Guardianek gaur itzaliko du labea, langileak protestan diren bitartean

Enpresa batzordeak salatu du Jaurlaritzaren adosturiko baldintzak bete gabe itzaliko dutela labea. Goizeko 6:00etatik elkarretaratzea egin dute langileek fabrika kanpoaldean

Argazkia: Europa Press Argazkia: Europa Press

Guardian Glassek gaur itzaliko du Laudion duen lantegiko labea. Multinazionaleko zuzendaritzak eman du itzaltzeko agindua, eta goizeko 8:00tan hasi dute prozesua. Eusko Jaurlaritzarekin bildu zen atzo enpresaren zuzendaritza, itxieraren nondik norakoak negoziatzeko asmoz. Lantegiko enpresako batzordeak salatu du, ordea, labearen itzaltzea Jaurlaritzarekin adosturiko baldintzak bete gabe burutzen ari dela.

Atzoko bileran adostu zuten Jaurlaritzako teknikari eta Osalaneko ikuskatzaileak izango zirela labearen itzaltze prozesuan, baina langile batzordeak gaur goizean jakinarazi du ez dagoela plantan Jaurlaritzaren ordezkaririk. Gerora, Jaurlaritzak baieztatu du Industria Saileko eta Osalaneko teknikariak fabrika barruan direla.

Informazio gehiago Guardian enpresak itxi egingo du Laudion duen lantegia

Mikel Torres industria sailburua bildu zen atzo Guardianeko zuzendaritzarekin, eta labea “modu kontrolatuan” itzaliko zutela argitu zuten. Segurtasun baldintza zorrotzak ezarriko zirela ziurtatu zuten, eta etorkizunean labea berriro martxan jartzeko moduan itzaltzea adostu.

Halaber, Ainize Gastaka Laudioko alkateak nabarmendu du labearen itzaltze kontrolatua eginez gero, azpiegitura kaltetu gabe, lantegia berriz irekitzeko interesa duen inbertitzaileren bat egon daitekeela.

Enpresa batzordeak deituta, 200 bat pertsona lantegiaren kanpoaldean batu dira protesta egiteko goizeko 6:00tan. Azaldu dute goizeko 4:00etatik Laudioko plantakoak ez diren hainbat langile sartu direla lantegira. Langileez gain, beste 300 bat lagun elkartu dira fabrika inguruan, eta goizeko 10:00ak arte izango dira protestan.

Informazio gehiago
Guardian Glassek berretsi du bihar itzaliko duela Laudioko lantegiko labea
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK