Derioko egoitzan medikamentuak ekoizteko baimena jaso du Faes Farmak

Leioako plantako produkzioa Deriokora lekualdatuko dute, baina konpainiako presidente Mariano Ucarren esanetan, 2026. urtera arte luzatuko da prozesua

Faes Farmaren Derioko planta berria | Argazkia: Faes Farma Faes Farmaren Derioko planta berria | Argazkia: Faes Farma

Faes Farma enpresa farmazeutikoak baimena jaso du Derioko (Bizkaia) egoitzan medikamentuak ekoizten hasteko. Gaur egun Leioan (Bizkaia) produzitzen dituzten sendagai berdinak sortuko dituzte planta berrian, baita stick likidoak eta kapsula bigunak ere. Horretarako, “balio handiko teknologia berriak eta bikaintasun operatiboa” izango dutela adierazi du enpresak.

Konpainiak 200 milioi euro inbertitu ditu proiektu berria garatzeko, eta inoiz egin duen inbertsiorik handiena da. Izan ere, Derioko egoitzak gutxi gorabehera 60.000 metro karratu ditu (horien herena produkzio farmazeutikora bideratuta egongo da). Azaldu dute produkzioa pixkanaka pasako dutela Leioako egoitzatik Deriokora, baimen gehiago lortzen joaten diren heinean, baina, Mariano Ucar Faes Farmako presidenteak gehitu du prozesu hori 2026. urtera arte luzatuko dela.

Egoitza gehigarri horri esker, enpresa farmazeutikoak adierazi duenez bikoiztu egingo dute egungo produkzio maila, urtean 100 milioi botika unitate baino gehiago sortuta. 200 langile baino gehiago izango dira.

Konpainiak 79,8 milioi euroko irabazi garbiak izan zituen 2024ko lehen bederatzi hilabeteetan, 2023ko mozkinak baino %7,7 gehiago. Enpresaren fakturazioa, epe berean, 392,9 milioi eurokoa izan zen eta ustiapeneko emaitza gordina (Ebitda) 109,5 milioi euroraino igo zen 2024ko irailean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK