
Guardian enpresa multinazionalak Laudion duen lantegiko langileen ordezkariei jakinarazi die fabrika itxi egingo dutela, 171 langile kaleratuta. Antza, uztailean etengo dute jarduera behin betiko.
Zuzendaritzak atzo bilera egin zuen, eta gaur eman dio erabakiaren berri enpresa batzordeari. Adierazitakoaren arabera, lan zama txikiaren ondorioz itxiko dute lantegia, baina sindikatuen ustez aitzakia besterik ez da.
Enpresa XX. mende hasieran jaio zen, Villosa izenpean, eta 1.500 langile izatera iritsi zen, Aiaraldeko enpresa traktore izanik. 1984 eta 1986 urte bitartean, Guardian enpresak erosi zuen Laudioko fabrika. 2016tik Guardianen kapital osoa Koch Industries estatubatuarrarena da.
Laudioko enpresak 2010ean 850 langile bazituen, zifra hori 434 lagunekoa zen 2020an, horietatik 255 Glavistaren parte zirelarik, alegia, autogintzako ekoizpen lerrokoak. Azken hori Partner Capitali saldu zion Guardianek, eta lantegi hori ere itxi zuten jabe berriek, 255 langileren kaleratzea ekarri zuena. Sindikatuek salatu dutenez, salmenta iruzurra izan zen, Guardianek 225 kaleratze ez ordaintzeko. Prozesua egun epaitegietan dago.