Gipuzkoako enpresek egonkortasuna espero dute datozen hilabeteetara begira

Koiuntura ekonomikoak berdin jarraituko duela uste du enpresen %57 eta hobera egingo duela dio %21ek, bi kasuetan zifrek hobera eginez. Hala ere, oraindik %22k uste du okerrera egingo duela

Iñigo Muguruza Marketing eta Berrikuntza arloko arduraduna eta Javier Zubia Gipuzkoako Bazkundeko zuzendari nagusia| Argazkia: Gipuzkoako Bazkundea Iñigo Muguruza Marketing eta Berrikuntza arloko arduraduna eta Javier Zubia Gipuzkoako Bazkundeko zuzendari nagusia| Argazkia: Gipuzkoako Bazkundea

Gipuzkoako enpresen salmentak egonkortu egin dira eta sektore batzuetan suspertzea espero da. Hala erakusten du Gipuzkoako Bazkundeak aurkeztu berri duen 2024ko lehen seihilekoko enpresa-perspektibari buruzko txostenak. Izan ere, %16an kokatu da salmentek behera egingo dutela uste dutenen kopurua aurreko inkestatik 13 puntu jaitsita —%29an kokatzen zen—. Aldiz, %37ren ustez —zortzi puntu igo da aurreko inkestatik— hazi egingo dira, eta %47k —%5ek gehiagok— egonkortasuna espero du.

Ikuspegi orokorra hori izanik ere, aldeak ikus daitezke zifrak sektoreka aztertuz gero. Aldaketa handiena Eraikuntzan sumatu da: %69k adierazi du salmentek gora egingo dutela, azkeneko inkestan soilik %31k aukera hori aurreikusten bazuen ere. Hala ere, Merkataritza sektorean ere baikorrak dira salmentekin, seguru asko udako eta Gabonetako kanpainak tarteko: bikoiztu egin da hazkundea espero duten erakunde kopurua —%14tik %28ra—, eta egonkor mantenduko dela diotenak ere %6 egin dute gora.

Gauza beretsua gertatu da Zerbitzuetan: %29tik %40ra igaro da salmentak haztea espero duten enpresa kopurua, batez ere %19tik %10era jaitsi delako beherakada espero dutenena.

Aitzitik, Industriak izan du bilakaera desberdinena. Egonkortasuna espero dutenen kopurua hazi egin da %50eraino —aurrekoan %36 ziren—, batez ere behera egin dutelako ikuspegi ezkorragoa zuten enpresen kasuek —%24tik %14ra—. Baina baikortasuna ez da besteetan bezainbeste hazi.

Esportazioek, hobera, eta enplegua egonkor

Esportazioetan ere ikus daitezke aldaketak. Izan ere, urte hasieran %24k adierazi du beheranzko joera eduki izana. Aldiz, bi arrazoi nagusi dira aldaketa hori azaltzen dutenak: batetik, gora egin duela Industrian esportazioak mantenduko dituztela uste dutenen enpresa kopuruak —%49raino—, eta %24tik %17ra behera egin dutelako beherakada aurreikusten dutenak.

Aipatzeko beste sektorea da zerbitzuena. Esportazio-aurreikuspenek hobera egin dute, baina lurraldeko esportazioetan pisu txikiagoa dutela aipatu behar da.

Enpleguari dagokionez, egonkortasuna izango da datozen hilabeteetan enpresa gipuzkoarretan protagonista. %70ek adierazi dute enplegua egonkor mantenduko dutela. Hala ere %21ek langile kopurua handitzeko planak ditu, eta soilik %9k uste du gutxiagotu egingo dituela.

Inbertsioak bere horretan

Inbertsioei ere eutsiko die enpresen %60k eta %27k hazkundea espero du. Bestela esanda, joera ez da apenas aldatu urte hasierako inkestarekin alderatuta. Sektore bakoitzera joanda, baina, hemen ere aldeak dira. Hobekuntza gehiena Erainkuntzan aurreikusten dute, eta Industrian egonkortasuna espero dute nagusiki. Merkataritza eta Zerbitzuetan, baina, inbertsioak bere horretan mantendu edo jaitsiko dituztela dioten enpresak dira nagusi.

Zifren hobekuntzak zerikusia du, bestalde, ekonomia koiunturarekiko duten itxaropenarekin. Izan ere, %57en ustez bere horretan mantenduko da ekonomia eta %21k suspertzea espero du. %22k ere oraindik okerrera joan daitekeela uste badu ere, datua aurreko inkestan baino hobea da, %37an kokatzen baitzen. "Ekitaldi honetarako aurreikuspen ekonomikoak hobetuz doaz urteak aurrera egin ahala; hala ere, kanpoko merkatuen seinaleek zuhur jokatzen laguntzen digute. Iragarritako interes-tasen jaitsierak eta inflazioaren kontrola sendotuz gero, ekonomiaren hobekuntza sendotu eta errealitate bihurtuko dela pentsa dezakegu", ohartarazi dute Bazkundetik.

Jardueran eragingo duten aldagaien artean aipatuena dira lan-kostuak, %74k nabarmentzen baitituzte. Kezka nagusia da, bereziki, Industrian eta Zerbitzuetan, %72k eta %76k azpimarratu baitute, hurrenez hurren. Merkataritzan, ordea, errentagarritasun marjinak nabarmentzen dira kezka nagusi gisa —%79k mahaigaineratu dute—, eta Eraikuntzako enpresen %92k langile kualifikatuen falta hartzen du arazo garrantzitsutzat.  

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK