Abian jarri du berriz ere Gipuzkoako Bazkundeak enpresetako langile zein zuzendariak trebatzeko prestakuntza eskaintza. Orotara, 120 ikastaro baino gehiago eskaintzen dira, presentzial zein ez-presentzial. Hamabost espezializazio arlotan sailkatzen dira ikastaldiak: administrazio-kontseiluak, giza baliabideak, zuzendaritza-trebetasunak, enpresa osasungarria, berdintasuna, erdi-mailako agintariak, administrazio-kudeaketa, berrikuntza, komertziala eta marketina, erosketak eta logistika, ekonomiko-finantzarioa, nazioarteko merkataritza, fiskal laborala, digitalizazioa eta hizkuntzak.
Datorren lauhilekoko berrikuntzetako bat Enpresa Aholkularitzako Masterra da. Gipuzkoako Bazkundeak eskainiko duen masterrak, Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, enpresei eragiten dieten elementu fiskal, laboral eta juridikoen ikuspegi integrala izango ditu hizpide.
Aurrez aurreko ikastaro eskaintzan soft skills (trebetasun bigunak) eta digitalizazioa garatzera bideratutako arloa gailentzen da, baita birziklatze profesionalera bideratutako hainbat prestakuntza ekintza ere. Azken horiek, Europako Gizarte Funtsak (EGIF) finantzatuta egongo dira, Incyde Fundazioarekin lankidetzan, eta doakoak izango dira parte-hartzaileentzat.
Langabezian dauden pertsonentzako ikastaldi eskaintza ere berritu da. 30 urte baino gutxiago duten profesionalen kasuan, eskaintza espezializatua izango dute haien profila Gipuzkoako enpresen beharretara moldatzeko. 45 urte baino gehiago dituzten langabeen kasuan, ordea, eskaintza pertsonalizatuagoa emango da haien aurre esperientzia eta ezagutzaren araberakoa, eguneratze ikastaro presentzialen bitartez.