Merkatuan gero eta harrera handiagoa du 3D printing edo inprimaketa izeneko teknologiak. Izan ere, ondo erabiltzen ikasten duen enpresak, abantaila konpetitibo asko eskura ditzake euren ekoizpen prozesuetan. Hala dio Mikel Arbeloa Hirudi Sistemas 3D enpresaren sortzaile eta zuzendariak. 2013an, abiatu zuen proiektua. 3D inprimaketaren mundua ezagututa, gaiaren inguruko proiektu bat martxan jartzea merezi zuela pentsatu zuen. Zenbait bazkide, hornitzaile eta partnerren kolaborazioarekin teknologiaren ezagutzan sakontzen hasi zen, eta denda moduko lokal publiko bat ireki zuen Iruñean. Dena den, hasiera bateko formatuarekin asmatua ez zuela aitortu du. “3D inprimagailu eta beste zenbait tresna saltzeko denda ireki genuen. Kontuan hartu, mundu osoan, mota horretako lehenengo denda New Yorken ireki zela sei hilabete lehenago soilik”.
Hasieran, jendea dendara ezjakintasun osoz sartzen zen, eta ez zuten 3D inprimaketa teknologiaren inguruko ezagutzarik. “Proiektuari emandako norabidean hanka sartu genuela konturatu ginen. Arlo hau ezezaguna zen, eta benetako interesa industria munduan zegoela konturatu ginen, ez kalean”, azaldu du Arbeloak.
Mikel Arbeloa: “Balio erantsiaren eskaintzan egin gara indartsuak. Diseinu optimizatua, formazioa, aplikazioen ingeniaritza eta berrikuntza zerbitzuak emateaz arduratzen gara”
Beraz, negozioa industria mundura bideratzea erabaki zuten. Egun, zuzendariaren hitzetan, 3D inprimagailu edota eskanerren gisako ekipoen salmenta, ez da enpresaren negozio lerroan jarduera garrantzitsuena, ezta gutxiago ere. “Balio erantsiaren eskaintzan egin gara indartsuak”, nabarmendu du zuzendariak, “diseinu optimizatua, formazioa, aplikazioen ingeniaritza eta berrikuntza zerbitzuak emateaz arduratzen gara”. Hala, bezeroari laguntza eta aholkularitza eskaintzen diote, beraiek euren ekoizpen prozesuetan 3D teknologiaren ezagutza eta aplikazioa barneratu dezaten. “Industria enpresetan dagoen ezagutza maila oso eskasa denez, erabakiak hartzea zaila da. Guk ezagutza eta informazioa ematen diegu, euren negozio lerroetan 3D teknologiak izan ditzakeen abantailak zein mugak, arriskuak eta finantza kostuak azalduz. Teknologiaren inguruko bezeroen ikasketa kurba murrizten dugu”.
Abantaila ekonomiko eta konpetitiboak
“Teknologia guztiek bezala, fabrikazio gehigarriak abantailak ditu, baina ez dira unibertsalak. Kasu batzuetarako balio du eta beste batzuetarako ez”, azpimarratu du enpresako arduradunak. Finean, horretan datza Hirudi Sistemas 3Dren jarduera, industria sektoreko enpresei, euren prozesuetan 3D teknologiaren aplikazioak eragingo lituzkeen aldaketak azaltzean. “Erabilgarria bada, abantaila ekonomikoak ematen ditu, hala nola, energia aurreztea, lehengaien erosketak gutxitzea, pertsonalizazioa eta ekoizpenaren flexibilitatea, besteak beste”.
Formakuntzaren garrantzia handia da, beraz, Iruñeko enpresaren jardueran. “Enpresa bakoitzean makinetako langileei, bulego teknikoari eta baita enpresako zuzendariei ere formakuntza eskaintzen diegu. Azken finean, azken horiek dira inbertsioa egingo duten edo ez erabakitzen dutenak”, esan du Arbeloak.
Teknologia ororen abantaila ekipamenduan baino teknologia bera menderatzean dagoela ikusarazi nahi dute Hirudi Sistema 3Dn
Horren harira, teknologia ororen abantaila makina edo ekipamenduan baino, teknologia beraren ezagutzan zein menderatzean dagoela ikusarazi nahi dute Hirudin. Horretarako, 3D intelligence izeneko metodologia garatu dute. “Garrantzitsuena teknologia erabiltzen jakitea da, bai enpresaren erabakien aldetik, bai bulego tekniko eta planta-maila aldetik ere”.
Industriaz harago
Industriaz gain, osasungintzan ere bere bidea egiten hasi da 3D ekosistema, horren adibide da eskaiola tradizionala ordezkatzeko garatu berri duten 3D ferula berritzailea. Era berean, energia eta eraikuntza sektorean teknologia barneratzen hasi dela dio Arbeloak. Etxebizitzak zein kaleko azpiegiturak eraikitzeko hormigoia eta beste antzeko materialekin funtzionatzen duten 3D inprimagailuak badaudela azaldu du.
Beste merkatuetan murgiltzeaz aparte, esku artean beste zenbait proiektu ditu nafar enpresak. “Fabrikazio gehigarriaren mugak gainditzea” helburu duen Mugaroa izeneko egitasmoan ari dira lanean buru belarri. “3D inprimaketa prozesuaren abiadura azkartzea eta seriean edo modu jarrai batean fabrikatzea lortu nahi dugu”. Horretarako, jatorri jasangarriagoa duten materialak erabili behar dituztela dio zuzendariak, zelulosa, funtsean. Horrez gain, makinetatik ateratzen diren produktuak “funtzionalitatea handiago” batekin ateratzea nahi dute. Tolosako (Gipuzkoa) Pasaban enpresarekin elkarlanean dihardute spin off moduko start-up honetan.
Mikel Arbeloa: “3D inprimaketa prozesuaren abiadura azkartzea eta seriean edo modu jarrai batean fabrikatzea lortu nahi dugu”
Formakuntza, aholkularitza, diseinua eta ingeniaritza negozio lerroetan ere sakontzen dihardute. “Merkatuan 3D inprimaketaren txertaketa geldotzen duten barrerak gainditu nahi ditugu”, dio Arbeloak. “Ezagutza erraztu eta enpresetan kriterio propioa sortu nahi dugu”.