Euskarazko unibertsitatearen ezina, ekinez egina

50 urte bete ditu UEU Udako Euskal Unibertsitateak. Mende erdian bide luzea eta lan eskerga egin du dagoen lekura heltzeko

Eskolak Larraonan (Iruñean), 1978 urte inguruan | Argazkia: UEU Eskolak Larraonan (Iruñean), 1978 urte inguruan | Argazkia: UEU

Orain dela 50 urte ezinezkotzat jotzen zena lortu du UEUk. Talde lanean ekin eta ekin, orduan utopia zirudiena, urtez urte errealitate bihurtzen ari da. UEUren sorrera ulertzeko, 50 urte atzera egin behar dugu, lehen ez baitzegoen aukerarik euskaraz ikasteko. UEUren historian sakonduta, egun, Euskal Herriko zazpi herrialdetan unibertsitateetan jarduera guztiak euskaratik eraikitzea amesten dute, horixe baita UEUren helburua, euskaratik hezkuntzan eta jakintzan ekitea.

Duela 50 urte euskara ez zen batere erabiltzen unibertsitatean. Eta, ez hori bakarrik: ezinezkoa ikusten zen. Adolfo Suarez garai hartako Espainiako presidenteak barre egiten zuen Paris Matcheko elkarrizketa batean: "baina irudikatzen al duzue fisika nuklearra euskaraz erabiltzen? ezinezkoa da", zioen. Testuinguru horretan 20-30 pertsona hasi ziren biltzen egoera honi irtenbidea emateko. Handik 5 urtera, Iruñean ehunka lagun hasi ziren elkartzen hasi. “Euskaraz edozein gai lantzeko gaitasuna lortu zuten hainbat irakaslek, argitalpenak hasi ziren, eta handik 20-25 urtera Euskal Herriko unibertsitatean ia karrera guztiak euskaraz egiteko aukera zegoen. Ezina, ekinez egina”, adierazi du Kepa Sarasolak, UEUko lehendakariak. Gerora, beste helburu batzuk gehitzen joan dira: ikerkuntzan sakondu; euskara unibertsitatetik atera eta erakundeen eta enpresen eguneroko jardunera eraman... “Oraindik ez daukagu unibertsitate bat bere eguneroko jardunean euskaratik bizi dena, eta hau da gure azken helburua. Guk nahi duguna da euskal unibertsitate bat Euskal Herriko herrialde guztietan ariko dena; amesten dugun unibertsitatea ez da erakunde abstraktu bat, gai etereoak landuko dituena, baizik eta gure gizarteak une bakoitzean dituen erronkei aurre egingo diona”, gehitu du.

Euskal Herri osoari begirako iparrorratza

Deigarria da 50 urte hauetan UEUk egindako ekarpena: urtero 10 liburu ateratzen ditu euskaraz unibertsitateko gaiei buruz, guztira 460 argitaratu ditu. Publiko den Inguma datu basean, non unibertsitate mailan euskaraz argitaratutako guztia biltzen den, 2.000 liburu baino gehiago jasotzen dira. Gainera, 900 doktorego tesiren defentsa egin da euskaraz. “Datuen bilakaera oso handia da”, dio Sarasolak. “Lortu dugu Euskal Unibertsitatea? Ez, oraindik ez, baina aldarrikapenarekin jarraitzen dugun bitartean, gu eraiki eta eraiki ari gara”.

Kepa Sarasola: “Guk nahi duguna da euskal unibertsitate bat Euskal Herriko herrialde guztietan ariko dena”

Idoia Torregarai komunikazio arduradunak azpimarratu du 1970eko hamarkada hasieran, denak zirudiela posible, baina gero errealitateak beste joko arau batzuetara eraman zituela hastapenetako eragileak. “1982an EHU sortzen da, baina EAErako sortzen da, eta hau aurrerapauso handia izan zen, baina ez zen Euskal Herri osorako sortu, eta honek sortu zuen barne eztabaida UEUren barnean: zer egin? bere ibilbidea bertan behera utzi, edo jarraitu? Eta aurrera egitea erabaki zen, hura ez zelako guztion euskal unibertsitatea. Zalantzarik gabe aurrerapauso garrantzitsua zela ikusi zen, baina Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko egoera ez zuen aintzat hartzen”, gehitu du. Horregatik, UEUk jarraitu du iparrorratz horri begira. Eta horregatik izan da hain garrantzitsua udako ikastaroak Iruñean edo Baionan egitea.

Online unibertsitatea: borondate politikoa, ezinbestekoa

Azken urteetan online irakaskuntza asko zabaldu da mundu osoan, eta hor erronka handia ikusten dute UEUn. Europan, lau ikasletik batek etxetik ikasten du, online. “Eta guk uste dugu hutsune ikaragarria dugula euskarazko irakaskuntzan unibertsitatean. 20 urte daramatzagu hori eskatzen”, dio Sarasolak. “Ikusten dugu estrategikoa dela online unibertsitatea sortzea. Azterketak egin ditugu eta ikusten dugu posible dela, ikaslegoa badagoela, baina ezin dugu bakarrik egin, erakundeen inplikazioa eta babesa ezinbestekoa da”. Torregaraik gehitu du hau ez dutela bakarrik egin nahi: “ez da gure estiloa, guk beti elkarlanean eta eraikiz egiten ditugu gauzak. Trena galtzen ari gara alor honetan”.

UEUko zuzendariak beste bi erronka garrantzitsu aipatu ditu. Bata, euskara zabaltzea lizentziatura graduetatik gora, alegia, maila profesionalean enpresetan, eta ikerkuntza mailan. “Urtero profesionalen bilkurak egiten ditugu, euskarak unibertsitatetik enpresetara, erakundeetara, maila praktikora jauzi egiteko. Horrez gain, tesiengatik apustu egiten dugu. Ikergazte kongresuak antolatzen ditugu duela 7 urtetik hona, testuinguru bat eskaintzeko euskaraz partekatzeko ezagutza. Gradu bat bukatuta, ikerkuntzan ere euskara elementu bizia izatea da helburua. Berriz ere, erakutsi dugu ezinezkoa zirudiena ekinez lor daitekeela”.

Kepa Sarasola: “Ikusten dugu estrategikoa dela online unibertsitatea sortzea, baina erakundeen inplikazioa eta babesa ezinbestekoa da”

Halako erakunde baten biziraupena bermatzeko lantaldea eta militantzia ezinbestekoak dira. Egun gelditzen diren militantzian oinarritutako kultur erakunde bakarrenetakoa da UEU. Torregarairen esanetan, “Oinarri soziala duen elkartea gara, bazkideez gain milaka lagunen orbita inguruan duena. Beti oso erakunde horizontala izan da, eta UEUk lan estilo propioa dauka”.

Urteurren ospakizunak

Hiru helburu jarri dituzte 50. urte berezia ospatzeko. “Lehenengoa, festazale izanik, oso garbi ikusi genuen ospatzeko baliatuko genuela urteurrena. Urtarrilean brindis birtuala egin genuen; ekainean sei UEU festa egin ditugu hiriburuetan. Bigarren helburua da gure barne egitura sendotu eta bazkidetza areagotzea, gure oinarri soziala erakartzeko. Eta hirugarrena, aitortza eta errekonozimendua lortzea erakundeetatik, unibertsitateetatik”, esan du Torregaraik. Udako ikastaroetan 22 jardunaldi berezi antolatu dituzte. Eta irailaren 21ean, Bilboko Kafe Antzokian 50. urteurrenaren ekitaldi nagusia egingo dute. Ekimen zerrenda luzean, besteak beste, liburuak argitaratu, eta Jakinekin batera Euskal Unibertsitateari buruzko monografikoa argitaratzeko asmoa azaldu dute.

Idoia Torregarai: “1982an EHU sortzen da, baina EAErako sortzen da, eta hau aurrerapauso handia izan zen, baina ez zen Euskal Herri osorako sortu”

UEUk ereiten jarraituko du orain arteko uzta handitzen jarraitzeko, berezkoak dituen ezaugarriekin: euskalduna, herritarra, kalitatezkoa eta gertukoa. Noiz arte UEU?, galdetu die EnpresaBIDEAk Sarasola eta Torregarairi. Erantzuna bat-batekoa izan da: "Euskal unibertsitatea sortu arte". Hala bedi.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK