Izfe, Gipuzkoako zerbitzu informatikoen foru sozietateak lehen hitzarmen kolektiboa sinatu duela jakinarazi du gaur. Elkartearen esanetan, “negoziazio prozesu luze eta neketsu baten ondoren, akordio historiko bat” erdietsi dute enpresa batzordearekin.
Langileen %87k babestu du hitzarmen kolektibo berria. Foru sozietatik azaldu dutenez, “enpresaren eta langileen ordezkarien arteko hilabeteetako elkarrizketaren emaitza izan da, funtzioak eta sailkapen profesionala orekatzeko, lan baldintzak hobetzeko eta inplikatutako alderdi guztientzako arau-esparru argia ezartzeko helburuarekin”.
Soldata baldintzak, gizarte-onurak eta langileen egonkortasuna eta ongizatea bermatzeko neurriak hobetu dituztela azaldu dute. Halaber, deskonexio digitalerako eskubidearen erregulazioa eta ezohiko arrazoiengatik egindako lanetarako araudi berri bat ere adostu dute.
Aitor Olaizolak, Izfeko zuzendari nagusiak, akordioaren garrantzia azpimarratu du: "hitzarmen kolektibo hau Izfeko langile guztiekin dugun konpromisoaren isla da. Sendo sinesten dugu elkarrizketan, funtsezko tresna baita enpresa gisa aurrera egiteko eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren aliatu teknologikoa izaten jarraitzeko Gipuzkoako aurrerapen estrategikoan".