Durangaldeko Mankomunitateak eta Eroski kooperatibak hitzarmen berri bat sinatu dute. Helburua da euskararen erabilera sustatzea, eta horretarako ekimenak indartuko dituztela adierazi dute. Akordioa sinatu dute Idoia Otaduy Durangaldeko Mankomunitateko presidenteak eta Mikel Larrea Eroskiko idazkari nagusiak.
Hitzarmena Familian Euskaraz Olgetan programaren baitan sinatu da. Azaldu dutenez, programaren helburua da “haurrek eta beren familiek euskarazko jarduerez gozatzea, eta horretarako eguneroko erabilerarako eta ondorengo belaunaldiei transmititzeko tresnak eskaintzen ditu”. Jarduera horiek egiteko dirua jarriko du Eroskik.
Txalopin Txalo liburua da burutu den ekimenetako bat, euskarazko abesti eta haur jolasei buruzkoa. Durangoko azokan aurkeztuko da, abenduaren 5etik 8ra bitartean. Otaduyk eskerrak eman dizkio Eroskiri laguntzagatik, aurkeztuko duten kantu liburuarekin programa “sendotuko” delako. Larreak “oso pozik” daudela adierazi du, “euskararen, gure hizkuntzaren, erabilera sustatzeko lan egin ahal izateagatik”.