1974an sortu zen HINE, gaur egun osagai eta sistema hidraulikoen hornitzaile den taldea. Soluzio hidraulikoak garatzen ditu etorkizuneko energia sortzeko, industriaren eta energia berriztagarrien arloetan diharduten nazioarteko enpresentzat. Taldearen 50. urteturrenak aitzakia ederra dirudi bista atzera eraman eta euren bilakaera aztertzeko. Izan ere, lehen urteetan automatismo industrialaren alorrean hasi zen lanean, hidraulika, neumatika eta elektrizitatea-elektronika eremuetan.
Ignacio Arrizabalaga Uriak Itziar Arrizabalaga alabari eta Pello Guibelalde suhiari emandako laguntza ekonomikoaren bidez sortu zen HINE. “1974an aitaginarrebak lehen bultzada eman zigun Itziar emazteari eta niri HINE Automatismo Industrialak sortzeko”, kontatu du Pello Guibelalde enpresaren sortzaileetako batek. Guibelalde 36 urtez izan da HINE taldearen zuzendaria, eta enpresaren hastapenetatik "gogor "egin du lan.
200 metro karratuko nabe batean hasi ziren lanean, Olaberrian (Goierrin, Gipuzkoan). Egun egoitza nagusiak hor egoten jarraitzen du. Taldea sortu orduko pentsaezina zen haientzako izango zuten ibilbidea izango zutenik: “Garai hartan pentsaezina zitzaigun HINEk izandako bilakaera aurreikustea, baina argi dut ideia bat, esfortzuarekin eta ausardiaz defendatzen bada, garaiezina dela”. Guilebalderen hitzetan, garai zalantzagarri eta ezegonkorra zenez, zaila zen pentsatzea enpresa, familia, iragana, oraina eta etorkizuneko proiektu bat bihurtuko zutela.
Familia enpresaren eredua
Lehengo urteetan, fokua sektore industrialean jarri zuten. Lehenik eta behin, hidroelektrikan, siderurgian, eraikuntzan, aeronautikan, tren-industrian, makina-erremintan, papergintzan eta beste hainbat alorretan nabarmentzen ziren enpresen beharrak identifikatu zituzten. Horri esker, ordutik fidelak zaizkien bezeroentzako lanean jarraitzen dute, adibidez, CAF, AMPO, Danobat Taldea, Etxetar taldea, Ibarmia eta Acelorrentzat.
Hasieratik gaurdaino, familia enpresa izaera mantendu dute —Guibelalde eta Arrizabalaga familiena, hain zuzen—, familia enpresek gizarteari aberastasuna eta enplegua sortzen laguntzen diotela uste baitute. Gure lurraldean enpresa guztien % 80 familiarrak dira, eta BPGren % 60 eta enpleguaren % 70 sortzen dute. Enpresa izaera hori izateak abantaila asko ditu euren ustez, "hala nola identitatea, errotzea, gizarte kohesioa… faktore garrantzitsuak krisi gogorrak iristen direnean; bestela esanda, epe luzerako ikuspegia eta proiektu partekatua da".
Hasieratik, familia enpresa izaera mantendu dute —Guibelalde eta Arrizabalaga familiena, hain zuzen—, familia enpresek gizarteari aberastasuna eta enplegua sortzen laguntzen diotela uste baitute
HINEk 700 pertsona baino gehiago ditu euskarri, horietatik 350 inguru Gipuzkoan, eta fakturazioak gero eta handiagoak dira. “Ondo egindako lanaren eta gaur egun HINE taldea osatzen dugun pertsona guztien konpromisoaren ondorio dira”, azaldu du Pellok.
Tamaina irabaztea ere funtsezkoa izan da. Urte batzuk daramatzate 200 milioi euro inguruko fakturazioa izaten, eta 2023an 2022tik (209 milioi euro) % 8ko jaitsiera izan bazuten ere (192,2 milioi euro), errentagarritasuna handiagoa izan zen, “lehiakorrak” izan zirelako. Halaber, aurtengo helburua da 200 milioi euro gainditu eta hazten jarraitzea.
Nazioartekotzeko prozesua
1980ko hamarkadan murgilduta sendotzen hasi zen HINE; izan ere, "marka handiak" haietaz "fidatzen hasi ziren" haien produktuak irudikatzeko eta banatzeko, eta ondorioz, ingeniaritza propioa garatzen hasi ziren.
1990eko hamarkadan, energia berriztagarrien garrantziaz ohartuta, energia mota hori lantzeko lehen pausoak eman zituezte eolikoen sektorearen bitartez. Behin lantegia handituta, enpresa nazioartekotzeko erabakia hartu zuen 2000ko hamarkadaren hasieran.
Nazioartekotzeko prozesu horren ondorioz, hurrengo urteetan AEBetan (2005), Txinan (2006), Erresuma Batuan (2008), Brasilen (2010) eta Indian (2011) planta berriak ireki zituzten; aipatu beharrekoa da azkena 2021ean zabaldu dutela Mexikon. Horrekin guztiarekin batera, HINE Group taldea sortu zen, eta Espainian lehiatzetik nazioarteko merkatura ireki zen. “Enpresa nazioarteko eremura zabaltzea ez da erraza izan, baina ezinbestekoa da geroz eta globalagoak eta zorrotzagoak diren merkatuetan lehiakorra izateko”, adierazi du Lander Guibelalde 2020tik HINE Groupen CEO denak. Izan ere, 2020. urtean enpresaren aldaketak egon ziren; alde batetik, Lander Guibelalde, Pelloren eta Itziarren semea CEOa bihurtu zen, eta beste aldetik, COVID-19aren krisiak enpresaren lan egiteko era aldatzea edo moldatzea suposatu zuen.
Behin lantegia handituta, enpresa nazioartekotzeko erabakia hartu zuen 2000ko hamarkadaren hasieran
Nahiz eta merkatua eta gizartea aldatuz joan diren, HINEren balioak egonkor mantentzen dira: “Azkartasuna, helburuei bideratuta lan egitea, talde-lana, pertsonengan jarritako konfiantza, aldaketei aurre egiteko prest egotea, bezeroen zerbitzura aritzea, eta talde oso baten konpromisoa”, zerrendatu ditu Landerrek.
30 urte sektore eolikoan
HINE taldearentzako berrikuntza ezinbestekoa da, batez ere etengabe aldatzen ari den merkatuan lehiatzeko. Horregatik, fakturazioaren % 2 I+G+b zentrora bideratzen dute; hau da, 2017an Olaberrian martxan jarritako zentro propioa. Bestalde, taldearen beste estrategia elkarlanean jardutea da, bezero eta zentro teknologikoekin taldean soluzio eta erantzun pertsonalizatuak eskaintzeko xedez.
Halaber, 1994an inflexio-puntu bat egon zen, eolikoaren sektorean sartu zenean, Gamesaren eskutik. Horrela, industria sektorerako sistema eta osagai hidraulikoak garatzetik turbina eolikoetarako sistema hidraulikoak garatzera igaro zen. “Gaur egun, hainbat industria sektoretan lanean jarraitzen dugu, hala nola trenbidean, makina erremintan, siderurgian, etab. Baina esan beharrekoa da, egun, sektore eolikoak pisu handia duela guretzat”, esan du Landerrek.
Sektore eolikoan ia 30 urte daramatzate, beraz, eta denbora horretan mundu mailako turbina eolikoen fabrikatzaile handiekin duten harremana sendotu egin dute. Gainera, gaur egun, merkatuaren % 60-70 inguruko sarrera dute, eta horrek aukera ematen die Vestas, Siemens Gamesa edo Nordex Acciona bezalako liderrekin lan egiteko.
Mugarri handiak lortzeko unea
Aurrerapauso garrantzitsuak emateko unean daude. Alde batetik, datozen urteetako plan estrategikoa definitzen ari dira, hausnarketa prozesu baten bidez. Bestetik, eta bezeroei dagokienez, zerbitzuen lehen zentroa ireki dute maiatzean Brasilen. “Une honetan, Polonian ezartzeko aukera ere baloratzen ari gara, offshore merkatuak eta gure bezeroek herrialde horretan duten ezarpenaren garrantziagatik”, kontatu du Landerrek. Horrek HINEren zazpigarren ekoizpen-planta ezartzea ekarriko zuen. Halaber, momentu honetan etorkizuneko salerosketak bermatuko dizkioten hitzarmen handiak lortzeko bidean daude.
Edonola ere, Landerren arabera, beste erronka batzuk ere badituzte: digitalizazioa, enpresa-kultura indartzea eta sustatzea, eta balio-sarea egonkortzea, bezeroei sistema eta soluzio berritzaile eta osoagoak eskaini ahal izateko.
50. urteurren berezia
Aurten HINEk 50 urte betetzen ditu. “Mugarri zirraragarria da guretzat. Familiaren ondarearekin jarraitzea eta urte gehiago betetzen jarraitzea da gure helburua”, onartu du Landerrek. Bezero, hornitzaile, langile, senide eta hurbileko eragileekin ospatzeko hainbat ekitaldi martxan jarri dituzte urte hasieratik. Martxoan eginiko Bilboko Wind Europe Exhibition azkoan izan ziren, eta bezero eta hornitzaileei zuzendutako ekitaldiak antolatu zituzten.
Gaur, ekainak 13, 50 urteko ibilbidea gogora ekartzeko eta etorkizuna irudikatzeko xedez, Euskal Herriko bezero eta hornitzaileei zuzendutako ekitaldia egingo dute Tabakaleran. Bertan gonbidatuen artean izango dira besteak beste, euskal erakundeetako ordezkariak, industria enpresetako ordezkariak, erakunde finantziarioak, unibertsitateko eta lurraldeko zentro teknologikoetako arduradunak. Eta noski, senideak.