
Azken urteetan Ikerlaneko merkatu arduradun gisa aritu da Gorka Artola Beobide, harik eta Innkia start-upa gidatzeko arduradun izendatu duten arte. Ikerlanek, Laboral Kutxak eta Mondragonek bultzatutako enpresa berria da Innkia, zeinak helburu izango duen adimen artifizialaren soluzio berritzaileak garatzea, gerora teknologia hori enpresetan txertatzeko. Adimen artifizialaren lasterketan lekukoa hartzeko testuinguru aproposean daudela iritzi dio Artolak. Oraingoz bera da Innkia, baina urte amaierarako bost langile izatea aurreikusi du.
Zergatik sortu duzue Innkia?
Innkia aukera bat aprobetxatzeko sortu da, eta gure egiteko moduen abantailak ere aprobetxatzeko. Olandixoko inguru honetan Ikerlan, Laboral Kutxa eta Mondragon korporazioa gaude, eta mundu mailako adimen artifizialaren iraultza handia ikusita, sentitu dugu badugula nolabaiteko gaitasuna gure ezberdintasuna adimen artifizialari eskaintzeko, eta ondo posizionatuta gaudela hori egiteko. Adimen artifizialaren iraultza aprobetxatuz, gure ezaugarriak txertatuz, iraultza honetan zerbait ezberdina, berria, gure erak islatzen dituena eta azkenean gure inguruko gizarteari onura handiagoa egingo diona landu nahi dugu.
Ikerlan teknologia hornitzaile bat da. Adimen artifizialean lanean ari gara 1970eko hamarkadatik eta teknologian gaitasun handiak ditugu. Aldi berean, Laboral Kutxa gure inguruko eragile potente bat da, eta sektore finantzarioan dabil, zeinak aplikazio kasu asko dauzkan adimen artifizialarekin lotuta. Teknologia eta beharra dauzkagu. Hirugarren partaidea Mondragon da. Nolabaiteko aterkia da guretzat, garatzen dugun guztia Mondragoneko enpresa guztiei zabaldu diezaiekegulako. Pentsatzen dugu hiruen artean koktel indartsu bat sortzeko gaitasuna badugula.
Sei milioi eurokoa inbertsioa egingo da urtero datozen lau urteotan. Nondik dator inbertsio hori?
Gure bazkideek egingo dute inbertsioa. Ikerlanek, Laboral Kutxak eta Mondragon Inversiones-ek. Eusko Jaurlaritzak ere momenturen batean inbertitu lezake, hori definitu gabe dago, baina aukera bat da, eta hor ikusi behar dugu zenbat den kapitala jartzea eta zenbat beste tresna finantzarioak erabiltzea, zorra adibidez. Horretarako oso bazkide ona dugu: Laboral Kutxak asko lagunduko digu erabakitzen zein den mixik onena, kapitala eta zorra edo beste instrumentu finantzarioak erabiltzea.
Asmoa da adimen artifiziala garatzea gerora hori hemengo enpresei transferitzeko?
Adimen artifizialaren iraultzak, beste iraultza guztiak bezala, aukerak eta arriskuak dauzka. Innkiaren bitartez, gure inguruko enpresek arriskuak ekiditea nahi dugu eta onurak lortzeko modurik onena izatea. Gure inguruko enpresek gertuko hornitzaile bat edukitzea lagungarria izango dela uste dugu, AEBtara joan ordez. Aurreneko helburua da gure inguruko enpresei abantailak eskaintzea ahal den arrisku gutxienekin, eta, jakina, horrek ondo funtzionatzen badu, kanpora ere joango gara. Kooperatiba bilakatu nahi dugu hemendik urte batzuetara, gure inguru zuzenaren edo erreferentzia den gizartearen onura zuzena lortu nahi dugu.
"Olandixoko inguru honetan Ikerlan, Laboral Kutxa eta Mondragon korporazioa gaude, eta mundu mailako adimen artifizialaren iraultza ikusita, sentitu dugu badugula nolabaiteko gaitasuna gure ezberdintasuna eskaintzeko"
Aurkezpenean esan zenuten start-up aitzindaria izango dela Innkia. Zergatik izango da aitzindaria?
Aitzindaria gauza askotan izango da. Mondragon taldearen barnean Innkia bada nolabaiteko berrikuntza ekartzeko modu bat. Adimen artifizialari zuzendutako aurreneko enpresa izango da Mondragon korporazioan. Orain dela urte batzuk Ikerlanen sortu den Orbik enpresa ere aipatu behar dut, aurreneko start-up teknologikoa izan da SL-tik S coop-era bidea egin duena, eta Inkkiarekin bide hori egonkortu nahi dugu.
Produktuak berak ere dira nahiko aitzindariak. Adimen artifiziala pertsonei edo erakundeei zuzendutako gaitasuna da, gizakioi gure kabuz edo orain arte daukagun tresnen bitartez nolabaiteko potentzia eta abiadura askoz handiagoarekin mugitzeko aukera ematen digu. Gure produktuak izango dira aitzindari bere inguruan elkartzen baititugu adimen artifizialaren potentzia eta abiadura hori guztia, azken 50 urteetan hemen sortu dugun ezagutza diferentzialarekin. Lantzen ari garen produktuak merkatuan ez daudela ikusten dugu eta horretan ere aitzindari izango garela sentitzen dugu.
Bi negozio lerro garatuko dituzue: softwarearen garapena eta enpresen barne-prozesuak optimizatzeko produktu eta zerbitzuak.
Softwarea idazteko prozesuak ezagutzen ditugu. Espezifikazio bat diseinatzen da, helburu bat definitu eta softwarea garatzen da. Tira, ez da hain sinplea. Horrekin lortzen duzu software bat, baina software hori balioztatuta dago? Funtzionatuko du edozein kasutan? Erroreak sortuko dira? Hor mila galdera daude. Software batetik software fidagarri bat izatera bide luzea dago. Bidea garestia da, denbora asko behar da, ezagutza handia, eta ez da soilik nola diseinatzen den softwarea baizik eta nola probatzen den eta nola ekiditen diren balioeste prozesu horretan identifikatutako akats guztiak. Oso prozesu konplexua da, ezagutza oso sakona behar da, eta ezagutza hori ez dago toki askotan. Baina, hemen, ezagutza hori azkenengo 50 urtetan, adibidez, Ikerlanen eta Mondragon korporazioko beste hainbat enpresetan barneratuta dago.
Adimen artifizialari softwarea modu egokian egiten erakutsi behar diogu. ChatGPT edo tankerako modelo horietako bati esaten bazaio software jakin bat egiteko, idatziko dizu, baina igogailuen kontrola maneiatzeko ez da modurik onena izango. Guk gure gaitasuna eta ezagutzarekin lortuko dugu urteak eta inbertsio izugarria behar duten prozesuak oso esanguratsuki murriztea, eta horrek produktu berriak garatzeko gaitasuna emango digu. Askoz lehiakorragoak eta berritzaileagoak izango gara.
Mundu mailan adimen artifizialaren gainean dagoen lehia ikusita, zergatik uste duzu dela garrantzitsua halako start-upa Euskal Herrian sortzea?
Etorkizuna delako. Guk ez badugu egiten norbaitek egingo du. Ez baldin badugu egiten lehiakideek gu baino gaitasun askoz handiagoa edukiko dute. Euskal Herriak momentu honetan aukera aparta du mundu mailako erreferente bilakatzeko guk soilik ditugun ezagutza arlo singular horietan. Mugitu beharra dugu, bestela aukera galduko dugu eta atzean geratuko gara.
"Euskal Herriak momentu honetan aukera aparta du mundu mailako erreferente bilakatzeko guk soilik ditugun ezagutza arlo singular horietan. Mugitu beharra dugu, bestela aukera galduko dugu eta atzean geratuko gara"
Nola esango zenuke dagoela Euskal Herria adimen artifizialaren lasterketa horretan?
Euskal Herria nahiko ondo dago. Ikerlan, adibidez, pasa den mendeko 1970eko hamarkadaz geroztik lanean ari da, eta unibertsitateak eta beste zentro teknologikoak ere ari dira. Gaitasuna eta ezagutza badaukagu, baita industria indartsu eta diferentziala ere. Lehiakorrak bagara, baina adimen artifizialak ez du nahikoa potentzia izan hemen dugu nahasketa horretatik zerbait berria eta erabilgarria sortzeko.
Oso ondo posizionatuta gaude, baina ez daukagu momentu honetan gaitasunik ChatGPT bat sortzeko. Oinarrizko modelo horiek zerotik garatzeko garaian abantaila dute AEBk eta Txinak, baina ez Euskal Herriarekiko bakarrik, Europa osoarekiko ere bai. Berrikuntza ikaragarria da eta pixkanaka Europa eta Euskal Herria ere joango dira berdintzen. Komodizatu egingo dira modelo handi eta potente horiek, eta ezberdintasuna erabileran egongo da.
2030erako 50 langile izatea eta 10 milioi euroko fakturazioa lortzea da Innkiaren helburua. Oraintxe bertan zenbat langileekin hasi zarete?
Oraingoz bat, baina badugu hazteko plana. Aurreneko urte honetan bost lagun izango garelakoan gaude. Produktua garatzen hasiko gara eta aurreneko salmentak datorren urtean egingo ditugu. Merkatuan jada bagaude. Gure bazkide bat Laboral Kutxa da eta aurreneko bezeroa izango da. Beraiek jarriko dizkigute erronka zehatzak eta beraiekin probatuko ditugu lehenengo produktuak 2025ean zehar.
Kooperatiba bilakatzea da helburua. Noizko aurreikusten duzue hori lortzea?
Hurrengo bi urteetan nahikoa garatu izana espero dugu Innkiaren kooperatibizazio prozesua hasteko. Gure aurreikuspenetan 2026aren hasieran eta 2027aren aurreneko seihileko horretan jada nahiko heldutasun edukiko du proiektuak, kooperatibizazio prozesua planteatzeko eta aurrera eramateko.