba Jaka gazteak abiatu zuen. Hegoaldean etxez etxeko salmenta izan zen abiapuntu nagusia, hasiera batean etxe tresnen salmentekin, eta ondoren erlijio liburu eta entziklopediekin. Soldaduskatik itzulita, euskal kontzientzia hartuta, euskarazko liburuak banatzen hasi zen. Huraxe izan zen gaur egun Euskal Herriak duen argitaletxe nagusienaren hastapena. Aurrerago batu zitzaizkion Goio eta Jon anaiak, eta haiekin batera Zabaltzen talde aitzindaria sortu zuten. Baina elkarrek sorrera bikoitza izan zuen.

Bien bitartean, Ipar Euskal Herrian bi proiektu jarri ziren martxan: Elkar argitaletxea eta Zabal liburu-denda eta banaketa. 1972a zen, eta mugaz bestaldeko hogei gazte batu ziren garaiko euskal kulturaren egoeraren norabidea aldatzeko helburuarekin. Manex Pagola izan zen bultzatzaile nagusia. Bi urte geroago, 1974an, Hego Euskal Herriko beste hogei lagun batu ziren proiektura. Euskal kultura sustatu, eta erdigunera eraman beharra zegoela uste zuten, baita lurraldetasuna kontuan hartu ere, baina proiektuak integrala izanik. Argitaletxea, liburu-denda eta banaketa zerbitzuak bateratu behar zituen egitasmoak.

Joseba Jaka gazteak abiatu zuen. Hegoaldean etxez etxeko salmenta izan zen abiapuntu nagusia, hasiera batean etxe tresnen salmentekin, eta ondoren erlijio liburu eta entziklopediekin

1996an eta 1997an galera handiak izan zituen taldeak: Lean Louis Maitia eta Joseba Jakaren heriotzak. Aurrera nola egin erabaki behar izan zuten, eta erantzuna azkar heldu zen: beti elkarlanean. Hala, 1996an Elkar Fundazioa osatu zen.

Berrinbertsioa eta elkarlana

1996ean Elkar Fundazioa sortu zenean, norbanakoen izenean zeuden enpresa guztietako partaidetzak Fundaziora pasa ziren. Horrela, lehen akziodunak zirenak lankide soilak bihurtu ziren eta partaidetza guztiak fundazioaren esku gelditu ziren.

Joxemari Sors elkar-eko sortzaile eta fundazioko lehendakariarentzat estu lotuta daude elkarlana eta berrinbertsioa: “Elkarren baitan dauden enpresen irabazi guztiak, eskubide guztiak, fundaziora doaz, inoiz ez inongo poltsiko partikularretara, fundazioa baita guztien jabe, bere azken misioa betetzeko: euskara eta euskal kulturaren sustapena. Berrinbertsioa oso garrantzitsua izan da guretzat, industria eta ekonomia kulturaren zerbitzura jartzeko. Eta gure ustez kate honek guztiak ez luke zentzurik izango elkarlanik gabe. Krisi garai gordinetan ere, elkarlanari esker atera izan gara aurrera, eta ziur naiz orain ere hala izango dela”.

Euskara eta euskalgintzako eragile askorekin elkarlanean garatu izan ditu elkarrek bere proiektuak: Uzei, Elhuyar, Jakin, Ikastolak, Egunkaria, Berria. 50 urteak oso arin joan dira Sorsentzat: “badakizu, ordubete oso luzea da, baina astebete oso motza. Gainera, elkarlanean, gustuko duzun lana egiten, gu egon garan moduan, ziztu bizian joan zaigu mende erdia”.

Paradigma aldaketa

Liburuaren eta musikaren sektoreetan paradigma aldaketa gertatu da azken hamarkadan. Aldaketa horren arrazoi nagusienak honakoak dira: digitalizazioaren eragina euskarrian, edukian eta merkaturatze prozesuan; aisiarako aukera berriak; testuliburuaren aldaketa sakona (berrerabilpena, doakotasuna, digitalizazioa) eta kulturaren desmaterializazioa eta balio gabetzea. Egoera honen aurrean, Mikel Esnal, elkarreko zuzendari kudeatzailearen esanetan, “horretan aritu gara azkeneko hamar urteetan, gure posizioak hartzen. Abiapuntu sendoa bagenuen, ACL (Madrilen) eta MCL (Katalunian), Joseba Jakak berak sortutakoak, Euskal Herritik kanpo banaketa egiten aritu direnak 1996itk. Bigarren urrats batean, sakabanatuta zegoen egitura horrek egitura sendo bat, zentrala, eskatzen zuela ikusi genuen, sinergia ekonomikoak eta antolakuntza mailakoak gauzatu ahal izateko”.

Horri erantzuna ematera etorri da Adunako egoitza berria, 30.000m²koa. Urtebete daramate egoitza berrian lanean, eta honek emango dio taldeari gaitasun logistikoa lehiakor izateko banaketako merkatu horretan, eta baimenduko du kanpoko egitura horiek guztiak Euskal Herrira ekartzea. “2022-2023an zentralizazio prozesua burututa izan beharko genuke, kanpoan ditugun egiturak Euskal Herrira ekarrita”, dio Esnalek. Bertatik, urtean 10 milioi ale inguru zerbitzatzen dira, egun taldeak dituen hemezortzi liburu dendetara. Horrek 110 milioi inguruko fakturazioa lortzea ekarri dio taldeari 2021ean.

Joxemari Sors: "Elkarren baitan dauden enpresen irabazi guztiak, eskubide guztiak, fundaziora doaz, inoiz ez inongo poltsiko partikularretara, fundazioa baita guztien jabe"

Argitaletxeari dagokionez, egungoa hainbat urtetako eraldaketen emaitzan izan da. Urtean 190 titulu berri argitaratzen dituzte. Lau zigilu nagusi biltzen ditu argitaletxeak: Elkar, TTarttalo, Txertoa eta Sua. Eta horiekin batera, Ikaselkar, Ikastolekin elkarlanean, euskal curriculumaren garapenerako ikasmateriala argitaratzen duen argitaletxea.

Une latzak bizi izan dituzte 50 urte hauetan, "beti elkarlanean" izan da uneoro aurrera nola egin galderaren erantzuna. Eta hori izango da euren sekretua euskal kulturari ekarpena egiten jarraitzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK