Fagor Arrasateren Txinako instalazioak bisitatu ditu Pedro Sanchezek

Txinako plantak, Kunshanen kokatua, 2008tik darama zabalik

Argazkia: Fagor Arrasate Argazkia: Fagor Arrasate

Azken egunotan, Pedro Sanchez herrialde txinatarrean aritu da bidaian. Gaur, asteazkenean, Kunshan hirira joan da, Shanghaitik 50 kilometrotara. Bertan, Fagor Arrasate taldeak duen instalazio bat bisitatu du, txinatar autoritateekin batera. Espainiako gobernuko presidenteak aukera izan du Kunshango enpresak automobilgintza, burdingintza eta industria teknologikoko bezeroentzako ekoizten dituen tresna, baliabide eta sistemak ikusteko.

Alberto Sarasquetak, Kunshango fabrikako zuzendariak, adierazi du enpresarentzat garrantzitsua dela bezeroak ondo ezagutzea, eta, ondorioz, haiengandik gertu egotea. Azken hamasei urteetan enpresa asko sendotzeaz gain, estanpazioko prentsa eta instalazio automatikoetan, eta altzairuzko zein aluminiozko ebaketa lerroetan, erreferente bilakatu direla ere azpimarratu du zuzendariak. Instalazioa 2008. urtean ireki zuen Arrasateko taldeak, eta gaur egun 120 langilek egiten dute lan bertan.

Fagor Arrasatek 60 urte baino gehiagoko esperientzia du industrian, eta Txinaz gain, Mexikon, Alemanian eta AEBn ere baditu instalazioak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK