Finantza erakundeen politizazioa

Astebete besterik ez da geratzen BBVAren ezohiko batzarrerako. Akziodunek onartu egin behar dute kapital handitzea Banc Sabadell erosi ahal izateko, baina eman beharreko pausoak oraindik luzeak dira. Hala ere, zein irakurketa egin daiteke interesen ikuspegitik? Zer dago jokaldiaren atzean? Eta zein toki du Europako moneta-politikaren testuinguruan?

Irudiak: iStock | Muntaia: EnpresaBIDEA Irudiak: iStock | Muntaia: EnpresaBIDEA

Gaur egungo finantza munduan, bankuen lurraldetasun sentimendua bigarren mailako faktore bihurtu dela argi ikusten da. Egun dugun BBVA eta Banco Sabadellen balizko fusioan argi ikus dezakegun aldagaia da. Negozio-estrategiak, eraginkortasun operatiboa eta errentagarritasuna dira erabaki korporatiboen eragile nagusiak. Printzipio hori argi eta garbi islatzen da fusio honetan: helbide soziala Bilbon duen BBVAk bere eragiketa zentroa Madrilen du aspalditik; Banc Sabadellen aldetik bere helbide soziala Alacanten edukita, bere eragiketa zentroa Katalunian mantentzen du.

BBVAk Euskal Herrian duen merkatu-kuota ez da lehengoa bezain adierazgarria. Kudeaketa Madrilen zentralizatzeak eta tokiko eragiketak gutxitzeak eskualdean duten eragina murriztu dute, besteak beste. Eta Euskal Herrian duen merkatu-kuotak garrantzia galdu duenez, BBVAk bere presentzia Katalunian handitzeko estrategiatzat hartu daiteke balizko fusioa.

Sabadellen kasuan bere helbide soziala Alacantera mugitu zuen 2017 ezegonkortasun politiko bati erantzunez. Bere kudeaketa, ordea, Katalunian mantendu zuen, bere merkatu kuota bezala. Dena horrela Katalunia da argi eta garbi BBVAren helburua, lurralde horretan Sabadell Bankuaren presentzia handiaren ondorioz.

Ezinegona eta beldurra

BBVAren eta Banco Sabadellen arteko balizko fusioak eztabaida sakona eragin du hainbat arlotan, politikatik hasita ekonomia eta gizarteraino. Ia inork ez zuen espero BBVAren eskaintza Banc Sabadelleko bulego zentraletan, Sant Cugat del Vallèsen kokatua. Izan ere, Kataluniako bankuan fusioren batean parte hartzeko zantzurik bazuten, honakoa izango zen: beraiek Unicaja erostea.

Hauteskunde-testuinguru sentikorrean sortu zen BBVA-Sabadell operazioa, eta hainbat sektorek errezeloz ikusi dute. Banco Sabadellen langileen artean beldur dira sakrifikatu handiak eurak izango ez ote diren, eta hori zifra argiekin hitzartzea nahi dute, Sant Cugaten botere maximoa salbatuz. Gogoan izan behar da Sabadellen indarra ETEentzako banku negozioa dela, non Madrilgo bankua baino askoz hobeto prestatuta dagoen.

ETEak eta autonomoek badute beste beldur bat: fusio honek kreditu politika zurrunagoak eta tokiko finantza-laguntza txikiagoa ekarriko ote dituen. Ezinegon hori ez da funtsik gabea

Sabadelletik kanpo ere badira eragiketa begi onez ikusten ez dutenak: adibidez, Governek bere aurkakotasuna erakutsi zuen, Kataluniako banku paisaia erakunde bakar batera murriztuko bailitzateke. Enpresen munduak ere badu zer esana kontu honetan, Katalunian bulego nagusiak dituen erakunde bat galtzearen beldur baitira. Gogoratu beharra dago enpresetatik oso gertu dagoen banku bat dela Sabadell. Enpresa txiki eta ertainek argudiatzen dute banku kontzentrazioak lehia txikiagoa eragin dezakeela, eta horrek, oro har, eragile ekonomikoen negoziaketa boterea gutxitzea ekarri ohi duela. Hori gutxi balitz, Madrilen erabakiak zentralizatzeak tokiko beharrekiko sentsibilitate eta erantzun txikiagoa ekar lezake, eta hori funtsezkoa da ETEen eta autonomoen dinamismoarentzat.

Bestalde, ETEak eta autonomoek badute beste beldur bat: fusio honek kreditu politika zurrunagoak eta tokiko finantza-laguntza txikiagoa ekarriko ote dituen. Ezinegon hori ez da funtsik gabea; izan ere, historikoki, banku fusioek eraginkortasun operatibo handiagoa ekarri dute, baina, aldi berean, finantza-zerbitzuen pertsonalizazioa murriztu egin dute. Horrek zuzenean eragiten die beren beharretara hurbilago eta egokituago dagoen tratuaren mende dauden negozio txikiei. Sindikatuak ere aurka azaldu dira, badakitelako kaleratzeak ekarriko dituela fusio honek. Jada, BBVAk aurreikusten du berregituraketan 1.450 milioi gastatuko dituela.

Estatuak finantza-erakundeen kontrola mantendu nahian

Jokaldi zentralizatzaile baten pertzepzioak oihartzun handia du gobernu zentralaren eta autonomia-erkidegoetako eskualdeen arteko tentsioak handiak diren testuinguru honetan. Kontrol zentralizatu hori Katalunian eta Euskal Herrian eragin politiko eta ekonomiko handiagoa izateko modutzat har daiteke.

Gure mugetatik haratago, Europa mailan ikusi ditugu halako fusioak, baina interesgarria da ikustea Europako moneta-batasunak ez dituela modu esanguratsuan sustatu hainbat herrialdetako bankuen arteko fusioak, eta estatuetako ligak izan direla mugimendu horien eragile nagusiak. Fusio hipotetikoak ez bezala (adibidez, BNP BBVArekin edo Deutsche Bank Unicreditekin, zeinak Europan benetako finantza-integrazioa ekarriko bailukete), BBVAren eta Banc Sabadellen arteko bat egiteak Espainiako barne dinamiken isla dirudi, Europako herrialdeen estrategiaren isla baino gehiago. Horrek agerian uzten du Europan banku-integrazio osoaren aurkako erresistentzia, non estatuek oraindik nahiago baitute beren finantza-erakunde nagusien gaineko kontrola mantendu.

BBVAren eta Banc Sabadellen arteko bat egiteak Espainiako barne dinamiken isla dirudi, Europako herrialdeen estrategiaren isla baino gehiago

Nazioarteko beste fusio batzuekin alderatuta, banku-protekzionismorako joera nabaria da Europan, eta badirudi estatuek uko egiten diotela finantza-erakunde garrantzitsuenen kontrola galtzeari. Dinamika hori ez dator bat benetako diru eta banku batasunaren ideiarekin, zeinak mugaz haraindiko sendotzea sustatu beharko bailuke kontinente mailako finantza-egonkortasuna indartzeko.

BBVA dugu fusio honen eragile eta sortzailea, BBVAko datu batzuk ikusita, adibidez 2022an 6.420 milioi eurotako irabazia eduki zuten, horietatik Mexikon %57, Espainian %23, Hegoamerikan %10, Turkian %7 eta beste tokietan %3. Halaber, 2023an 8.000 milioi eurotako irabazia eduki zuten; geografikoki Mexikon %55, Espainian %29, Hegoamerikan %6, Turkian %6 eta beste tokietan %4. Datuotatik ondorioztatu dezakegu BBVAk irabazi handienak Latinoamerikan eduki dituela. Herrialde horien merkatuek hegazkortasun maila handia dute, baita Turkiaren kasuan ere.

BBVAk diru-sarrerak dibertsifikatzeko eta hain lurrunkorrak ez diren merkatuetan egonkortasuna bilatzeko duen estrategia ulergarria da. Hala ere, Espainian eta, bereziki, Katalunian egonkortasuna bilatzeak ahalbidetu ahal dio erronka garrantzitsuei  aurre egitea, tentsio politikoengatik eta finantza kontrola zentralizatu izanagatik

Egonkortasun handiagoa bilatzeko mugimendua logikoa litzateke, baina zalantzan jar daiteke Katalunia egonkortasun horretarako helburu gisa aukeratzea. BBVAk diru-sarrerak dibertsifikatzeko eta hain lurrunkorrak ez diren merkatuetan egonkortasuna bilatzeko duen estrategia ulergarria da. Hala ere, Espainian eta, bereziki, Katalunian egonkortasuna bilatzeak ahalbidetu ahal dio erronka garrantzitsuei  aurre egitea, tentsio politikoengatik eta finantza kontrola zentralizatu izanagatik.

Fusioaren aurrean eduki duten harrera ez da oso beroa izan, gizarteko eragileek Katalunian erakutsi duten moduan. Baina azken hitza Sabadelleko akziodunek dute, oso atomizatuta daude eta, azken urteetan hainbeste zigor daramatzate ze BBVAren eskaintza alaitasun gisa ikus baitezakete.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK