Euskararen aldeko hautuak kalitatea dakar

Iñigo Arrieta Eikako lehendakariak eta Izaskun Isasti Araziko zuzendariak hizkuntza kudeaketa lehiakortasunaren ezinbesteko aldagaitzat jo dute, eta euskara, kultura ez ezik, indargune ere badela uste dute euren enpresetan

Iñigo Arrieta (Eika) eta Izaskun Isasti (Arazi), solasaldi ostean | Argazkia: EnpresaBIDEA Iñigo Arrieta (Eika) eta Izaskun Isasti (Arazi), solasaldi ostean | Argazkia: EnpresaBIDEA

Hizkuntza kudeaketa garrantzitsua da zerbitzuaren kalitatea hobetzeko eta enpresaren lehiakortasuna zaintzeko. Duela urtebete eginiko Languages Lanean kongresuaren ondorio nagusiak esaldi bakar horretan laburbildu daitezke. Baina terminoak berak dioen bezala, hizkuntzak ez dira soilik erabili behar;kudeatu egin behar dira. "Hizkuntzaren erabilerari buruzko planak ez du ezer egiten bere kabuz", nabarmendu zuen orduan Guro Refsum Sanden BI Norwegian Business Schooleko irakasle elkartuak.

Kudeaketa horrek barnebiltzen ditu, besteak beste, hizkuntza bakoitzak enpresa barruan jokatzen duen rola argi izatea, estrategiak eta ekintzak garatu eta gauzatzea, langileei hizkuntzak kudeatzeko baliabideak eskaintzea eta abar.

Horretan dabiltza, nor bere esparruan, Arazi Ideiak Borobiltzen eta Eika S. Coop. Lehenengoa, 1998an Zarautzen (Gipuzkoan) jaioa, 30 langileko enpresa da, eta  kudeaketa, heziketa eta komunikazio arloan aritzen da. Eika, berriz, 1973an Etxebarrin (Bizkaia) sortutako kooperatiba da, eskualdeko ekonomia suspertu eta emakumeei lana emateko helburu nagusiekin. Egosketa elektrikorako soluzio osoak eskaintzen dituzte, alegia bero-sorkuntza, kontrola eta funtzio hori osatzen duten elementu osagarriak, eta 420 langile ditu.

Bakoitzaren abiapuntuak eta egiteko moduak desberdinak izanik, biek ala biek partekatzen dute euskararen aldeko hautuak kalitatea dakarrela, kulturaren parte eta indargune izateaz gain,.

Zein rol jokatzen du hizkuntza kudeaketak Eikan eta Arazin kalitatezko zerbitzuaren eta lehiakortasunaren aldagai gisa?

Izaskun Isasti (I.I): hizkuntza kudeaketa Arazirentzat oso aldagai garrantzitsua da. Gure proiektu gehientsuenak —%80 inguru— esleipen edo lehiaketa publiko bitartez lortzen ditugu, azken urteetan menpekotasun hori gutxitzen ari bagara ere. Kontratu horiek lortzeko ezinbestean baldintza batzuk bete behar izaten ditugu, hizkuntzen eskakizunak tarteko. Beste kontu bat da geuk, berez, izatez, sortzez, duguna.

Sortzez euskara gure erakundean indargunea da, eta balio gisa ikusten dugu. Eta jakin badakigu bezeroek edo lan bila dabiltzatenek guregana jotzerako garaian, euskaraz lan egiten dugula dela eurentzat arrazoi garrantzitsu bat. Gure hizkuntza irizpideetan eta hautaketa prozesuetakoetan, ezarrita dugu Arazin lan egiteko ezinbesteko baldintza dela, ahoz eta idatziz, euskaraz ondo egiteko gai izatea —C1 maila izatea—. Pentsa daiteke: diseinatzailea izanik, euskaraz ez badaki, ez da ezer gertatzen. Ez, baina lan giroan eragiten du. Horregatik dugu irizpide hori.

Bestalde, ingurumen, heziketa eta turismo arloko zentroak kudeatzen ditugun heinean, euskararekin bakarrik ez, atzerriko hizkuntzekin ere egiten dugu lan, erabiltzaile asko kanpotik datozelako, eta zentzu horretan frantsesa, ingelesa... ere kudeatu behar izaten ditugu.

Iñigo Arrieta (I.A.): gure bezero eta hornitzaile gehienak atzerrian daude, baina barne bezeroak (langileak eta herritarrak) bertan ditugu, eta euskaldunak dira, gurea oso eskualde euskalduna baita. Horregatik, hizkuntza politikan bereiztu egin ditugu barne harremanetako eta kanpo harremanetako hizkuntza irizpideak. Eikan barne harremanetan euskara lehenesten dugu, eta kanpo harremanetan, lehen hitza beti da euskaraz, eta gero, hartzailearen arabera egokitzen gara.

Gainera, Gehi ikerketan parte hartu dugu, eta horri esker ondorioztatu ahal izan dugu euskara planak lehiakortasunarekin zerikusi duten zortzi arlotan eragiten duela. Eikaren kasuan bereziki eragiten du taldetasunean eta Eikarekiko atxikimentuan edo pertenentzia sentimenduan. Ikerketan jasotzen denez, batetik, "norberaren hizkuntzan lan egiteak langileen gogobetetzea areagotzen du eta ondorioz beraien laneko ekarpena eta enpresaren lehiakortasuna​”, eta bestetik, "modu ludiko eta kolektibo batean gaiak lantzeak harremanak indartzen ditu eta laneko giroa hobetu eta horrek, langileen gogobetetzea areagotzen du”. Lehendik genuen susmoak baieztatu dizkigu ikerketak.

Iñigo Arrieta (Eika): "Gehi ikerketan parte hartu dugu, eta horri esker ondorioztatu ahal izan dugu euskara planak lehiakortasunarekin zerikusi duten zortzi arlotan eragiten duela. Eikaren kasuan bereziki eragiten du taldetasunean eta Eikarekiko atxikimentuan edo pertenentzia sentimenduan"

Nola egiten duzue zuenean hizkuntzen kudeaketa hori?

I. I.: Arazin Euskaliten kudeaketa aurreratuko eredua dugu. Erakundea kudeatzerako garaian hainbat arlo kudeatzen ditugu, eta estrategian euskara txertatuta dago. Azken batean, Araziren egitekoa da ondare naturala eta kulturala balioan jartzea, eta kudeatzen ditugun proiektuek horrekin dute zerikusia. Hor euskara sartzen da. Baina baita gizartearekin ditugun konpromisoetan. Erakunde bezala, iruditzen zaigu gure ardura ez dela ez bakarrik euskara erabili eta euskaraz eskaini, baizik eta gizartean euskara sustatzeko konpromisoari eutsi. Horregatik, kanpo bezeroek eskatu gabe ere, ekimenak egiten ditugu euskara sustatzeko, adibidez, kirolari loturiko udalekuak euskaraz, gertuko mundua baita guretzat. Nola kudeatzen dugun? Beste edozein proiektu bezala: aurrekontu bat finkatuz eta jarraipen bat eginaz.

Itzulpenei dagokionez, hizkuntza ezagupen maila handia den arren, zalantzak sortu ohi zaizkigu idazterako garaian. Hori dela eta, halakoak argitzeko pertsona erreferentea dugu izendatuta. Era berean, norbaitek esaten badu 4 profila lortu nahi duela, enpresak bere gain hartzen duen zerbait da, frantsesa eta ingelesa bezala, zentro bateko gida batek hala eskatzen badu. Eta formazio horiek lan-orduetan egiten dira eta aurrekontuaren barruan sartu.

I.A.: gure egoera zertxobait desberdina da. Duela 51 sortu ginen, eta gainera industria mundua nahiko erdalduna zen eta da. Duela 25 bat urte, gure sortzaileetako batzuk konturatu ziren euskaldunak izanik eta etxean dena euskaraz eginik, lanera joaten ziren bakoitzean gaztelaniara jotzen zutela. Kezka horiekin, euskara batzordea sortu zuten, eta euskara planak abian jarri. Egun euskara plan bat dugu finkatuta, Emun aholkularitzaren laguntzarekin eginikoa.

Plan horretan bertan definituta dugu zeintzuk diren 420 pertsona horien hizkuntza eskakizunak, eta langileen hizkuntza maila dugu jasota gure datu basean. Orokorrean, hizkuntza eskakizuna betetzen ez duten langileak Eikan bertan euskara klaseak jasotzen ari dira. Alegia, baliabideak jartzen ari gara nahi duenak, benetan egin dezan. Geure kasuan eskatzen dugu euskara maila, gutxienez, B2koa izatea bazkide izateko. Eta maila hori ez baduzu, konpromisoa hartu behar duzu lortuko duzula. Apustu bat da, beraz.

Izaskun Isasti (Arazi): "Gure kasuan ez dugu euskara planik. Ez dugu beharrezkoa ikusten. Abiapuntu delako Arazi lan egiteko ezinbestekoa dela C1 maila izatea. Baina jarrita ditugu irizpideak"

Kudeaketa horren atzetik estrategia bat dago, eta lotura du enpresaren estrategia orokorrarekin. Nola garatzen da?

I.I.: edozein estrategia egiterako garaian, urteroko kudeaketa plana barne, talde lanean AMIA bat egiten dugu. Kudeaketa planean identifikatuta dugu euskara badela gure indarguneetako bat. Eta indarguneekin zer egiten da? Horiek gutxienez mantentzeko, eta ahal bada hobetzeko, ekintza plana egin. Gure kasuan ez dugu euskara planik. Ez dugu beharrezkoa ikusten. Abiapuntu delako Arazi lan egiteko ezinbestekoa dela C1 maila izatea.

Baditugu jarrita irizpideak. Deiak hartzeko garaian, lehen hitza euskaraz. Bestela, nahiz eta euskaraz jakin, ez dago hala egingo duzunik bermatuta, edo kafe garaian euskaraz egingo duzunik. Beraz, horiek bai, finkatuta ditugu. Nahi dugu euskaraz jardun bai kanpoan, bai barrura begira ere. Eta gizartearekiko ditugun konpromisoetan ere geure ekarpena egin euskararekin. Beraz hori guztia hor estrategikoki edukitzeak behartzen zaitu zure urteroko kudeaketa planean ezartzen zenbat diru gordeko duzun ezartzen, eta zein ekintza egingo dituzun finkatzen.

I.A.: gu saiatzen ari gara gauzak sistematizatzen, ez dadin pertsonaren araberakoa izan. Adibide bat jartzeagatik: Izaskun dabil orain Arazin lanean. Baina Izaskun ez badago berdin jarraituko du, ala ez? Ala bere kontua eta ideia delako, bera joaten bada bere horretan geratuko da? Horregatik ikusi dugu ezinbesteko idatzi eta sistematizatzea hizkuntza politika, euskarazko estilo liburua, publikazio bat egiten dugunean nola egingo dugun, eta abar.

Gainera, 2025ean 25 urte beteko ditu euskara planak, eta estrategia egokitzen joan gara urte horietan zehar. Poliki-poliki ari gara gauzak aldatzen. Lau urtean behin euskararen plan estrategikoa egiten dugu, eta hor zehazten ditugu datozen urteetarako erronkak, eta hortik abiatuta urteko gestio plana prestatzen dugu.

Hori guztia, noski, lau urtean behin berritzen den plan estrategiko orokorraren pean egiten da. Azken batean kooperatiba gara, eta Mondragoneko parte, eta horrek ere baditu zenbait dinamika. Plan horretan hiru galderari erantzuten diegu, horietako bat zertarako gaude. Eta galdera horren erantzuna da aspalditik: kooperatiba bat gara eta euskalduna. Gure eginkizunetan baitago gizartean eragitea, gure kultura mantentzeko, euskaraz lan egiteko. Era berean, gure lau ardatzetako bat da “nortasun kooperatiboa eta eraldaketa soziala”, eta euskara ardatz horretan jasota dago. Hortik jausten da euskara batzordeak planteatzen dituen plan estrategikoa eta euskara plana. Ez da beti horrela izan. Baina orain bai, paraleloki doaz.

Iñigo Arrieta (Eika): "Hori da honetan ari garen erakunde askoren erronka: kooperatiba euskalduna izaten jarraitu nahi dugu, eta aldi berean bertakoentzat zein kanpotik datozenentzat enpresa erakargarria izatea nahi dugu"

Profesional gaituen beharra da erronka garrantzitsua, eta horrek kanpoan bilatzeko eskakizuna dakar. Nola egin kudeaketa horretan euskarak bere lekua izan dezan?

I.A.: hori da honetan ari garen erakunde askoren erronka: kooperatiba euskalduna izaten jarraitu nahi dugu, eta aldi berean bertakoentzat zein kanpotik datozenentzat enpresa erakargarria izatea nahi dugu. Ildo honetatik, momentu honetan hizkuntza eskakizunen prozedura lantzen ari gara: lanpostuen hizkuntza eskakizunak zehaztu ditugu, eta horiek betetzen ez diren kasuetan langileei eskainiko dizkiegun baliabideak zeintzuk izango diren, eta ikasketa prozesuaren jarraipena nola egin zehazten ari gara. Prozedurez haratago, erronka da euskara ikastea erakargarri egitea kanpotik datozen langileentzat; erakutsi behar diegu euskara guretzat ez dela bakarrik hizkuntza bat, gure kulturako zati bat baizik, bizimodu bat, gure grina. Eta horregatik animatzen ditugula ikastera. Euskara eskualdean integratzeko tresna modura ikusarazi behar diegu, eta ikasketa prozesua gauzatzeko baliabideak eta laguntza eman.

I.I.: guk esperientziak ditugu atzerriko museoekin, elkarrengandik ikasteko kolaborazioei dagokienez. Halakoak oso aberasgarriak dira. Orain, oro har guregana lanera talentua ekartzeko garaian, inguruko jendearekin egiten dugu lan.

Izaskun Isasti (Arazi): "Erronka ez da soilik talentua erakartzea, baizik eta geratzea, lan-taldea sendotzea. Baina hizkuntza edo euskara kasu honetan ez da traba"

Eta talentua erakartzea ez da erronka zuentzat?

I.I.: bai, bada. Are gehiago, erronka ez da soilik talentua erakartzea, baizik eta geratzea, lan-taldea sendotzea. Ikusten dugu jende askoren helburua dela lanpostu publikoetan aritzea. Publikoa lasaiagoa ikusten dute, eta enpresa pribatu mundua gorabeheratsuagoa, ezegonkorragoa beharbada. Erronka da halako proiektuak, nik erakargarri ikusten ditudanak, besteei ere erakargarri egitea. Baina hizkuntza edo euskara kasu honetan ez da traba. Beharbada esparru zientifiko-teknologikoan, bai izan daiteke euskaraz ez dakitenek duten talentua handia izatea. Baina hor ere enpresak lehenetsi beharko du. Agian kanpoko norbait kontratatzea erabakitzen du, baina euskara zer den azalduta eta hori garatzeko tresnak emanda. Euskaraz ez dakielako talentua joan dadin utzi? Ez. Proiektu bat aurrera ateratzeko ezagutza hori behar duzu zure lehiakideekiko desberdintzeko. Baina ondoren saiatuko zara zure lan-giro horretara ekartzen.

I.A.: zaintzen. Hori da. Baina helduko da momentu bat zeinetan balantzan jarriko den. Demagun profesionalki oso tekniko on bat den norbaitek, kanpotik datorrenak, ez duela euskararekiko konpromisorik hartu nahi. Zer egingo dugu? Kontratatuko dugu ala ez? Aurrez aurre lan egiten badu, hura kontratatzeak gure barne harremanetan eragingo du. Horregatik ere lantzen dugu estrategia.

Iñigo Arrieta (Eika): "Helduko da momentua zeinetan gu, hemen, geure arteko bilera euskaraz egiten arituko garen, eta alboan euskaraz ez dakien norbait den-dena gazteleraz entzuten, bost segundoko atzerapenarekin, bat-bateko itzulpengintzaren eskutik"

Teknologiak euskarari mesede egin diezaioke zentzu baten, euskaratik beste hizkuntzetara itzultzeko. Baina aldi berean, automatikoki itzuli ahal izateak euskara ikasteko beharrik ez ikustera eraman ditzake asko. Nola nabigatu egoera horretan?

I.A.: arrisku hori existitzen da, noski, eta kontrolatu beharko dugu. Lehen esan bezala, une honetan frogak egiten ari gara, Trebe bezalako tresnekin. Baina ez dugu nahi gazteleraz sortu eta ondoren itzuli; geuk euskaraz sortu nahi dugu, eta ondoren erabili adimen artifizialeko tresnak gauzak garatzeko. Momentuz, ikusi dugunez, tresnak oso ondo neurtzen du zer eta nola egiten den, bai euskaratik beste edozein hizkuntzara, edota gazteleratik beste hizkuntzetara. Noski, itzulpen hori eginda ere, beti berrikusi egin behar da, adimen artifizialak akatsak egiten baititu, identifikatuta ditugunak. Erabiltzen ari gara, era berean, ahots sintesia, hau da, idatzizko aurkezpen bat egin eta ahots artifizial bidez lokutatu.

Izaskun Isasti (Arazi): "Erakunde bezala, iruditzen zaigu gure ardura ez dela ez bakarrik euskara erabili eta euskaraz eskaini, baizik eta gizartean euskara sustatzeko konpromisoari eutsi"

Araziren kasuan, adimen artifiziala hizkuntzen kudeaketari loturik txertatzen ari zarete?

I.I.:  hizkuntzarekiko, momentuz, ez dugu ezer egin. Adimen artifiziala txertatzen ari gara irudiak sortzeko, bileren transkripzioak jasotzeko... Batez ere formazioa jasotzen ari gara adimen artifiziala gure egunerokotasunean txertatzeko eta eraginkortasunean irabazteko.

I.A.: helduko da momentua zeinetan gu, hemen, geure arteko bilera euskaraz egiten arituko garen, eta alboan euskaraz ez dakien norbait den-dena gazteleraz entzuten, bost segundoko atzerapenarekin, bat-bateko itzulpengintzaren eskutik.

I.I.: beste eztabaida bat bada ere, hor ikusteke dago zer gertatuko den itzultzaileekin.

Iñigo Arrieta (Eika): "softwarearen kontua eta kontuen erregistroa lantzen ari gara Indeusen. Softwarearen kasuan, Microsoftekin hitz egiten ari gara euskaraz eskaintzeko. Geuk ez badugu eskatzen, inork ez du eskatuko"

Hizkuntzak kudeatu egin behar dira, ez soilik erabili. Horretan laguntzeko, badira hainbat baliabide. Barne baliabideak aipatu dituzue batez ere solasaldian zehar. Kanpo baliabide gehiago behar direla uste al duzue?

I.I.: euskaraz jarduteko %100ean, badira zenbait atal indartu daitezkeenak. Guk, batez ere Bikain ziurtagiria berritzeko garaia iristen denean eta urteroko barne azterketa egiten dugunean, bai botatzen dugula faltan enpresa kudeatzeko softwareak izatea. Bestalde, Lanitz dirulaguntzak erabiltzen ditugu gaztelerazko testuak euskaratzeko. Izan ere, sinestezina badirudi ere, Emaz ziurtagiria, ingurumenaren kudeaketa arlokoa, Ihoberen bitartez jasotzen dena, oso-osorik gazteleraz dago. Era berean, euskara hizkuntza ofizial izanik ere, urteko kontuak euskaraz erregistratu nahi badituzu, erregistroan akatsa emango dizu. Kasu horretan, baina, ez dakit baliabide falta den ala beste zerbait. Edozein kasutan, gure kudeaketan hobetu ditzakegun horiek hobetzea, neurri baten, ez dago geure esku. Baliteke adimen artifizialak horretan laguntzea.

A.I.: azken batean, argi dago baliabide ekonomikoak eta baliabide teknologikoak bereizi behar direla. Ez nuke jakingo esaten, dena den, zerbaiten falta sumatzen ote dugun ala ez Eikan. Baliabide ekonomikoak lagungarriak direla jakin badakit. Eta ez dut uste hau debalde izan behar denik erakunde batentzat. Bakoitzak bere partetik ipini behar du. Kontua ez da eskatzea; norberak bere ekarpena egin behar du.

Era berean, hainbat forotan ari gara parte hartzen: Indeusen, Mondragoneko euskara batzordean, eskualde mailako foro baten... Horietan aukera dugu interkooperaziorako, eta denon artean gauzak lortu eta indarra egiteko. Are gehiago, Izaskunek aipatu duen softwarearen kontua eta kontuen erregistroa lantzen ari gara Indeusen. Softwarearen kasuan, Microsoftekin hitz egiten ari gara euskaraz eskaintzeko. Katalana jada sartuta dago. Eta geuk ez badugu eskatzen, inork ez du eskatuko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK