
Pandemiarei aurre egiteko neurriak malgutu ahala aldez aurreko jarduerak bueltan dira. Maitzaren 5ean, Gasteizen egingo den Empleo Gune Foroaren hamabigarren edizioak ere formatu presentziala berreskuratuko du. Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta EHUko Arabako campusak antolatu dute.
Empleo Gune inguruko enpresetako giza baliabideetako profesionalen, enplegua sortzen duten erakunde publikoetako, enplegua modu aktiboan bilatzen ari diren pertsonen, ikasleen eta lan eta gizarte arloetan lan egiten duten profesionalen arteko topagunea da eta 50 enpresa eta erakunde laguntzaile baino gehiago biltzea espero da.
Cristina González bigarren diputatu nagusiordeak eta Enplegu Sustapenerako diputatuak azokaren aurkezpenean nabarmendu duenez, “topaketa hau oso garrantzitsua da; izan ere, funtsezko une hauetan lan-aukerak eta sektore ugariren etorkizuneko erronkak aztertzeko ez ezik, eskaera gehien jasotzen dituzten profilak zein diren detektatzeko ere baliagarria izango da. Hitz gutxitan esanda, profesionalentzat, ikasleentzat eta tituludunentzat aukerak topatzeko tokia izango da”.
Aurkezpenean Gasteizko alkateorde eta Ekonomia Sustapeneko zinegotziak, Maider Etxebarriak, ere parte hartu du eta nabarmendu duenez, “Empleo Gune Foroaren hamabigarren edizio hau indarrez itzuliko da pandemia dela eta iaz modu birtualean antolatu behar izan ondoren. Profesionalekin eta tailerrekin egindako tutoretza pertsonalak ere jasotzen dituen egitarau zabalak interakzioak ugarituko dituela eta partaideei lana topatzen lagunduko diela espero dugu”.