
Guardian Glass multinazionalak Laudion duen lantegiko langileek ostegunetik aurrera greba mugagabeari ekitea erabaki dute. Pasa den astean zuzendaritzak fabrikaren itxiera iragarri zuen, eta langileak grebara deitu zituzten. 171 langile ari dira lanean bertan.
Enpresa batzordeak (ELAk zazpi ordezkari eta LABek bi ditu) bi bilera egingo ditu gaur. Lehena goizeko 10etan egin dute eta goizeko txandako beharginek aho batez erabaki dute grebara joatea. Arratsaldeko txandako langileek 15tan zuten bilera eta ikusteke dago zer erabaki hartuko duten.
Hasiera batean otsailaren 3an itzali behar zuten lantegiko labea, baina zuzendaritzak urtarrilaren 29ra aurreratzea erabaki zuen. Enpresa batzordeak elkarretaratzea deitu du asteazkenean Laudioko lantegian, labea itzaltzeko lanak oztopatzeko asmoz. ELAk ere auzitara jo du, helegitea jarriz EAEko Justizia Auzitegian, labea itzaltzea eragotzi nahian. Izan ere, labea itzaltzeak lantegia behin betiko ixtera eramango luke.
Eusko Jaurlaritza bihar bilduko da multinazionalaren zuzendaritzarekin. Industria sailak eskatu dio Guardian Glassi labea itxi beharrean, beste aukera batzuk aztertzeko, eta "harridura eta ezinegona" adierazi du. Dena den, multinazionalak jakinarazi die sindikatuei lantegia ixtearen erabakiak ez duela atzera bueltarik.
Hori gutxi balitz, enpresa batzordeak ohartarazi du labea itzaliz gero, eraikina kolapsatzeko arriskua egon daitekeela. Protokoloaren gaineko kezka azaldu dute LAB eta ELAk, labea “modu jakin batean” itzali behar baita.