Heraclio Fournier aritua zen kartak egiten Burgosen, bere jaioterrian, familiaren enpresan, bere anaiekin. "Segur aski beren koinatuak —arreba batekin ezkonduak— erakutsi zien litografia Fournier anaiei, frantsesa baitzen", azaldu du Edurne Martin Ibarraran Arabako Fournier Karta Museoko teknikariak. Heraclio, baina, gazteena zen, eta bide propioa egiteko beharra ikusita, Gasteizera heldu zen 1870. urtean bere emazte Nieves Partearroyorekin. Hain zuzen, Arabako hiriburuan bizi ziren arestian aipaturiko arreba eta koinatua, eta eurak Plaza Berrian zuten inprimategia pasa zioten Fournierri. "Horrela hasi zen bere lanbidearekin Gasteizen. Hasieran ez zuen kartarik egiten. Gero, hortik bi edo hiru urtetara, ez dakigu zehazki zenbatera, kartak ekoizten hasi zen", adierazi du Martinek.
Karta horiek segur aski anaia zaharrenek egindakoen oso antzekoak ziren. "Baina berehala pentsatu zuen diseinu propioa beharko zuela, bereizteko", dio Martinek. 1875. urte inguruan hiriko Marrazketa Eskolara jo zuen, eta Emilio Soubrier irakasleak eta Ignacio Diaz Olano margolariak diseinu berria egin zuten Fournierren kartentzat. 1889an, Augusto Riusek karta sorta hori birdiseinatu zuen. "Ia-ia gaur egun ezagutzen duguna da", esan du karta museoko teknikariak. Diseinuak 1889ko Parisko Erakusketa Unibertsalean brontzezko domina jaso zuen.
Diseinuan ez ezik, teknikan ere berrikuntzak txertatzeko egin zuen lan Fournier hasieratik. "Zenbait idazki eta koadernotan jasotzen da saiatzen dela hobekuntzak txertatzen inprimatzeko teknikan eta kartak ekoizteko erabili behar ziren paperetan, eta gogoz zegoela kalitatezko produktuak egiteko", kontatu du Martinek. Paper zuriagoa lortzeko pastari bota beharreko osagaiak, paperaren pisua, tinta garbiagoak lortu eta gehiago irauteko egin beharreko nahasketak... Horiei buruz aritzen zen ekoizle batzuekin eta besteekin.
Naiperak hasieratik
Hobekuntza horiei guztiei heltzeko, aurretik esperimentuak egin zituen Fournierrek Plaza Berriko tailerrean. Solairu desberdinak aprobetxatuz, behean denda mantendu zuen, eta goikoetan etxebizitza izateaz gain, kartak lehortzen, inprimatzen... aritzen zen. Bestela esanda, tailerra bertikalki antolatua zuen. "Segur aski fabrikan hasiko zen lehen emakumea Nieves Partearroyo Fournierren andrea izango zen. Bera tailerrean zegoenean esperimentuak egiten litografiarekin kartak ekoizteko, emaztea dendan aritzen zen", azaldu du Martinek.
Kartak egiten hasi ahala, baina, salmentek gora egin zuten, eta tailer handiago batera lekualdatu zen, San Prudentzio kalean. Pixkanaka geroz eta langile gehiago kontratatzen joan zen lantegirako, gizon zein emakumeak. Izan ere, Partearroyoz gain, emakumeak hasiera-hasieratik aritu ziren Fournierren lanean, XIX. mende bukaeratik.
Gizonen esku izan ohi ziren makinekin inprimatzeko lan guztiak. "Lanbide osagarriak" deritzonak, aldiz, emakumeek egiten zituzten: bernizak eman; kartak moztu, eta banan-banan errepasatu, zenbatu eta akatsak ikusteko; karta sortak paketeetan sartu, eta abar. "Esku arinak zituztelako edo gutxiago ordaintzen zietelako kontratatuko zituzten. Garai horretan oso arrunta zen, besteak beste tabakoa egiteko, zakuak egiteko... Halako lanetan hainbat emakume ari ziren. Eta Gasteizko jendeari galdetzen badiozu, ez bada bere ama, bere izeba, bere amona edo bere auzokoak egin dute lan Fournierren", adierazi du museoko teknikariak. 1925an Espainiako Errege Akademiak naipera terminoa —baita naipero ere— onartu zuen lanbidea izendatzeko. 2022ko martxotik, plaza propioa ere dute Gasteizen, Iradier Arena plaza izandakoa, Naiperen plazan baita geroztik.
Arrakastatik monopoliora
Fournier geroz eta arrakasta handiagoa lortuz joan zen. "Ez zituen soilik karta sorta solteak saltzen familia artean jokatzeko; enkargu handiagoak ere bazituen, Kursaal kasinorako edo Madrilgo kasinoetarako", kontatu du Martinek. San Prudentzio kaleko lantegia ere txiki geratu zitzaion. Manuel Iradier kalean beste lantegi bat egin zuen 1887an, 1948ra arte funtzionatuko zuena.
Era berean, arrakastak ekoizpenean zentratzera eraman zuen. Bide naturala izan zen: hasiera batean denda eta tailerra toki berean zeuden; ondoren denda eta lantegia banatu behar izan zituen; eta azkenean denda fisikoa itxi eta ordezkari bitartez saltzeko bidea hartu zuen.
Manuel Iradier kalekoa izan zen Fournierrek ezagutu zuen enpresako azken lantegia. 1916an zendu zen, Vichyn (Frantzian), eta haren biloba Félix Alfarok hartu zuen oinordekotza. Alfarok bultzada izugarria eman zion aitonak hasitakoari: "Espainia mailan ia-ia monopolioa lortzera heldu zen; beste fabrika batzuk erosi, eta azkenean fabrikatzaile bakar gisa geratu zen", azpimarratu du museoko teknikariak. Nazioarteko hedapena ere hark hasi zuen.
Fournier hil ondoren, enpresak oraindik beste bi egoitza izan ditu: San Kristobalgo fabrika (1948-1993), Gasteizen izan zen azkena, eta Legutioko Goiain industrialdekoa, egungoa. Bestalde, nazioartean geroz eta garrantzia handiagoa hartu ahala, enpresa hazten joan da. 1986an, USPCC The United States Playing Card Company enpresarekin elkartu zen, eta 2020an Cartamundi Belgikako multinazionalak erosi zituen biak. Egun, Espainiako karta sortaz gain, pokerrean eta blackjackean aritzeko kartak, eta tarotekoak ere egiten dituzte