Sidenorrek adierazi du Talgo enpresa osoa edo enpresaren zati bat erosi nahi duela. Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak positiboki balioztatu du Sidenorrek esandakoa, eta berretsi du Eusko Jaurlaritza prest dagoela prozesuan laguntza emateko.
Sailburuak azaldu du prozesua hasi besterik ez dela egin. Gaineratu du Eusko Jaurlaritzak Sidenor laguntzekotan hiru betebehar izango dituela enpresak: Talgok “proiektu sendoa eta etorkizun industrialekoa” izan beharko du, “EAEn enpresaren errotzea ahalbidetuko da” eta “enplegu industrialaren hobekuntza” ziurtatu beharko du. Hiru baldintzak beteko balira, Eusko Jaurlaritzaren laguntza jasoko dutela baieztatu du Jauregik. Pello Otxandiano EH Bilduko legebiltzarreko bozeramaileak eskatu du Eusko Jaurlaritzak Sidenor laguntzea baldin eta "enpleguari eusteko eta horrelako sektore estrategiko bat lurraldean errotzeko" balio badu.
Carlos Cuerpo Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa ministroak gehitu du garrantzitsua iruditzen zaiola sektore pribatuan eskaintzak eta interesak egotea, Talgorekin gertatzen ari den moduan.