Fernando de la Maza: "Arkitekturak zentzua du pertsonengan pentsatuz egiten bada"

Diseinu arduratsuak “estetika funtzionaltasunarekin, ekonomiarekin eta iraunkortasunarekin bateratzen du" Kreaneko arkitektoaren ustez

Fernando De la Maza | Argazkia: Krean Fernando De la Maza | Argazkia: Krean

UPV/EHUren Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko eraikin berria, Bilbon, eta Irungo (Gipuzkoako) Arbeseko adinekoentzako asistentzia-zentroa dira Fernando de la Maza Kreaneko arkitektoak eskuartean dituen proiektuetako bi. Lehenengoa eraikuntza fasean da dagoeneko 5.300 m2-ko azalera duen lursail baten gainean, eta 32.000 m2 erabilgarri izango ditu. Bigarrena, 6.913 m²-ko partzela eremuan eraikiko dute, eta adinekoentzako egoitza bat, hiru eguneko zentro, desgaitasun fisiko larrirako zentro bat eta zuzkidura-bizitokietarako eraikin bat aurreikusita dago bertan. Proiektu interesgarriak biak, De la Mazaren ikuspegitik.

Zenbat du arkitekturak funtzionalitatetik eta zenbat sormenetik?

Arkitektura diziplina konplexua da, eta gai asko konbinatu behar ditu. Arkitektoaren prestakuntzatik hasita, matematika, fisika, artearen historia edo marrazketa bezalako gaiak aztertzen dira, eta proiektuen bidez problema konplexuak ebazteko tresna gisa balio dute. Eraikin on batek hainbat baldintzari erantzun behar die, bai estetikoak, bai ekonomikoak, bai funtzionalak.

Eta nola uztartzen dira biak?

Esan bezala, proiektu batek funtziona dezan, ez da bateraezintasunik egon behar diseinu sortzaile baten, programa bat betetzearen, espazioen kalitatearen, materialen iraunkortasunaren edo horrek ingurumenean duen eraginaren artean. Horrela, eraikin bat edo diseinatzen dugun edozein objektu ederrago ikusiko da bere funtzioa betetzen badu. Beraz, ezin dira bateraezin izan.

Zer dute amankomunean arkitekturak eta ekonomiak?

Arkitektura jarduera ekonomikoa da eraikuntzaren industriaren barruan, lanbide asko biltzen ditu eta profil oso desberdinak ditu; beraz, gizartean duen eragina zabala eta zeharkakoa da. Horren ondorioz  krisi-prozesuak zuzenean eraikuntzan islatzen dira, eta eraikuntza horrek gizarte baten egoera ekonomikoaren termometro edo adierazle gisa funtzionatzen du.

"Proiektu batek funtziona dezan, ez da bateraezintasunik egon behar diseinu sortzaile baten, programa bat betetzearen, espazioen kalitatearen, materialen iraunkortasunaren edo horrek ingurumenean duen eraginaren artean"

Nola ulertzen du Kreanek arkitektura?

Krean diziplina anitzeko talde batez osatutako zerbitzu-enpresa da. Ingeniaritzaren, arkitekturaren eta lurraldean eragina duten askotariko proiektuen bidez, pertsonengan eta ingurunearengan eragin positiboa sortzeko lan egiten du. Bezeroarekin eta eraikin bat eraikitzeko prozesuan parte hartzen duten eragileekin batera lan eginez, konponbide osoak eta integratuak emateko proiektu konplexuei heldu nahi zaie. Esan dezakegu, arkitektura tradizionalaren "sinadura" izaeraren aurrean, Krean bere "talde" esentziak bereizten duela.

Irungo (Gipuzkoako) Arbesko asistentzia-zentroa da egin duzuen azkeneko proiektuetako bat. Lehen aldia da halako proiektu bat garatzen duzuela?

Hain justu, oso proiektu antzekoa egin dugu Araban, Lakuan: asistentziazko egoitza bat adineko pertsonentzat, hainbat errekurtso barnebiltzen dituena. Alegia, ez da soilik erresidentzia bat: eguneko zentroa du, desgaitasun fisiko nabarmena duten pertsonentzako zentroa...

Arbesko Egoitzak, Lakuakoarekin erkatuta, adineko pertsonentzako tutoretzapeko apartamentuen eraikina ere badu, dependentzia gradu txikiagoa dutenentzat. Hala, beren independentzia mantendu dezakete beste zerbitzu mota batzuekin.

Eta bi proiektu horietan interesgarria da Krean ez dagoela soilik diseinu eta eraikuntza fasean, baizik eta sustapenaren parte horretan izan dela, bai Arabako Foru Aldundiarekin, bai Gipuzkoakoarekin.

image011
Arbeseko Egoitzaren etorkizuneko diseinua | Irudia: Krean

Ohikoa izaten al da sustapenean parte hartzea Kreanek, ala azken urteetan garatutako lerroa izan da?

Azken urteetan gehiago garatzen ari den parte bat da, energia sorkuntzako proiektuetatik hasita —herritarrak energia berriztagarriak sortzen eta kudeatzen ahalduntzean oinarritzen diren Ekiola Kooperatibak, adibidez—, proiektuak eremu soziosanitarioan garatzeraino, Gasteizko Arabarren zaintza zentroan edo orain Arbeseko erresidentzian egin bezala.

UPV/EHUren Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko proiektuan ere ari zarete, egun eraikitza prozesuan dagoena. Nolakoa izan da zuentzat proiektu horretan parte hartzea?

Proiektu interesgarria da hiriaren erdigunean dagoelako, Basurtun. Asmoa da gune hori indartzea Bilboko osasungintzako polo bezala. Era berean, proiektu interesgarria da Medikuntza eta Erizaintzako fakultateko partzelaz harago, hari loturiko laborategien eraikin bat ere baduelako, egun dagoen ospitalearekin oso modu egokian uztartzen dena. Era berean, proiektu interesgarria da; izan ere, eraikin berriak, irakaskuntza- eta laguntza-guneez gain, laborategirako eta ikerketarako espazioak izango ditu. Horiek eraikina osatzen duten bolumenetako batean multzokatuko dira, eta orrazi moduan antolatuko da, korridore nagusi baten eta bigarren mailako hiru pasabideren bidez konektatuz.

Eraikinaren erabilerak eta Basurtuko Ospitaletik hurbil egoteak sinergiak sortzea ekarriko du, bai hezkuntzaren arloan, bai ikerketaren esparruan.

Partzela konplexua du —triangelu formakoa, malda askorekin, unibertsitateko programari egokitutako guneak kontuan izanda—. Eraikuntza fasea hasi da dagoeneko, eta erronka izango da martxan jartzea ere.

"[UPV/EHUren Medikuntza eta Eritzaintza Fakultatearen proiektua] interesgarria da hiriaren erdigunean dagoelako, Basurtun. Era berean, partzela konplexua du —triangelu formakoa, malda askorekin, unibertsitateko programari egokitutako guneak kontuan izanda—"

Halako beste proiekturik egindakoak al zineten?

Hezkuntzako beste zenbait eraikin egin ditugu, Mondragon Unibertsitaterako, esaterako. Baina segur aski honen elementu bereizgarria da kokapena. Eta esparru biosanitarioari loturiko ezagutza sortzeko asmo hori.

Zein erronka ditu Kreanek egun?

Gaur egun KREAN erreferentea da arkitekturan eta ingeniaritzan. Sustapen-, diseinu- eta eraikuntza-prozesu osoan parte hartzen dugu, digitalizaziotik, berrikuntzatik eta industrializaziotik. Gure lanean etorkizuna gaur da, eta helburu estrategikoak jartzeaz gain, proiektuen garapen-prozesuan etengabeko berrikuntza uztartzea da erronka, balio eraldatzailea emanez, gizarte- eta ingurumen-iraunkortasuna gure jardueraren zeharkako ardatz gisa hartuta.

Garai konplexuak al dira arkitekto izateko?
Agian esango nuke garai zailak direla lanbide askotarako. Baina beti gertatu izan dira krisi sozial eta ekonomikoak, eta horiek lanez eta konstantziaz gainditu dira, baita gizarteari ekarpenak egiteko dugun ilusioarekin ere. Hor finkatzen dugu gure helburua, beti erraza ez bada ere.

image010
UPV/EHUren Medikuntza eta Erizaintza fakultateko eraikin berriaren diseinua | Irudia: Krean

2023. urteko testuinguru ekonomikoa eta oro har mundu mailakoan pentsatu. Horren ezaugarriak kontuan hartu. Badago arkitektonikoki hori islatzen duen eraikuntza ezagunik?

Hautematen den ziurgabetasun globalaren eta ziklo-aldaketaren ondorioz, errespetuzko eta inguruneko esku-hartze integratuak eraikin enblematiko bihurtu dira, eta birgaitze-eredu berritzaileei erreparatu diegu, energiaren erabilera eraginkorrean, jasangarritasunean eta dagoen espazioaren aprobetxamenduan fokua jartzen dutenei, hain zuzen. Alegia, ez dugu soilik arreta jartzen eraikinen inpaktu bisualean edo estetikoan, baizik eta eraikinen edo hiri-eremuen birgaitze eta zaharberritzean.

Adibide argiago gisa aipa dezakegu David Chiperfielden lana (Pritzker 2023 saria) eta, zehazki, Berlingo James-Simon Galerie eta Neues Museumen egin zituen esku-hartzeak. Bi obra dira, lehen existitzen ziren eraikinetan egindakooak inguratzen dituen ingurunea berreskuratzen eta indartzen dutenak.

"Hautematen den ziurgabetasun globalaren eta ziklo-aldaketaren ondorioz, errespetuzko eta inguruneko esku-hartze integratuak eraikin enblematiko bihurtu dira, eta birgaitze-eredu berritzaileei erreparatu diegu"

Arkitekturan aintzat hartzen diren ezaugarriak kontuan izanda, zein ezaugarri izan behar ditu 2024ak?

Testuinguru ekonomikoari eta gertatzen ari diren aldaketa sozialei lotutako erronka guztien aurrean, ezin dugu ahaztu arkitekturak zentzua duela pertsonengan pentsatuz egiten bada.

Gure hiriak eta eraikinak gero eta bizigarriagoak, irisgarriagoak, malguagoak, zarata gutxiagorekin, aisialdirako espazio gehiagorekin eta ingurumenarekiko kontzienteagoak izan daitezen pentsatzea.

Estrategia batzuk azpimarratzearren: hiri-inguruetan dauden lurzatien aprobetxamendua, erabilera mistorako eta osagarrirako; sektorearen garapen teknologikoa, eraikuntzaren industrializazioaren eta teknologia berrien erabileraren bidez, prozesuak errazteko eta ahaleginak eraikinaren kalitatera bideratzeko; aprobetxamendu hobea eta eraginkorragoa ahalbidetzen duten espazio malguak eta funtzio anitzekoak garatzea; gure eraikinen irisgarritasun unibertsala; eta arkitekturan integratutako energia berriztagarrien erabilera ezartzea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK