Guardian Glassek berretsi du bihar itzaliko duela Laudioko lantegiko labea

Gaur elkartuko da multinazionalaren zuzendaritza Eusko Jaurlaritzarekin. ELAk salatu du labea itzaltzeko presa duela Guardianek, lan gatazka hastea eragozteko asmoz

Guardian Glass-en lantegia Laudion | Argazkia: Europa Press Guardian Glass-en lantegia Laudion | Argazkia: Europa Press

Guardian Glasseko zuzendaritzak Laudioko lantegiko labea bihar itzaliko duela berretsi du. Ohar bidez azaldu dute segurtasun arrazoiak direla eta ahalik eta azkarren itzali nahi dutela labea, bero mantenduz gero, fabrikaren egituran kalte handia eragin baitaiteke, langileak arriskuan jarriz.

Gaur da biltzekoa multinazionalaren zuzendaritza Eusko Jaurlaritzarekin, baina ez dirudi erabakian atzera egingo duenik. Oharrean adierazi dute ulertzen dutela Jaurlaritza eta inplikatuta dauden gainerako erakundeen kezka, baina labea egoera txarrean dagoela diote eta "hozte prozesua kontrolatuta" eta "segurtasun eta prebentzio protokolo zorrotzekin" egingo dela ziurtatu dute.

Labea hozteko prozesuaren inguruko informazioa helarazi diote Osalani eta Lan Ikuskaritzari. Berez, otsailaren 3 ziren labea itzaltzekoak, baina azkenean erabakia aldatu eta data aurreratu dute.

ELAk auzitara jo zuen atzo, labearen itzaltzea oztopatu asmoz, baina EAEko Auzitegi Nagusiak ez du onartu sindikatuaren eskaera.

Sindikatuak argitu du labea itzaliz gero, fabrika behin betiko itxiko litzatekeela. Iker Olazabal sindikatuko ordezkariak salatu du Guardian Glassek labea itzali nahi duela barneko aldea garbitu gabe, eta horrek materiala gogortu eta labeari kalte larriak eragingo lizkiokela. Gehitu du multinazionalak labea itzaltzeko presa duela, lan gatazka hastea eragozteko helburuarekin.

Era berean, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak ere labea ez itzaltzea eskatu dio multinazional estatubatuarrari, horrek “enpresa jarduera etetea” eragin baitezake. Erabakia atzeratzea eskatu du Gonzalezek, eta uste du beharrezkoa dela gaiaren gaineko “azterketa tekniko independente bat” egitea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK