Hego Euskal Herrian nabarmen egin du gora uztailean sortu den enpresa kopuruak. Zehazki, 346 enpresa berri eratu dira. INEk emandako datuen arabera, iazko epe berarekin alderatuta, Nafarroan %64,3 hazi da enpresa sorrera kopurua, EAEn, berriz, %13,1.
346 enpresa horiek sortzeko denera 15,68 milioi euro erabili dira. Erkidegoka, 14,35 milioi EAEn, iazko uztailean baino %7,03 gutxiago. Nafarroan, aldiz, 1,33 milioi euro erabili dira. Iazko hilabete berean baino enpresa gehiago sortu badira ere, horiek sortzeko kapitala askoz txikiagoa izan da aurtengo uztailean, iaz 4,28 milioi euro erabili baitzituzten.
Espainiako Estatuan denera %17 handitu da enpresen sorrera uztailean, 9.704 sozietate berri sortu direlarik. Itxitako enpresa kopurua, berriz, %2,4 murriztu da iazko epe beraren aldean.
Uztailean baino %0,4 enpresa gutxiago EAEn
Bestalde, uztailetik abuztura EAEko enpresa kopurua %0,4 murriztu da. Confebaskek emandako datuak dira. Gizarte Segurantzan izena emanda dauden enpresen kopurua 56.839koa dela zehaztu du patronalak. Uztailean baino 181 enpresa gutxiago daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, “abuztu batean inoiz izandako beherakada txikiena”.
Patronalaren enpresa-ehunaren bilakaerari buruzko azken txostenak erakusten duenez, enpresa kopuruaren bilakaera "ohi baino hobea izan da abuztuan". Sektoreka, jaitsi egin da enpresen kopurua sektore guztietan, eta 2023ko hilabete beraren aldean kopurua murriztu egin da industria eta eraikuntzan, eta hazi zerbitzuetan.