Gureak Marketingek Gureak Datapost izena hartuko du

Desgaitasunak dituzten pertsonentzako lan aukerak sustatzen jarraituko dutela adierazi du Asier Vitoria zuzendari nagusiak

Argazkia: Gureak Argazkia: Gureak

Gureak taldeko marketin departamentuak, Gureak Datapost izena hartu berri du. Alde batetik, izena aldatu da eskaintzen den zerbitzua hobe islatzen duelako, eta bestetik, merkatuan posizionamendua hobetzeko. “Data” (datuak) eta “post” (ondorengoak) hitzetatik sortzen da “Datapost”.

Gureak Datapost departamentuaren lan nagusia datuen, informazioaren eta komunikazioen kudeaketan datza: datuak eta informazioa ulertzea eta maila guztietarako ulergarri egitea, bezeroei arreta zerbitzuak eta backofficeak eskaintzea, beharrezko euskarriak inprimatzea eta zabaltzea, etab. 80. hamarkadan sortu zen departamentua, Gupost izena zuelarik, eta garai hartan, posta bidezko komunikazioa zen jardueraren oinarri nagusia. Urteak pasa ahala, marketinean eta komunikazio digitalean sakontzen joan da departamentua.

Azken urteetako eraldaketa digitalak eta adimen artifizialaren garapenak eragin zuzena izan du Gureak Dataposteko jardueran. Gaizka Iriarte departamentuko zuzendariak adierazi du pixkanakako bilakaera egon dela merkatuan, eta ondorioz, haien departamentuan. “Gaur egiten dugunak ez du zerikusirik duela hamar urte egiten genuenarekin, eta Datapost izenak gaur egun garena hobe islatzen duela uste dugu”, gehitu du Gaizkak. Bestalde, Asier Vitoria Gureakeko zuzendari nagusiak, argi utzi du izen aldaketak ez duela departamentuaren helburua ez norabidea aldatuko, eta desgaitasunak dituzten pertsonen lan aukerak sustatzen jarraituko dutela.

Gaur egun, Gurea Datapostek martxan ditu proiektuak Osakidetza, Eusko Jaurlaritza, Bartzelonako San Joan de Deu ospitalea edota Justizia Ministerioarekin. Iriarteren hitzetan, justizia edo osasun sektoreak, esaterako, “inbertsio handia egiten dute” haien datuen fidagarritasuna eta eskuragarritasuna hobetzeko, eta horretan jarduten dute sarri Gureak Datapostekoek.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK