
Familia enpresei buruzko jardunaldia antolatu zuen atzo Elkargik Hernaniko Chillida Leku museoan. Bertan bildu ziren EAEko familia enpresen 60 ordezkari. Finantza erakundearen arabera, enpresa ertain eta txikien 10etik 8 familia enpresak dira Euskal Autonomia Erkidegoan eta enpleguaren %65 sortzen dute.
Halaber, enpresa mota horientzat belaunaldi erreleboa erronka zaila da. Familia enpresa askok utzi behar izaten dute euren negozioa, askotan “gobernantza eta jabetza” arrazoiak direla eta, eta ez hainbeste negozioarekin zerikusia duten kontuengatik
Bi enpresa izan ziren protagonista atzoko ekitaldian: Embalan3 ontziratze jasangarriko soluzioetan espezializatako konpainia eta Lacor Ibili sukalderako tresneria ekoizten duen 75 urteko enpresa.
Ion Alberdik (Embalan3) eta Izaskun Larrañagak (Lacor Ibili), Mikel Alberdi Elkargiko familia enpresaren arloko arduradunarekin solasaldia izan zuten. "Familian inbertitzea eta kide guztiak inplikatzea da kohesioa sustatzeko eta negozioari jarraipena emateko formularik onena", adierazi du Elkargiko arduradunak.
Lacor Ibili taldeko kontseilari delegatua da Larrañaga eta zera esan du "familia enpresak, bere ingurunean aberastasun ekonomikoa izateaz gain, errotzea sortzen du. Denbora ematen dugu ukiezinen kudeaketan, familia-harremanean eta proiektuarekin duten bizikidetzan, hori baita gure balioek epe luzean iraun dezaten formularik onena. Gure enpresa familiako kide bat gehiago da”.
Alberdi, aldiz, Embalan3ko zuzendaria da eta bat egin du Larrañagarekin. "Familia-enpresa proiektu bat baino askoz gehiago da, sentimendu bat da eta horren alde ere lan egiten da. Gure proiektuaren balioa, aktiboarekin batera, adierazten duen horretan dago. Balioak, identitatea eta sustraitzea dira. Belaunaldiz belaunaldi hartutako konpromisoa da”, kontatu du.