Hogei urteko Lotura

2003ko otsailean sortu zen Lotura kooperatiba. Neurrira egindako web garapena zein askotariko enpresen prozesuak digitalizatzen dituzte

Enpresa baten edozein sail digitalizatzeko ezagutza eta gaitasuna eskaintzen du Loturak | Argazkia: Lotura Enpresa baten edozein sail digitalizatzeko ezagutza eta gaitasuna eskaintzen du Loturak | Argazkia: Lotura

Transformazio digitalaren lehen lerroko lekuko, mende hasieratik hona teknologia berrien zein Interneten aurrerapenen eskutik joan da Loturaren jarduera. Hogei urteotan aldaketa askori aurre egin behar izanda ere, merkatuaren beharretara egokituz, web-garapenari lotutako zerbitzuak eskaini dituzte, eta neurrira egindako web-aplikazio sendo eta eskalagarriak eraikitzen dihardute.

2003an enpresen beharrak ez ziren gaurkoen tankerakoak. Hala esan du Idoia Iradi kooperatibako bazkide eta sortzaileak. Orduan webguneak, irudi korporatiboa edota grafismoa ziren enpresak behar zituzten zerbitzuak; egun, ordea, eraldaketa digitalak beste jarduera batzuk jorratzera bideratu du Donostiako kooperatiba. “Merkatuak bideratu gaitu prozeduren digitalizazioan zentratzera. Enpresetako barne prozeduretan espezializatzen joan gara. Enpresaren know-howa ezagutu, eta hori digitalizatzen dugu. CRMak edota mantenuko softwareak, denak neurrira egindakoak egiten ditugu”.

Idoia Iradi: "Enpresetako barne prozeduretan espezializatzen joan gara. Enpresaren know-howa ezagutu eta hori digitalizatzen dugu"

Bezeroaren proiektu digitala ezagutu, gerora, diseinatu, aldatu edota eraikitzeko da, beraz, Loturak egiten duena. Iradiren arabera, hiru kasuistika mota topatu ohi izan dituzte orain arte: “excelekin funtzionatzen duten enpresak; informatika-sistema bat (ERP) dutenak, baina garapen espezifikoak behar dituztenak euren ERParekin uztartu ahal izateko; eta merkatuan neurria egindako softwarerik aurkitzen ez duten enpresak”. Loturak hiru kasu horietako edozein enpresari prozedurak aztertu, aholkularitza eskaini eta abian jartzen du neurrira egindako web garapen proiektua.

Sektore zein departamentu ororen erraietan

Departamendu komertzialetako (CRM, laguntza-aplikazioak, merkataritza elektronikoa), giza baliabideetako (lan egutegia eta nominak), produkzioko (datu-baseak, mantentze teknikorako plataformak), logistikako (osasun euskarrien kudeaketa) edota komunikazioko (parte hartzeko plataformak, sare sozialak, mailing) prozesuen web-garapena lantzen du Loturak, hau da, enpresa baten edozein sail digitalizatzeko ezagutza eta gaitasuna eskaintzen du.

Loturako taldea | Argazkia: Lotura
Loturako taldea | Argazkia: Lotura

Departamentuez gain, sektore orotako bezeroak dituzte jomugan, nahiz eta gehienak hiru multzotan bereizi daitezkeen: enpresa industrialak, zerbitzu edo hirugarren sektoreko enpresa zein elkarteak, eta ikerketa arloko enpresak, zentro teknologikoak, esaterako. Halaber, noizean behin nazioarteko proiekturen bat atera arren, Euskal Herriko enpresekin egiten dute lan batik bat. Salto, Alyco, Eusko Ikaskuntza edota Euskadiko Arraun Federazioa dira euren bezero, besteak beste. “Aurrez aurre egon gabe ere, aukera asko ditugu urrutiagoko bezeroekin hitz egiteko, eta beraz, ez dugu kanpoko proiekturik baztertzen”, gaineratu du bazkideak.

Proiektu bihurtuko diren proposamenak jasotzea

Web garapenak neurrira egiteak baditu bere abantailak, izan ere, Loturak eskainitako zerbitzuek ez dute inolako lizentziarik behar. Nahi adina erabiltzaile sor ditzakete bezeroek. Ehun langile badira, beste hainbeste erabiltzaile sortuko dira. “Beste software bat izanez gero, lizentziak behar dituzu eta erabiltzaile kopuruaren arabera kuotak ordaintzea derrigorrezkoa da”, nabarmendu du Iradik.

Idoia Iradi: “Zuzen-zuzenean jotzen dugu bezeroarengana. Bitartekaririk gabe, programatzaile edo garatzailearekin harreman zuzena du. Bezeroa eta Lotura talde bat garela erakusten diegu”

Horrez gain, zazpi lankide dituen kooperatiba txikia izateak ere bezeroarekiko gertutasuna ahalbidetzen du, eta sortzailearen iritziz, ezaugarri hori da proiektuaren oinarrizko balioetako bat. “Zuzen-zuzenean jotzen dugu bezeroarengana. Bitartekaririk gabe, programatzaile edo garatzailearekin harreman zuzena du. Bezeroa eta Lotura talde bat garela erakusten diegu”.

Loturaren jardueraren funtsa da proposamenak jasotzea gero proiektu bilakatzekoa, eta hurrengo hogei urteetan baino, egunerokoan pentsatzea nahiago dutela dio Iradik: “soinua egiten jarraitu nahi dugu”. Aitzitik, transformazio digitala aurrera doan heinean, haren eskutik jarraitzea dute helburu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK